Barakaldoko (Bizkaia) hilketa matxistaren berri izan eta berehala mobilizazioa deitu du Azkoitian Urola Erdiko Itaiak. Dozenaka herritarrek bat egin dute deialdiarekin, eta hainbat lagun bildu da 19:00etan plazan, Mobilizazioa. Matxismoaren aurka borrokatu idatzita zuen pankartaren atzean. 2025ean Euskal Herrian kontabilizatu diren zazpigarren hilketa matxista da Barakaldokoa.
Igande goizean emakume baten gorpua aurkitu zuten Barakaldoko etxebizitza batean, eta gauean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeria jasan izanaren zantzuak zituen 54 urteko andrazkoaren gorpuak, eta Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatzat hartu du hilketa. Momentuz, Ertzaintzak ez du konfirmatu hilketa matxista izan denik, eta kasua ikertzen ari da.