Barrokalek eta Oskozek jokatuko dute Ados Pilotaren lau eta erdikoaren finala, Gurean bertan

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 15a

Gure pilotalekuan jokatu zituzten atzo arratsaldean Ados Pilotaren lau eta erdiko txapelketaren finalerdiak, eta Leyre Oskozek eta Maddi Barrokalek lortu zituzten finalerako txartelak, Iturriagari eta Mendibururi irabazita. Partida ederrez gozatzeko aukera izan zuten zaleek. 

Azkoitiko Gurea pilotalekuan erabakita geratu zen atzo Ados Pilotak estreinakoz antolatu duen lau eta erdiko txapelketaren finala, datorren igandean leku berean jokatuko dutena; Leyre Oskozek eta Maddi Barrokalek lortu zuten finalerako txartel bana, Iera Iturriaga eta Ane Mendiburu mendean hartu ondoren, hurrenez hurren. 

Oskozen eta Iturriagaren partidarekin hasi ziren finalerdien jardunaldia atzo arratsaldean, eta bi zati oso desberdin izan zituen norgehiagokaz gozatzeko aukera izan zuten han elkartu ziren zaleek. Hasiera ona izan zuen Oskozek, eta aurretik jarri zen hura markagailuan. Partidak aurrera egin ahala, gero eta alde handiagoa atera zion Oskozek Iturriagari, eta neurketaren erdialdean, 11 tantoko errenta ere izan zuen hark. Oskozek partida irabazita zuela zirudienean, ordea, Iturriaga egoerari buelta ematen hasi zitzaion gero, eta emozioa pil-pilean jarri zuten biek ondorengo minutuetan. Ordea, Iturriagak ezin izan zuen Oskozek adina tanto egin, eta markagailua 22-18 zela, Oskozek lortu zuen finalerako lehenengo txartela. 

Ondoren, kantxaratu ziren Mendiburu eta Barrokal, eta lehenengo partidan bezala, tanto ederrak eskaini zituzten pilotari horiek ere. Dena den, Mendiburuk zaintiratu bat izan zuen partidaren erdian, eta Barrokalek, berriz, sendotasun handia erakutsi zuen atzokoan ere. Azkenean, 13-22 amaitu zen haien norgehiagoka, eta erabakita geratu ziren datorren larunbateko finalistak: Barrokalek eta Oskozek 18:00etan izango dute hitzordu berezia, eta orain arte bezala, gogor lehiatuko dira txapela janzteko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide