Justizia eta bakea ereiteko beharraz hausnartu dute Isilune Zirkuluaren urteko azken elkarretaratzean

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 19a

Dozenaka herritar bildu zen Isilune Zirkuluaren 2025eko azken kontzentrazioan. (Azkoitiko Parrokia)

Mundu osorako zoriontasuna aldarrikatu zuten dozenaka lagunek. Diruaren agintea albo batera uztea eta pertsonak erdigunean jartzea galdegin zuten herritarrek plazan. 

Isilune Zirkuluak atzo, osteguna, egin zuen urteko azken elkarretaratzea, herriko plazan. Azkoitiko Parrokiak deitutako kontzentrazioa egin zuten han 20:00etan hasita, eta mundu osorako zoriontasuna aldarrikatu zuten dozenaka lagunek. "Noizko Gabon zoriontsuak mundu osoan, denok senide sentituko garena eta ez etsai edo lehiakide?", galdetu zuten haiek hitzartzea hastean. 

Gabonen atarian, Azkoitiko Parrokiak bere hausnarketa plazaratu nahi izan zuen herritarren aurrean: "Guztiok senide gara, eta benetan sinetsi behar dugu hori. Ondorioz, badugu zereginik egunerokoan. Gabonak iristear dira, baina ez dira denontzat berdinak; batzuek, soberan dute, eta beste askok, faltan. Diruak agintzen du, eta pertsonak atzean geratzen dira", adierazi zuten.

Bakeaz ere aritu ziren parrokiako ordezkariak, baina, munduak borrokari eusten diola azpimarratu zuten haiek. "Bakeaz hitz egiten dugu, baina munduak borrokan jarraitzen du. Elkartasunaz hitz egiten dugu, baina bazterketa hazten ari da". Hori hala, galdera bat luzatu zuten atzoko elkarretaratzean: "Noiz utziko diogu diruari agintzen, eta noiz jarriko dugu pertsona erdigunean? Agian, bestea senide bezala ikusten dugunean etorriko dira Gabonak, bidegabekerien aurrean isilik geratzen ez garenean, eta gure txikitasunetik, justizia eta bakea ereiten ditugunean".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide