Abesbatzen doinuetara, Gabon giroak hartu du eguerdian Baztartxo antzokia

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 14a

XXXIV. Gabon Kantak jaialdia ospatu dute gaur eguerdian Baztartxo antzokian, eta guztira, Azkoitiko eta inguruko sei abesbatza igo dira taula gainera. Kantu eta dantza artean, elkartasun mezuak lau haizetara zabaldu dituzte. 

Floreaga salestar ikastetxeko Elkarrekin guraso elkartearen eskutik, XXXIV. Gabon Kantak jaialdia ospatu dute gaur eguerdian Baztartxo antzokian, eta hango eta hemengo sei abesbatzen doinuez, Gabonetako giroan murgiltzeko aukera izan dute han elkartutako dozenaka lagunek. 

Azkoitiko bi abesbatza izan dira oholtza gainean: Floreaga Txiki eta Floreaga abesbatzak. Horrez gain, Txori Txiki musika eskolako eta Urnietako Salestarrak-Magale abesbatzako abeslariak aurrenekoz izan dira Floreagak antolatzen duen ekitaldian, eta horiekin batera, Mutrikuko Udal Musika Eskolak eta Bergarako Musika Eskolako hasiberrien abesbatzak parte hartu dute emanaldian. Saioan zehar, elkartasun eta maitasun mezuak lau haizetara zabaldu dituzte abeslariek, eta kantuan ez ezik, dantzan eta hainbat musika tresna jotzen ere aritu dira oholtza gainean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide