Beste kide numerario bat batu da gaur Euskalerriaren Adiskideen Elkartera: Joseba Beristain musika konpositore azkoitiarra. Intsausti jauregian egin dute elkarteko kide izendatzeko ekitaldia, 12:00etan hasita eta aretoa jendez leporaino zela.
Pedro Berriotxoa elkartearen Gipuzkoako presidenteak ireki du ekitaldia, hara joandakoei agurra emanez, eta haren atzetik hartu du hitza Beristainek. Azkoitiarrak Musika eta kontakizuna: kobazuloetatik zinemara izenburupean eskaini du sarrera ikasgaia. Batez ere, musikaz eta kontakizunaz jardun du hizketan, zinemari hainbat aipamen eginez. Ekitaldira joandakoekin ere
Haren hitzartzearen ostean Ignacio Arakistain organo jotzaile azpeitiarrak eraman du musika aretora; izan ere, Intsausti jauregiko pianofortean Beristainek eskatutako bi pieza jo ditu, eta horietako bat Michael Nymannek The piano pelikularako idatzitakoa jotzerako, azalpen txiki bat eman du konpositore azkoitiarrak. Hark eman dio sarrera kantari, aitonak [Kandido Beristain] oparitu zion teklatuan jo zuen lehen pieza huraxe izan zela gogoratuta; hunkitu egin da oroitzapen haiek gogora ekartzean, hala esan du.
Ekitaldiko azken hitzartzea Juan Bautista Mendizabal elkarteko adiskide numerarioak eskaini du, eta hark Beristainen ibilbidea goratzeaz gain, elkartearen nondik norakoak azaldu ditu. Gainera, Beristainen izendapenarekin elkartea zinemagintzara, "zazpigarren artera" gerturatzen hasi dela ere esan du Mendizabalak.
Hitzetatik ekintzetara pasatu dira gero; izan ere, Berriotxoak eta Mendizabalek diploma eta adiskide numerarioen lepokoa eman dizkiote Beristaini, eta pianofortearen doinuz lagunduta, hara joandakoek Agur jaunak abestuta eman diote bukaera ekitaldiari. Han izan dira, besteak beste, Beristainen senideak eta lagunak nahiz Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zenbait kide numerario, baita Azkoitiko alkate Ana Azkoitia ere.
Ibilbide oparoa
Beristainek EHUn egin zituzten informatika eta ingeniaritza ikasketak. Dena den, gaztetan jo zuen hark musikaren eta zinemaren mundura. 2000. urtean hasi zuen azkoitiarrak filmetarako musika konposatzeko ibilbide profesionala, eta orain, amaitzear du Musikako Gradua Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean.
Dokumentaletarako, film laburretarako eta filmetarako musika sortu ohi du, batez ere, Beristainek; besteak beste, Kantauri, Elkano, Magallanes, Unicorn Wars eta Decorado filmetarako egin du musika. Gainera, sari eta izendapen ugari jaso ditu bidean: Loop film laburraren musikagatik Quirino, Fugaz eta Alcine sariak jaso zituen, eta izendapen bereziak lortu zituen Jerry Goldsmith, Crystal Pine edo MundoBSO jaialdietan. Saririk handiena, ordea, 2022. urtean jaso zuen: Goya sarietarako izendapena lortu zuen Unicorn Wars filmerako ondu zuen Batalla abestiagatik.
Gizarte mailako bestelako hainbat alorretan murgilduta ere ibili izan da Beristain. Irakasle lanetan aritu zen Mondragon Unibertsitatean, Euskal Herriko Zinema Eskolan eta Larrotxene kultur etxean. Era berean, hainbat tailer emandakoa da SGAE, Zineuskadi, Civican eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Eskola egitasmoarekin elkarlanean. Euskadi Irratiako kolaboratzaile izan da Beristain.