Reggaetoiak sustatzen duen "gizarte eredua gaitzesteko", sinadura bilketa du martxan Txalintxo tabernak

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 19a

Sinadura emateko mahaia, Txalintxo atarian. (Utzitakoa)

Reggaetoi musikak sustatzen duen gizarte eredua arbuiatzeko asmoz, Txalintxo tabernak sinadura bilketa jarri du abian. Azkoitiko udalbatzak reggaetoia gaitzetsi dezan eskatzen dute Txalintxokoek, eta 1.300 sinadura lortzea da haien xedea. 

Txalintxo tabernaren arduradunak reggaetoiaren aurkako kanpaina bat ari da gauzatzen azken urteetan, musika mota horrek sustatzen duen "gizarte eredua nazkagarria" iruditzen zaielako. Kanpaina horren barruan, batetik, ezagunak egin dira inguruan taberna horrek bere Instagram sare sozialeko kontuan argitaratutako bideoak, eta bestetik, jakina da Txalintxon ez dela reggaetoirik entzuten.

Eredu horren aurka egiteko edo hura gaitzesteko, baina, beste urrats bat egin nahi du tabernak orain. "Badago herrian eredu hori gaitzesteko modu bat: 1.300 bat sinadura lortuz gero, mozio bat aurkez daiteke udalean, adierazpen instituzional bat eginez. Horren bila goaz, baina, era berean, herrian reggaetoiaren inguruko eztabaida sortu nahi dugu. Gure asmoa sinadura kopuru hori lortzea bada ere, ez lortuz gero, ez da ezer gertatzen. Nahi duguna da jakitea Azkoitian zenbat jende dagoen reggaetoiaren aurka", azaldu du Ibon Arrizabalok; Txalintxoko arduraduna da hura eta mugimendu horren sustatzaileetako bat.

Sinadurak, kalean nahiz sarean

Arrizabalo urte guztian zehar aritu da sinadurak biltzen bere tabernaren atarian, baina jendea "gehiegi zirikatu" gabe. Dena den, adierazi du datozen egunetan leku berean jarriko dutela sinadura emateko mahaia. Arrizabalok azaldu duenez, Azkoitian erroldatuta egon behar da eskaera izenpetzeko. "Ez naiz askotan egon kalean sinadurak biltzen, baina Gabonetan presentzia areagotuko dugu kalean, jendeak bere izena eman dezan", azaldu du hark. 

Ordea, orain, Reggaetoiakanpora izeneko kontua sortu dute Instagramen, eta han eskegi duten online helbidean eskaera sinatzeko aukera eskaini diete herritarrei. Hori hala, Txalintxoko kideek eskatu dute orri horiek betetzeko eta reggaetoiakanpora@gmail.com helbide elektronikora igortzeko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide