Perth, lagun taldea familia bihurtu duena

Naia Arrizabalaga 2026ko urtarrilaren 8a

Uzin, Urteaga, Arzalluz eta Tamayo. (Utzitakoa)

Iaz lau azkoitiar adinkidek –Julen Urteagak, Julen Arzallusek, Mikel Tamayok eta Mikel Uzinek– Australiara joateko hegazkina hartu zuten, urtebete bertan lanean eta bidaiatzen pasatzeko asmoz. Australiako hego mendebaldean kokatzen den Perth hiria izan dute bizileku, eta hasierako helburuari jarraiki, meatzeetan lan egitea lortu dute lau gazteek. Azkotira itzuli dira uda partean, baina Uzinek ezik beste hirurek Perth-era itzultzeko hautua egin dute. Abenduko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau. 

Dean tabernako terrazan batu dira Mikel Uzin (Azkoitia, 2000) eta Mikel Tamayo (Azkoitia, 2000), eta Australiako Perth hiritik iritsi dira Julen Urteagaren (Azkoitia, 2000) eta Julen Arzalluzen (Azkoitia, 2000) Whatsapp bidezko audioak. Tamayori gertukoren bat ere etorri zaio agurtzera, maletak prest baititu beste urtebete pasatzera Australiara joateko. Azken urteetan, gazte askok jo dute atzerrira lanaren eta sorterrian aurkitu ezin dituzten bizi esperientzien bila, eta horren lau adibide dira Uzinena, Tamayorena, Urteagarena eta Arzalluzena. 

Beste zenbait gazteri bezala, Urteagari ere "kuriositatea" piztu zioten Instagram bidez ikusitako Australiako irudiek. "Gimnasioan nengoen eta Arzallusek eta Urteagak esan zidaten Australiara zihoazela. Hurrengo egunean erabaki nuen ni ere abenturara batzea", esan du Tamayok. Erabakiaren berri eman orduko, Uzinek erantzun zion bera ere joan egingo zela, aldaketaren bat egiteko beharra zuelako: "Errutinan aldaketa bat nahi genuen, Azkoitian ezer ez baitzen aldatzen; dena betikoa zen". Asko pentsatu gabe, buru-belarri murgildu ziren esperientziari ekiteko egin beharreko tramiteetan: hau da, IELTS (International English Language Testing System) azterketa edota Work and Holiday bisa lortzen. 

Esperientziaren helburuak argiak ziren: lana egin nahi zuten dirua lortzeko, baina bidaiatu ere bai, eta horrela ekin zioten bideari. Balira (Indonesia) egin zuten aurreneko bidaia, hilabeterako hain zuzen, eta handik Australiara, hango kostaldeko Perth hirira joan ziren. Bost lagun joan ziren Balira, eta Urteagak gogoan du nolakoa izan zen bosgarren kidea agurtu zuten unea: "Xabi Albizurik Azkoitira itzuli behar zuen, eta bagenekien hura agurtuta urtebete iraungo zuen esperientziari ekitear geundela, etxetik oso urrun".

2024ko uztailaren 10ean, goizeko ordu bietan iritsi ziren Perth-en lehen egunetarako hartuta zeukaten ostatura, eta ez dute ahazteko unea hura ere: "Aireportura praka motzekin eta txankletekin iritsi ginen, eta Australian negua zen", esan du Urteagak. Ez zeukaten ez lanik, ez Australiara egokitutako gidabaimenik, ezta lanerako behar den lizentziarik ere. Lehen hilabeteak "gogorrak" izan zirela aitortu du Tamayok: "Meategietan egin nahi genuen lana, baina hainbat lizentzia eskatzen zituzten horretarako, eta horiek lortu arteko bidea ez zen erraza izan". Dena den, lehen hilabetean argentinar eta txiletar jatorria zuten lagunak egin zituzten, Arzallusen hitzetan, urtebeteren ostean "oso lagun onak" direnak, eta horrek leundu egin zien bidea. 

Zailtasunen aurrean, beste lanbide batzuk probatzea erabaki zuten, eta ondo gogoan daukate zein izan zen egin zuten lehenengo lana: itsasontzietatik 25 kiloko zakuak deskargatzen ibili ziren. Uzinek egun bat iraun zuen lan horretan, eta gainerako lagunek ere beste hainbat lan probatu zituzten aurreneko hilabetean. "Supermerkatu batean jardun nuen lanean, eta han orduka ordaintzen zidaten. Zakuak deskargatzen, berriz, edukiontziko", esan du Urteagak. Argi zeukaten hori ez zela han izan nahi zuten bizimodua, eta Seek izeneko aplikazioan meategietako lanei begira hasi ziren. Izan ere, Tamayoren arabera, Australian "oso ohikoa" da meatzeetarako lanpostua aplikazio horren bidez bilatzea: "Sidneyn geneuzkan guk kontaktuak, irlaren beste aldean, baina hango lana ez zen guk nahi genuenera egokitzen". Aplikazioaren bitartez, baina, meatzeetan lanean hastea lortu zuten lau lagunek.

Desertua, lantoki eta bizileku

Hainbat enpresarekin lortu zituzten kontratuak, eta meatzeetako kanpalekuetan hasi ziren lanean. "Meatokiak ezerezaren erdian daude. Desertua dirudite inguruneek, ezer ez baitago horietan: kanpaleku bat eta meategia, besterik ez", esan du Uzinek. Lanegunek eta lanaldiek antz gutxi daukate Euskal Herrikoekin; izan ere, azkoitiarrek zehaztu duenez, hamalau egunez jarraian egunero hamabina orduz egiten zuten lan, eta horren trukean, soldata ez ezik, oporraldia ere izaten zuten. Lanean igaro beharreko hamalau egun horiek Perth-etik kanpo egiten zituzten, eta hegazkinez joaten ziren meatokira. Australian hegazkina "autobusaren parekoa" bihurtu zela azpimarratu du Tamayok, barrez.

Meatzeetan lanean aritzen ziren beharginei zerbitzuak emateaz arduratu izan dira lau lagunak hango kanpamentuetan: oheak egiten, komunak garbitzen, sukaldariari laguntzen... Horrela, egunero hamabi orduz. Urteagak, gainera, mekatronika, mantenu edota muntaketa lanak ere egin ditu. Lanari lotuta, Australian segurtasuna bermatzeko aplikatzen dituzten neurriak harriduraz hartu dituzte lau lagunek. Meatokietan, esaterako, dopin kontrolak eta alkoholemia testak egiten zizkieten langileei, eta altuera txikietan lan egin behar bazuten ere, hainbat agiri sinatu behar izaten zituzten beharginek. 

Bakardadeak asko eragin die gazteei, "arazoak norbere kasa" konpontzen ikasi baitute

Lau lagunek ez zuten bat egiten lana zuten asteetan, eta ondorioz, elkar ikusi gabe pasatzen zituzten hainbat aste. Gainera, Perth-era itzultzean ere, egun gutxi batzuk besterik ez zituzten igarotzen elkarrekin. Horregatik, meategiko lanaldia amaitzen zutenean, sarritan "bakarrik" sentitzen zirela nabarmendu du Uzinek. Hain zuzen ere, Urtegaren esanetan, bakardadeak asko eragin die gazteei, "arazoak norbere kasa" konpontzen ikasi baitute. Lana egitearen truke, bizilekua ez ezik, hango instalazioak erabili ahal izaten zituzten langileek, enpresaren arabera batzuk edo besteak, hala nola gimnasioa, igerilekua edo jantokia. Lanbideak lotarako lekua izatea ahalbidetzen zienez, Perth-en ez zeukaten etxeko alokairua ordaindu beharrik. Are gehiago, etxeko alokairua utzi eta auto bat erosteko apustua egin zuten lau lagunek. Hain zuzen ere, horri esker, lanera joaten zirenean autoan uzten zituzten beren gauza guztiak, eta ez zuten alokairua "alferrik" ordaindu beharrik izaten. Dena den, lanean oporrak zituztenean, Perth-era itzultzen ziren, eta orduan bai, orduan etxe bila aritzen ziren. "Australian meategietan lan egiteko joera dagoenez, herritarrek logelak bi asterako alokairuan jartzen dituzte", zehaztu dute.

Agur esaten ikasi

Lanak jende ugarirekin harremanak eraikitzen ere lagundu die azkoitiarrei, bi astez jarraian, eguna joan eta eguna etorri, pertsona berberekin egoten zirelako. Ordea, nahiz eta lankide ugari ezagutu, bidean egindako lagunak sarritan agurtu behar izan dituzte. "Bisa medio, harremanak ez dira iraunkorrak, eta agur esaten ikasi dugu", azpimarratu du Tamayok. Hark gaineratu du Australian zaila dela harreman sakonak sortzea. Gainera, ezagutu dituzten australiarrei erreparatuta, zehaztu du horiek ez daukatela beren herrialdearekiko atxikimendu berezirik. "Euskaldunekin alderatuz gero, nortasun falta daukate", esan du. Dena den, australiarren aldetik laguntza beti jaso izan dutela gaineratu du Arzallusek.

Jende asko ezagutu badute ere, meategietan lanean zirenean, lau azkoitiarrek ez zuten elkar askorik ikusten. Hala eta guztiz, laurek "familia" osatu dutela esan du Tamayok, eta horrekin bat dator Uzin ere: "Australiatik urruti geneuzkan beste lagun guztiak, eta harreman oso estua eraiki dugu geure artean". Lana alde batera utzita, argi zeukaten elkarrekin egoteko denboraldi bat hartu nahi zutela, eta urtarrilean Thailandiara eta Vietnamera bidaiatu zuten lau lagunek. Urteagaren esanetan, horixe izan da esperientziaren alderik "onena". Izan ere, bizitzen ari diren esperientziaren helburuetarako bat, lana egiteaz gain, horixe zen: bidaiatzea. Perth-ek horretarako aukera asko eman dizkiela nabarmendu dute, baina Australian bertan baino handik kanpo gehiago bidaiatu dute. Besteak beste, Balin izan dira; oporraldi bat baino gehiago egin dituzte han. 

2024ko udan hasi zuten bizimodua errotik eten eta Azkoitira itzuli beharra izan zuten igaro den udan lau gazteek, iritsi zirenean eskuratutako bisa urtebeterako izanik, iraungitzear zutelako. Etxera itzultzea "oso polita" izan zen Arzallusen arabera. Alabaina, Uzinen hitzetan, "arraroa" ere bai, herrian aldaketa gutxi sumatu baitzuten. 

Meatzeetan, hamalau egunez jarraian hamabina orduz egiten zuten lan

Urtebete bueltako egonaldian Euskal Herritik zer sumatu duten faltan galdetuta, aho batez erantzun dute: "Janaria". San Fermin jaien bueltan itzuli ziren etxera, eta itzulera senideekin eta lagunekin egoteko aprobetxatu zuten. Dena den, Australian zirela ere saiatu dira horiekin kontaktua mantentzen. Arzallusek dioenez, astero-astero hartu zuen familiakoekin eta lagunekin bideo dei bidez hitz egiteko tartea. Gainera, udan jaioterrira itzuli izanagatik, ostera Perth-era joana da hura Urtegarekin eta Tamayorekin batera. Oraingoa zenbat denborako egonaldia izango den galdetuta, "epe luzerako planik ez egiten" ikasi duela adierazi du Tamayok, nahiz eta beste urtebete Australian igarotzeko asmoa daukala azaldu duen. Berriro ere lan egiteko asmoz joan dira hara, baina hartuko dute bidaiatzeko tartea ere. Uzinek, aldiz, urtebete Australian pasatu ostean, jaioterrian gelditzea erabaki du: "Australiakoa nire bizitzako urterik onena izan da, baina orain familiakoen eta lagunen ondoan egon nahi dut". Han bizi izandako esperientziatik bidaiak igarriko dituela faltan adierazi du azkoitiarrak. 

Laurek garbi daukate edonori gomendatuko lioketela Australian beraienaren gisako esperientzia bat bizitzea. Sorterria utzi eta bide berri bati ekiteko erabakia hartzea ez dela "erraza" diote, eta sare sozialetan agertzen den bizimodua ere ez dela guztiz erreala azpimarratu dute. Dena den, oztopoak oztopo, Perth-era joan zen lagun taldea "familia" bilakatu da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide