Era askotako dantzak aurkeztuko dituzte Born To Dance eskolakoek urte amaierako jaialdian

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 12a

Dantza eskolako kideak dantzan, Baztartxon. (Guka)

Gabon kutsuko emanaldia eskainiko dute Born To Dance dantza eskolakoek bihar, Baztartxon. Askotariko dantzak taularatuko dituzte. Emanaldirako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke.

Born To Dance dantza eskolakoek urte amaierako jaialdia eskainiko dute bihar, zapatua, Baztartxo antzokian. Winter Stars izeneko ikuskizuna taularatuko dute eskolan aritzen diren ikasle gazteek eta helduek, 18:30ean hasita.

4 eta 60 urte bitarteko ikasleek parte hartuko dute dantza ikuskizunean. Eskolako arduradunek azaldu dutenez, Baztartxon eskainiko dituzten dantzak azken hiru hilabeteetan "lan gogorra" eginez prestatu dituzte. "Gure asmoa da bai ikasleek, bai ikusleek, pare bat orduz Gabon giroko ikuskizun eder honetaz gozatzea". Ikasleek, besteak beste, funky giroko dantzak, sevillanak, kirol dantza latinoak eta musikalak dantzatuko dituzte.

Emanaldiaz gozatzeko sarrera ia gehienak salduta badaude ere, oraindik gelditzen dira bakarren batzuk saltzeko. Dantza eskolak Entradium atarian ditu sarrerak saltzen, 7 euroan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide