Maddi Barrokalek irabazi du Ados Pilotaren Lau eta Erdiko Txapelketa

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 21a

Txapelketa borobilari amaiera ezin hobea eman dio Barrokalek, Oskoz 22 eta 5 mendean hartuta. Gurea pilotalekuko harmailak bete egin dira, eta giro ederra sortu da frontoian.

Maddi Barrokalentzat izan da Ados Pilotaren lehendabiziko Lau eta Erdiko Txapelketa. Atzo arratsaldean jokatu zuten txapelketaren finala Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Harmailak beteta zirela, Leyre Oskoz eta Barrokal kantxaratu ziren indarrak neurtzera, baina partidak ez zuen kolorerik izan. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuen sakean zorrotz eta defentsan sendo arituta, eta partidaren amaieran markagailua zen horren lekuko; 22 eta 5 garaitu zuen Oskoz. 

Atzoko partida ez ezik, txapelketa osoa egin du borobila Barrokalek, jokatutako partida guztiak irabazita. Ados Pilotaren lehendabiziko lau t'erdikoaren lehen fasea Olaberrian (Gipuzkoa) jokatu ostean, Azkoitiko Gurea pilotalekuak hartu ditu azken faseko hiru jardunaldiak, azken hiru asteburuotan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide