Aurkakoa zuen emaitza iraulita, denboraldiko bederatzigarren garaipena lortu zuen Biele ISBk atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian. 90-71 irabazi zioten otsoek Insolac Caja 87 taldeari, eta hala, Bigarren FEB Mailako mendebaldeko multzoko lider jarri da. Emakumeek, berriz, galdu egin zuten herenegun bolada oso onean den Celta Femxa Zorka taldearen aurka.
Gizonen atzoko partidan, lehen laurdenean, bisitariak oso txukun aritu ziren kantxan. Zuzen bezain sendo aurkeztu zuten beren jokoa kantxaren bi aldeetan, eta gainera, kontzentrazio handia erakutsi zuten, erasoan beti erabakirik onenak hartu baitzituzten. Hala, hamar puntuko aldea eskuratu zuen Sevillako (Espainia) taldeak aurreneko hamar minutuak jokatutakoan.
Otsoak itzalita zeuden, baina arratsaldea piztuko zuen txinpartaren bila jardun zuten; akaso, itsutu egin zen taldea hiruko jaurtiketekin, baina, azkenean, distantzia horretatik lortu zuen idorra zirudien iturria bustitzea, Ierai Aizpitarte hiruko lerrotik hasi zen-eta puntuak pilatzen. Pixkanaka-pixkanaka itotzen hasi zen Sevillako taldea; izan ere, ISBk kanpotik bezala barrutik egin zion min aurkariari. Insolac Caja 87 taldeak eraikitako horma nahieran hautsi zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak; defentsa, gogortasuna eta kalitatea uztartuta lortu zuten hori etxekoek. Atsedenaldirako markagailua iraultzea eta aurretik jartzea lortu zuten otsoek (40-35).
Hirugarren laurdenaren hasieran, zazpi puntura ere alde egin zuen ISBk. Dena den, bisitariek susperraldi txiki bat izan zuten segituan, eta 0-5 partzialari esker, lehia orekatu zuten berriro. Ordea, laster hautsi zuen dema etxeko taldeak; bizitasun eta erritmo ikaragarriko minutuak jokatuta, ISBk hiruko lerrotik ebatzi zuen lehia. 10-0 partzial bati esker, berriz ere hamar puntu goitik jarri ziren otsoak. Ordea, guztira, 30 puntu saskiratu zituzten Nuñezen gizonek hirugarren laurdenean, eta emaitza hori gehiegizkoa izan zen aurreneko zatiko jokotik oso urrun zegoen Sevillako taldearentzat. 70-53 emaitza erakusten zuen markagailuak azken laurdena jokatzeko zela.
Lehia bikain bideratu zuten otsoek ordurako, eta azken laurdena tramite hutsa izan zen. Bisitariek defentsan zulo dezente azaldu zituzten, eta ISBkoek horiek baliatu zituzten puntuak batzen jarraitzeko. Gainera, azken zatiko minutu gehienak joan-etorrian jokatu zituzten, eta nola ez, jokamolde horretan zeharo eroso sentitu ziren Nuñezenak. Amaierako bozina hotsa entzun arte jarraitu zuten lanean Azkoiti-Azpeitikoek; izan ere, sailkapeneko goiko postuetako arerioa zuten aurrean, eta halakoetan puntuen aldeak berebiziko garrantzia hartu ohi du. Azken uneko saskiratze bati esker, azkenean, hemeretzi puntugatik irabazi zuen Biele ISBk.
Atzoko lehian Ierai Aizpitarte izan zen taldeko onena; joko antolatzaile azpeitiarrak 27 puntu saskiratu zituen –sei hiruko saskiratze egin zituen–, eta 32 puntuko balorazioa lortu zuen.
Asteazkeneko Ponferradako (Espainia) porrotari ezin hobeto eman dio buelta ISBk. Sevillako taldeari irabazita eta Coto Cordobaren porrota baliatuta, Bigarren FEB Mailako mendebaldeko multzoko lehen postuan da orain Biele ISB. Datorren asteburuan, berriz, sailkapeneko azkenaren aurkako lehia izango du ISBk. Jaen Paraiso Interior CB taldearen aurka jokatuko dute otsoek igandean, Jaengo (Espainia) Olivo Arena kantxan (18:30).

Garaipenetik urrun Vigon
Emakumeen Domusa Teknik ISBk, bestalde, galdu egin zuen herenegun, zapatua, Vigoko Navia pabiloian (Galizia). Jokatutako 11 partidetatik azkeneko bederatzi jarraian irabazita zegoen Celta Femxa Zorka taldearen aurka aritu ziren otsoak, eta 74-57 galdu zuen Luis Agirre Katxi-k zuzendutako taldeak. Azkoiti-Azpeitiko taldeak goitik behera egin zuen partidan; bereziki, hirugarren laurdenean jasotako astinduak ebatzi zuen partida.
Lehen laurdenean, joko estatikoa egin zuten etxekoek erasoan, eta txukun moldatu ziren ISBkoak haien jokamoldeari eusten. Erasoan, berriz, kanpoko lerrotik batu zituen puntuak Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Hala, 18-23 aurreratu ziren otsoak lehen laurdenean.
Aparra, ordea, jaisten joan zen gero. Etxekoek, pixkanaka, jokoa arintzea lortu zuten, baita markagailuan aurretik jartzea ere. Dena den, otsoek hiruko lerrotik asmatzen jarraitu zuten, eta horri esker, lehiari bizirik eutsi zioten. ISBren lehen laurdeneko intentsitatea eta bigarren laurdenekoa ez ziren gauza bera izan, eta horren eraginez, etxekoei ateak gehiago zabaldu zitzaizkien.
Atsedenaldi osteko partida bestelakoa izan zen; ez zuen aurreneko erdiaren antzik izan, ISBren kaltetan. Vigokoek hirugarren laurdenean hautsi zuten erabat dema. Haiek ISBri min egiten asmatu zuten erasoan, eta gainera, defentsan urrats bat egin zuten aurrera. Agirreren taldeak, berriz, galdu egin zuen lehen zatian erakutsitako freskotasuna, eta majo nabaritu zuen hori erasoan; hirugarren laurdeneko bederatzi minutu jokatuta, bi puntu baino ez zituzten lortu ISBkoek. Hala, 22 puntura ihes egin zuten hala Vigokoek (61-39).
Azken laurdenak ez zuen ezer berririk ekarri, norgehiagoka erabakita bezain hautsita zegoen-eta etxeko aldera. Aurkariari laurdena irabazteko eta markagailua zerbait itxuratzeko gai izan ziren Azkoiti-Azpeitikoak azken hamar minutuetan, eta kito.
Skylar Van izan zen taldeko onena, 17 puntu saskiratuta eta 13 puntuko balorazioa erdietsita. Datorren zapatuan, Gabonetako etenaren aurreko azken partida jokatuko du Domusa Teknik ISBk Azkoitiko Elkargunean; 18:00etan hasita, La Laguna Toyota Adereva taldea izango dute aurkari otsoek. Sailkapenean arazoetan ez sartzeko, behar beharrezkoa izango dute otsoek Santa Cruz Tenerifeko taldea mendean hartzea.