Atzo arratsaldean ezohiko udalbatzarra egin zuen Azkoitiko Udalak, eta bilkura horretan, bi puntu izan zituzten aztergai: etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratuaren luzapena, eta kreditu transferentzia bat, eta biak aho batez onartu zituzten udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaz hitz eginez hasi zuten udalbatzarra. Azkoitian Arreta Zerbitzuak enpresak ematen du zerbitzu hori 2022tik. Udalak hiru urterako kontratatu zuen enpresa hori, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin, eta atzoko udalbatzarrean, bigarren luzapena egiteaz aritu ziren. Ana Azkoitia alkateak azaldu zuenez, enpresa eta langileak lan hitzarmena negoziatzen ari dira uneotan, eta udalarekin ere egon dira horren inguruan. Enpresak eta langileek adosten dutena onartzeko prest legoke udala, eta horretarako, beharrezkoa bada, lizitazio berria martxan jartzeko ere bai, baina bitarte horretan alkateak beharrezko jo zuen luzapena egitea, datorren urtean zerbitzua eman ahal izatea bermatzeko.
Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek baiezkoa eman zioten proposamenari, eta beraz, onartu egin zuten, ez aurretik bakoitzak bere iritzia plazaratu gabe. PSE-EEko Janire Igoak ezinbestekotzat jo zuen zerbitzua ematen jarraitzea, adinekoei euren etxeetan duintasunez bizitzen jarraitzeko laguntza ematen dielako. Azkoitia Bai plataformako Joxe Joakin Etxanizek adierazi zuen zerbitzu hori ematen duen enpresako langileekin hitz egiten egon direla, haiek esan dietela lan hitzarmen berria adostetik gertu direla, eta gauzak bideratuta direnez, kontratuaren luzapena egiteari baiezkoa ematea erabaki dutela. EH Bilduko Asier Altunak adierazi zuen, sindikatuek eskatu izan dutenaren bidetik, sektoreko lan itun baten beharra ikusten dutela, baina horrelakorik egin bitartean herriz herri lan baldintzak hobetzen joatea ontzat eman zuen. Alkateak zehaztu zuen %37 igoera eskaini dietela, adostasunera iristetik gertu daudela, baina oraindik puntu horretara ez direla iritsi.
Ondoren, 80.000 euroko kreditu transferentzia bat izan zuten hizpide. Floreagako igogailuaren lanak bukatuta daude, baina obra bukaerako neurketak egiterakoan desbideratze batzuk atzeman dituzten, gauza batzuetan espero baino gehiago eta besteetan gutxiago gastatu dutela, eta kontuak aterata, 80.000 euro dira obra guztiz ordaintzeko falta direnak. Urtea bukatzear denez, eta pertsonal gastuetan gastatu gabeko diru kopuru bat badenez, gerakina erabili beharrean pertsonal gastuetarako zuten diru hori erabiltzea proposatu zuen Ana Azkoitia alkateak atzo, eta transferentzia hori egiteari baiezkoa eman zioten guztiek. Lanak behin betiko bukatu eta igogailua lehenbailehen martxan jartzeko nahia adierazi zuten alderdi guztiek.