Urteko azken eguna berezia izan ohi da ikastetxeetan. Ez bakarrik oporraldiari bide ematen diolako, baizik eta gaurko egunez Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek ikastetxeetara bisita egin ohi dutelako. Gabonetako protagonista horiek guztiek herriko eskolak bisitatu dituzte, eta nola ez, ilusioa eta poza gailendu dira ikasleengan.
Floreaga ikastetxera atzo, osteguna, joan ziren Olentzero eta Mari Domingi, eta gaur, ostirala, jaso dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen bisita. Ikastetxeko On Bosco aretoan egin zieten harrera atzo bi ikazkinei, eta leku berean hartu dituzte gaur Errege Magoak. Haurrek azken egunetan idatzitako eskutitzak eskura eman dizkiete hala denei.
Xabier Munibe ikastolan, berriz, gaur izan dira Olentzero eta Mari Domingi. Ikazkinek jasotzeko falta zitzaizkien azken gutunak hartu dituzte han. Bi protagonistak gelarik gela ibili dira haurrekin argazkiak ateratzen. Ohi bezala, gaurko harrera areto nagusian egin dieten ekitaldiarekin itxi dute. Bai batean, bai bestean, ozen abestu dituzte haurrek Gabonetako abestiak.
(Argazkiak: Floreaga ikastetxea, Xabier Munibe ikastola)