Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak antolatuta, txu-txu trena eta argi ikuskizuna izango dira zapatuan, Alde Zaharreko kaleetan. Gabonen atarian, herriko kaleetan "opor usaina eta festa giroa" zabaltzeko asmoz antolatu dituzte ekintzak larunbaterako. "Haurren eta helduen ilusioa pizteko xedez antolatu dira ekintzak", azaldu dute.
Txu-txu trena goizean ibiliko da herrian zehar, eta arratsaldean izango da argi ikuskizuna. 10:30etik 13:30era ibiliko da trena kalez kale. Hain justu, honako ibilbidea egingo du hiru ordu horietan: herriko plaza, Kale Nagusia, Ibaiondo, Aizkibel liburutegia, Trenbidearen Zumardia, Julio Urkiko etorbidea, Balda plaza, Plazaberri eta herriko plaza.
Arratsaldean, berriz, Equus&Unikornios deituriko kale ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da. 18:30ean herriko plazatik abiatuko dira kaleak askotariko argiekin eta koloreekin argiztatuko dituzten adarbakarrak. Herriko plazan, Plazaberrin eta Balda plazan ibiliko dira zaldi horiek.
