Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoak Azkoitiko Baztartxo antzokian izango dira etzi, zapatua. Gabon bueltan ohikoa izan ohi da Azkoitian Katxiporreta kooperatibako pailazoen emanaldia, eta aurten ere ez dute hutsik egingo sudur gorriek. Aurten, Aranzadi zientzia elkartearekin batera sortu duten Zerua lapurtu dute ikuskizuna eskainiko dute pailazoek. Bi emanaldi eskainiko dituzte haiek: aurreneko saioa, 16:00etan hasiko da, eta bigarrena, 18:30ean.
Pailazoek zerua eremu natural eta kultura ondare gisa aldarrikatuko dute Baztartxon; izan ere, pailazoak zerura begira daudela, belztasun handi bat besterik ez dute ikusiko. Orduan izarren bila abiatzea erabakiko dute guztiek, haiek inork lapurtu ote dituen jakiteko. Hain justu, Zerua lapurtu dute ipuinean eta diskoan dago oinarrituta pailazoen ikuskizun berria; Leire Bilbao da ipuinaren egilea, Karmele Gorroñok ondu ditu orrietako ilustrazioak eta Xabier Zabalak diskorako abestiak.
Ikuskizunerako sarrerak Entradium atarian ari dira saltzen, 5 eta 8 euro artean. Bi emanaldietarako sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen, baina joan nahi duenak oraindik badu horretarako aukera. Honako lotura honetan eros daiteke sarrerak.