Euskarak etorkizuna "jokoan" duelakoan, batasunerako deia egin du euskaltzale andanak

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 12a

Herritarrak, euskararen aldeko gaurko agerraldian. (Ane Olaizola)

Dozenaka eragile eta norbanako batu dira Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, AEK-k eta Erniarraitz bertsozale elkarteak gaur arratsalderako jarria zuten deialdira. Euskara "larrialdian" dagoen honetan, euskaltzaleak batzeko "garaia" dela adierazi dute, eta hilaren 27ko Pizkundera joateko deia egin. Hara joateko autobusa aterako da Azkoititik ere. 

Euskalgintzak hilaren 27an Bilbon egingo duen Pizkundeari harrera beroa egin diote Azkoitian. Izan ere, herriko euskaltzaleek ere indar erakustaldia egin zezaten Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, AEK-k eta Erniarraitz bertsozale elkarteak zabaldutako deialdiari erantzun diote gaur arratsaldean dozenaka lagunek. 

Pizkundearekin bat egiteko arrazoiak eta gonbita uztartuz deitua zuten hiru eragileek gaurko agerraldia, eta deialdiarekin bat egin dute herriko beste berrogeitaka eragilek; horiez gain,  norbanako moduan ere askok parte hartu dute agerraldian. Euskararen egoeraren aurrean batasuna adierazteko asmoz, horixe egin dute hainbat minutuz plazan; elkartu eta indarra erakutsi. 

Ondoren irakurri duten mezuan, "euskaltzaleon garaia" dela adierazi dute deitzaileek, baina ohartarazpen garbi bat ere zabaldu dute: euskara "larrialdian" dago, eta etorkizuna, "jokoan". Izan ere, deitzaileen arabera, azken hamarkadetan egindako "ahalegin kolektiboari esker" euskararen biziberritze prozesuak "aurrerapen handiak" izan ditu, baina "susperraldi aroa" eten dela eta atzeraldia etor daitekeela erakusten duten "zantzu asko" daudela adierazi dute:  "Gaur egungo globalizazio eta digitalizazioak, oldarraldiaren areagotzeak, erabilera sozialaren ahultzeak eta erronka berriek agerian utzi dute euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela, eta beste arnasaldi bat behar dugula". 

Etorkizuna "jokoan" den honetan, berriz, ezinbestekoa deritzote bakoitzari dagokion erantzukizuna bere egitea, eta "euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat" sortzea, herrian bertan hasita. Horrexegatik, hain zuzen, biltzeko garaia dela berretsi dute deialdiaren sustatzaileek, eta "euskaltzaletasuna indartzeko" deia luzatu diete herriko norbanako eta talde guztiei.

Agerraldira atxiki diren eragile zerrenda luzea irakurriz amaitu dute agerraldia. Honako talde hauek izan dira agerraldiari atxikimendua eman diotenak: Azkoitia Guka, Azkoitiko Babes Sarea, Tata danborrada elkartea, Ados Pilota, Irakurle Taldea, Isilune Zirkulua, Pantailak Euskaraz, Bulego musika taldea, Azkoitiko Oteiza pilota kirol elkartea, Bigoterik Gabea antzerki taldea, Azkoitia Bai, Anaitasuna futbol taldea, Indarlan guraso elkartea, Azkoitiko EH Bildu, Xeye atletismo taldea, Txerloia tenis kluba, Zubiaurre igeri elkartea, Azkoitiko EAJ, Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe, Herrixen merkatari elkartea, Holz und Blech kultur elkartea, Azkoitri triatloi kluba, Anaitasuna mendi bazkuna, Indarlan guraso elkartea, Azkoitiko EH Bildu, Xeye atletismo taldea, Txerloia tenis kluba, Zubiaurre igeri elkartea, Azkoitiko EAJ, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastola, Iraurgi saskibaloi taldea, Herrixen merkatari elkartea, Holz Und Blech kultur elkartea, Azkoitri triatloi kluba, Anaitasuna mendi bazkuna, Ro taldea, Floreaga Ikastetxea, Floreagako ikasleen guraso elkartea, Alai Batza aisialdi elkartea, Trini Fox musika taldea, Azkoitiko Gazte Asanblada, Azkoitia BHI eta Kanku kirol elkartea. 

Pizkunderako autobusa

Bestalde, abenduaren 27a euskaltzale guztientzat "data garrantzitsua" izango dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta Pizkundean parte hartzeko dei egin die euskaltzaleei, "hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean" sinesten duten azkoitiarrei. 

Hain zuzen, harako joan-etorria autobusez egiteko zerbitzua prestatu dute Azkoitian ere. Hilaren 27an, 15:00etan abiatuko da autobusa liburutegi ondoko geltokitik, eta herritarrek eros daitezke sarrerak dagoeneko. AEKn daude horiek eskuragarri, eta hango 943-15 10 89 telefono zenbakira deituta edo azkoitia@aek.eus helbide elektronikora idatzita eskura daitezke. Autobus zerbitzuko txartela eta Pizkunderako sarrera 20 eurotan eros daitezke. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide