Goizean goizetik Gabon giroa nagusitu da Azkoitian. Euriak ez du itzali kantuan egiteko gogoa, eta hainbat lagun talde, haurrek eta nerabeek osatutakoak batez ere, Gabon eskean aritu dira. Poliki-poliki, elizaren arkupeetan hainbat familiek osatu duten ilara luzatzen joan da, eta trikiti doinuen atzetik iritsi dira, eguerdian, Olentzero eta Mari Domingi.
Ikazkinek herriko haurren gutunak jaso dituzte, eta trukean, gozokiz bete dituzte haien patrikak. Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkiak egiteko aukera izan dute umeek, eta ilusioz jantzitako aurpegiak nagusitu dira eliz atarian.
Bestalde, Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak Gabonetako kontzertua eskaini dute Kontzejupean, eta dozenaka herritarren arreta bereganatu du ekitaldiak. Aurtengo kontzertuan, gogoan izan dituze Palestinako herritarrak, eta haiei elkartasuna adierazteko bi pieza jo dituzte.