Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak bihar, zapatua, eskertze eta aitortza egingo diete III. Gabonetako Erakusleiho Erakusketan parte hartu duten herriko saltokiei. 13:30ean egingo dute ekitaldia, herriko plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretoan; ekitaldia irekia da eta edonork izango da hitzordura bertaratzeko aukera.
Guztira, hamabost saltokik parte hartu dute udalaren eta merkatari elkarteak hirugarrenez elkarrekin antolatu duten egitasmoan. Honako hauek dira parte hartu dutenak: Noah arropa denda, Maina mertzeria, Aitzerri Home, Aingeru loradenda, Namaste ile-apaindegia, Amalur bideokluba, Naroa Valor estudioa, NK ile-apaindegia, Beatriz Pozo estudioa, Arrospide oinetakoak, ETK informatika denda, Lopetegi iturgintza, Lukas lurrindegia, Prest tindategia eta Itziar arrandegia. Saltoki horiek abenduaren 9az geroztik dituzte beren saltokietako erakusleihoak Gabonetarako apainduta, eta hala izango dituzte datorren urtarrilaren 7ra bitartean.
Bestalde, atzo, osteguna, amaitu zen Herrixen merkatari elkartearen Gabonetako kanpaina. Herrixen elkartearen barruko dendetan Azkoitia txartelarekin erosketak egin dituzten 23 herritarrek askotariko produktuekin osatutako saskia irabazi dute. Hain justu, bihar Portaleburu aretoan egingo duten ekitaldian banatuko dituzte otarre horiek guztiak.