Ekonomian eta Enpresen Zuzendaritzan doktorea eta Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean irakaslea da Alazne Mujika (Azkoitia, 1972). Gizarte eta Giza Zientzien fakultateko dekanordea da, eta orain gutxi katedradun izendatu dute. Lan egiten duen bulegoan dagoela, hango leihotik seinalatu du non bizi den. "Horko etxe horretan bizi naiz". Metro gutxiren barruan egiten du bizimodua: "Korrika aritzen naizen kluba ere hortxe bertan dago", dio. Izan ere, ibilbide akademikoa bezain oparoa du kirol horri lotuta egindako bidea: auskalo zenbat Behobia-Donostia, maratoi eta distantzia luzeagoko proba egin dituen. Esan gabe ere, hanka luze mehar horiek salatzen dute kilometroak egindakoak direla. 30 urte zituenetik Donostian bizi da, baina ez du nongoa den ahaztu: "Ni azkottiarra naiz", esan du behin eta berriro, Azkoitiko intonazioa galdu gabe. Alferrik esango dugu kontrakorik.
Gizarte eta Giza Zientzien fakultateko katedradun izendatu zaituzte. Berri pozgarria, ezta?
Bai, bai. Oraindik pixka bat inpostorearen sindromea sentitzen dut, gehitxo bezala egiten zait. Baina bai, pozik nago.
Emakume izanda, are gehiago kostatzen al da halako izendapenak barneratzea?
Bai, uste dut hori ere badaukagula gainean. Dena den, gure fakultatean nahiko orekatuta daude gizonak eta emakumeak. Nahiko feminizatutako fakultatea da Gizarte eta Giza Zientzietakoa. Agian, beste fakultate batzuetan egongo da desoreka handiagoa.
Fakultate horretako dekanordea zara. Zeintzuk dira zure ardurak?
Dekanordetza desberdinak dauzkagu fakultatean. Bat nazioartekotzari dagokio, beste bat ikerketari, eta ni ikasketen arloaz arduratzen naiz. Ikasketen arduradun bezala, nire ardurapean daude gradu denak. Gizarte eta Giza Zientzietan honako hauek dauzkagu: Komunikazioa; Nazioarteko Harremanak; Filosofia, Politika eta Ekonomia; Hizkuntza Modernoak; Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa; Euskal Hizkuntza eta Kultura; Gizarte Lana; eta Turismoa. Donostian eta Bilbon ematen ditugu horietako batzuk. Ikasketa horien kudeaketaz arduratzen naiz, eta horrek esan nahi du Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta hainbat erakunderekin titulu denak txukun eta ordenatuta eduki behar ditudala. Protokolo dezente bete behar izaten dira.
Ikerketan ere aritzen zara.
Deustuko Unibertsitatean irakasle batek hiru lan dauzka: irakaskuntza; batzuetan, nire kasuan bezala, kudeaketa ardurak; eta hirugarren hanka beti izaten da ikerketari lotutakoa. Nik komunikazioko ikerketa lerroan lan egiten dut.
Esate baterako, kirolaren eta emakumearen arteko harremanaren inguruko ikerketa batean parte hartu duzu.
Lan dezente egin ditugu Fortunarekin, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzailearekin: osasunaz eta kirolaz, iritzi publikoaz, emakumeaz, emakumearen estereotipoez... argitaratu ditugu ikerketak.
"Inpostorearen sindromea sentitzen dut katedradun izendatu nautelako"
Ikerketa horietako batean, ondorio hau atera zenuten: gero eta emakume gehiagok egiten dutela kirola, eta gainera, osasun fisikoa eta mentala lantzen direnez, horrek gehiago motibatzen dituela jarraitzera.
Ikerketa horrek dezenteko oihartzuna izan zuen. Fortunarekin eta Donostia ospitalearekin egin genuen. Ikusten genuen erlazionatuta daudela kirola egitea edo Behobia-Donostian parte hartzea eta horren prestakuntzak norbere bizitza estiloan duen eragina. Argi eta garbi ikusi genuen Behobia-Donostia bezalako erronka handi bat prestatzea erabakitzen duen pertsona baten bizitza estiloa aldatu egiten zela: kirolari dagokionez, elikadurari dagokionez, loaren kalitateari lotuta... Egia esan, emakumeekin lotutako lan dezente egin ditugu.

Badaukazu emakumearen eta kirolaren arteko harremana lantzeko gogoa, beraz.
Bai. Gainera, ikerketa lerro horri lotuta, Kathrine Switzer etorri zen Donostiako campusera, 2018an. Fortunaren eskutik, hizlari gisa izan genuen gurean. Bostongo maratoia dortsalarekin egin zuen lehen emakumea izan zen hura; ordura arte debekatuta zuten emakumeek parte hartzea. Lasterketaren zuzendaria Switzer probatik botatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, eta hark bukatu egin zuen proba. Sekulakoa egin zuen emakume horrek 1967an, dena kontra izanda; hesi bat puskatu zuen. Gaur egun iruditzen zaigu emakume batek maratoia korritzea gauza normala dela, baina garai hartan ez zen hala.
Eskerrak gauzak pixka bat hobetu diren. Zu ere korrikalaria zara. Oso berandu hasi zinen korrika, ezta?
Bai, oso. 37 urterekin, ama izan nintzenean. Behobia-Donostia lehen aldiz 39 urterekin egin nuen. Aurretik futbolean ibiltzen nintzen, Anaitasunan. Anaitasunako emakumeen lehen taldeko jokalaria izan nintzen. Talde hartako gazteena nintzen; 14 urte nituen, eta taldeko zaharrenek 30 bat urte. Oso talde polita osatu genuen. San Juanen jokatzen genuen, eta auskalo zenbat loteria saldu genuen gure kamiseta gorriak lortzeko... 18 urterekin laga egin nuen futbola, unibertsitatean ikasten hasi nintzelako, Donostian. Sasoi hartan, pixka bat alde batera laga nuen kirola, baina beti egin izan dut zerbait: igeriketa, mendira joan... Umeak jaio zirenean, korrika hasi nintzen.
Zer dela-eta orduan?
Praktikatzeko kirolik errazena zelako. Denbora gutxi kentzen zuen kirol bat behar genuen, senarrak eta biok egiteko modukoa. Orduan, korrika hasi ginen, goizean goiz, txandaka: aste batean, bati astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan tokatzen zitzaion korrika egitea, eta besteari astearteetan eta ostegunetan. Donostiarrak izeneko atletismo kluba dago Donostian, eta klub horretako kide egin ginen. Gaur egun, gainera, klub horretako lehendakaria naiz. 228 kide gara klubean, gehienak helduak. Maratoiak egiten ditugu batez ere, baina, noski, Behobia-Donostia ere urtero egiten dugu. Aurtengo Behobia-Donostian Fernando Gajate izan da partaide zaharrena; 81 urterekin egin du lasterketa, eta gure klubekoa da. Giro oso polita dugu taldean.
Ardoa bezala, hobetzen ari zarela esan zenuen elkarrizketaren batean...
[Barreak] 2018an egin nuen nire maratoirik onena, Donostian, 46 urterekin; 03:08:40 denbora behar izan nuen bukatzeko. Aurtengo otsailean Sevillan [Espainia] ere oso ondo egin nuen maratoia, hiru ordu eta hamahiru minututan.
Maratoi distantzia gustuko al duzu?
Bai.
Ez al zaizu luzea egiten?
50 kilometroko lasterketak ere eginda dauzkat; urtero halako bat egiten saiatzen naiz. Aurten Malagan [Espainia] izan gara, pasa den urtean Madrilen, eta nire estreinako 50 kilometroko proba Belvesen egin nuen, Frantzian. Oso eguraldi txarra egin zigun han, sekulako beroa, eta ez zitzaigun batere ondo atera lasterketa. Orduan, Ordiziako [Gipuzkoa] pista erreserbatu genuen, eta han egin genituen 50 kilometro korrika Eva Esnaola lagunak eta biok, bueltaka. 125 buelta eman genizkion, guztira. Mundial pasatu genuen.
"37 urterekin hasi nintzen korrika, ama izan nintzenean, egiteko kirol errazena zelako"
Egin duzun distantziarik luzeena hori al da?
Ez. Ehun kilometroko lasterketa ere egin nuen behin, Wiskotten, Herbehereetan. 2018an izan zen, eta familiako lau kideok joan ginen hara. Eva Esnaola lagunarekin egin nuen hura ere. Evak ia bederatzi ordu behar izan zituen, eta nik bederatzi ordu eta erdi inguru. Hori da egin dugun basakeriarik handiena.

Mendian ibili izan al zara?
Talaia Bidea mendi lasterketa askotan egin dut Donostian, eta Zegama-Aizkorrin behin irten nuen, baina ez nuen bukatu. Eguraldi txar-txarra egin zigun. Arantza gelditu zait, baina dortsala lortzea oso zaila da. Orain beldurra ematen dit mendiak. Gustura ari naiz errepidean.
Kirola asko gustatzen zaizula nabarmena da.
Niretzako proba baino garrantzitsuagoa da hara iristeko prozesua. Dagoeneko penatan nago Donostiako maratoia korritu delako eta datorren urtera arte ez delako berriro izango. Eskerrak Miarritzeko [Lapurdi] maratoiko dortsala oparitu didaten. Senarrak Bartzelonako maratoirako dortsala lortu du, eta niri Miarritzekorakoa oparitu dit. Gure opariak horrelakoak izaten dira.
Polita da biok afizio bera izatea.
Bai, bai, hori luxua da.
Seme-alabak ere erakarri dituzue zuen afiziora.
Haiek igeriketan ibiltzen dira, baina aurten sorpresa eman digute. 16 urte bete dituzte, eta Behobia-Donostia egiteko 16 urte behar dira. Biak animatu dira, eta etxeko laurok egin dugu. Aitak semearekin egin du, alabak lagun batzuekin, eta ni erbi lanetan atera naiz. Oso esperientzia polita izan da, emozionantea. Behobia-Donostiaren helburua bada emakumeak partaideen erdiak izatera iristea, eta gure etxean behintzat lortu dugu proportzio horretara iristea. Pena da helmugan laurok elkarrekin ez genuela argazkirik atera.
Behobia-Donostian irten ziren lehen emakumezko erbietako bat izan zinen zu, 2017an.
Ordura arte gizonak bakarrik ateratzen ziren. Dena den, ordurako hasi zen Behobia-Donostia proba emakumeen parte hartzea bultzatu nahian, eta urte hartan lau emakumek parte hartu genuen: Eva Esnaolak, Nerea Hermok, Miren Saezek eta nik. Aurten, lehen aldiz, hamalau emakume eta hamalau gizon atera gara erbi lanetan.
Lehen aldi hartatik beti erbi lanetan jardun duzu lasterketan. Jarraitzeko asmoa al duzu?
Sasoiak laguntzen badu, bai.
Bere zailtasuna izango du denbora baten barruan korrika egin beharrak, ezta?
Ardura handia da. Ondo egin nahi duzu proba, baina tentsioan joaten zara. Dena den, beti izan da esperientzia oso ona. Aurten are bereziagoa izan da; izan ere, seme-alabak nituen buruan: "Non ote dago Telmo? Eta Libe?". Kezka hori nuen buruan.

Korrika egitea edonori gomendatuko zeniokeela esan izan duzu.
Niretzako kirola egitea zerbait naturala da, oinarrizko espazio bat. Norberarena da espazio hori: kirola egitean zu zeu zara, ez zara ama, ez alaba... Horrez gain, kontua ez da osasunerako ona dela bakarrik, sozializatzeko modu bat ere bada kirola egitea. Kirola egiteak ez du esan nahi maratoi bat egin behar duzunik edo Behobia-Donostian sekulako marka egin behar duzunik. Gu, Donostian, goizero hogei bat lagun elkartzen gara korrika egiteko, 05:45ean. Niretzako hori da...
Zenbat urte daramatzazu ordu horretan korrika egiten? Umeak jaio zirenetik?
Bai. Lehen txandaka joaten ginen senarra eta biok, baina orain umeak handitu direnez, biok joaten gara. Jendeak esaten digu: "Zer lo gutxi egiten duzuen!". Gu, ordea, 22:00etarako ohean egoten gara. Ordubete edo ordu eta laurden inguru egiten ditugu korrika, 14-15 kilometro, eta 07:00etarako etxean egoten gara.
Aipatu duzu kirola sozializatzeko modu bat dela zuretzat. Normalean taldean egiten al duzu?
Bai, bai. Gainera, goizetan elkartzen garen asko ez gara donostiarrak. Gipuzkoako edo kanpoko jendea gara, Donostian elkartu garenak. Ni azkoitiarra naiz, senarra, berriz, Cuencakoa [Espainia] da, eta gure kuadrilla kirolaren bueltako lagunekin osatu dugu. Kirola oinarrizko elementua da nire bizitzan. Lesionatzen baldin banaiz ere, topatuko dut zerbait egiteko.
"Niretzako kirola egitea zerbait naturala da, oinarrizko espazio bat"
Sekula gertatu izan al zaizu denbora askoan geldirik egon beharra?
Bai. Gihar iskiotibiala puskatuta hiru hilabetez egon nintzen korrikarik egin gabe, eta lehen hilabetea oso gogorra egin zitzaidan. Pandemia garaian ere, eskaileretan gora eta behera ibiltzen nintzen, eta ederki asko pasatzen genuen.
Kirolak balio batzuk transmititzen ditu, eta kasualitatea edo ez, hezkuntzaren munduan egiten duzu lana. Hezkuntzan ere balio berak sustatzea garrantzitsua al da?
Niretzako kirola egiteak hainbat gauza ematen ditu. Batetik, autoestimua lantzen duzu, helburu batzuk lortzeko gai zarela berresteko balio duelako. Bestetik, kirolak diziplina izatea exijitzen du, planifikazio bat egitea, konpromiso bat hartzea, lan egitea... Gauzak ez dira etortzen eginda. Kirolak elementu asko barnebiltzen ditu, eta lan arloan ere aplika daitezke kirolak ematen dituen balioak. Izan ere, lanean diziplina behar duzu, planifikatzea, saiatu egin behar duzu, beste batzuekin kolaboratu behar duzu... Nik kirolean daukadan zorroztasuna lanean ere badaukat, eta hori nabarmendu egiten da. Dena den, zorrotza izateak ez du esan nahi gertukoa ez duzunik izan behar.
Noiz arte jarraituko duzu korrika?
Gorputzak uzten digun arte. Korrika egin ezin denean, egingo dugu beste zerbait.
Zer eman dizu zuri kirolak? Dena?
Kirolik egin gabe, bizi daiteke, noski baietz. Baina jendea ezagutzeko aukera, balio batzuk... gauza asko eman dizkit kirolak. Gure etxean kirola oinarrizko gauza bat da. Bidaiatu ere beti kirolaren bueltan egiten dugu; maratoiaren aitzakian Berlinera edo Madrilera joatea niretzat izugarria da. Horrelako opariak dira niretzako onenak.
30 urterekin utzi zenuen sorterria, eta ordutik Donostian bizi zara. Baina gaur egun zer harreman duzu herriarekin?
Ni azkottiarra naiz. Saiatzen naiz Azkoitira joaten, baina kontua da eguneroko bizimoduak jan egiten gaituela. Hori bai, ikasgelan norbaiti Azkoiti aldekoa dela antzematen badiot, segituan galdetzen diot: "Azkoitiarra al zara?". Beti gogoratzen naiz Anaitasunako lagunekin... Orduan ere nire lagunak futbolaren bueltakoak ziren. Muztioa hartzera eta marabillosoa jatera joaten ginen K5era. Garai hartako oso oroitzapen onak ditut.