Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolak Gabonetako kontzertua eskainiko du bihar, ostirala, Kontzejupean. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta Gabonetako kontzertua izanik, Gabonen bueltako abestiak eskainiko dituzte, batik bat, eskolako ikasleek.
Bizkargi eskolako orkestrak, bandak eta abesbatzak parte hartuko dute emanaldian, baita soinu, pandero, biolin eta piano jotzaileek ere. Eskolako kideek, besteak beste, Horra Mari Domingi, Izartxo bat, Imagine, The first Noel, Minka's sleigh ride, Errefuxiatuarena, Gaueko izar eta Hator, hator mutil abestiak eskainiko dituzte udaletxe azpian. "Herritar guztiak gonbidatuta zaudete musikaz gozatzera eta Gabonetako giro berezia elkarrekin ospatzera", azaldu du eskolak.
Hona hemen biharko egitaraua:
- Orkestra eta abesbatza: Horra Mari Domingi.
- Soinu eta pandero jotzaileak: Izartxo bat.
- Abesbatza eta piano jotzaileak: Imagine.
- Biolin jotzaileen laukote bat: The first Noel.
- Banda: Minka's sleigh ride.
- Abesbatza eta piano jotzaileak: Errefuxiatuarena.
- Soinu eta pandero jotzaileak, abeslariekin: Gaueko izar.
- Guztiak batera: Hator, hator mutil.