Udaleko alderdi guztiek beren "gaitzespenik irmoena" adierazi dute Azkoitiko bizilagun batek abenduaren 24ko gauean, Eguberri bezperan, jasandako erasoaren aurrean, eta gertatutakoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaur, ostirala, 19:00etan plazan.
Azkoitiko talde politiko guztiek sinatutako ohar batean, jakinarazi dute erasoa GI-631 errepidearen ondoan gertatu zela, Munategiko biribilgunetik gertu. Lanaldia amaitu ostean, etxera bueltan zen biktima, oinez, bizikletan zihoan gizon batek eraso egin zionean. Emakumeak laguntza eskatu zuen, eta inguruko hainbat pertsona bertaratu ziren. Erasotzailea ihes egiten saiatu zen, baina herritar batzuek harrapatzea lortu zuten, eta Ertzaintzak Loiolako basilika inguruan atxilotu zuen.
"Ez dago eskubiderik lanetik etxera bidean doan emakume bat inguratzeko eta bortxatzen saiatzeko. Erasotzaileak egindakoa ordaindu dezala. Nahikoa da. Indarkeria matxista gure indar guztiekin desagerrarazi behar dugun gaitza da, aitzakiarik gabe, justifikaziorik gabe, eta beste aldera begiratu gabe. Nahikoa da. Ez dugu nahi emakumeen eskubideak urratzen dituen inor, ez dugu nahi indarkeria matxistaren adierazpenik txikiena ere gauzatzeko gai den inor. Emakumeak zapaldu, isilarazi, umiliatu eta erasotzen duen inor ez dugu nahi", adierazi du Udaleko Bozeramaile Batzordeak.
Halaber, batzorde horrek biktimari arreta eta laguntza eskaini zien pertsonei bere esker ona adierazi dio. Udalak, halaber, eskain ditzakeen baliabideak biktimaren esku jarri ditu.