Espainiak Sahararako onartu duen autodeterminazio plana salatuko dute bihar Azpeitiko plazan

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 11

(Guka)

Elkarretaratzea deitu dute Kontseilu Sozialistak eta Saharako komunitateak biharko (19:30), Sahara ez dago salgai. Autonomia planari ez! leloarekin.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta Saharako komunitateak elkarretaratzea deitu dute biharko Azpeitiko plazan, "Espainiako Gobernuak onartu berri duen Autonomia Planak sahararren autodeterminazio eskubidea urratzen duela salatzeko", Europako hainbat gobernuk –Espainiakoak Frantziakoak edo Erresuma Batuak, esaterako– "sahararrek bizi duten zapalkuntza egoera betikotzen dutela seinalatzeko", eta Saharako herriari "elkartasuna" adierazteko. Sahara ez dago salgai. Autonomia planari ez! leloarekin egingo dute protesta, 19:30ean, eta elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Marokok Sahararako diseinatutako autodeterminazio planari argi berdea eman eta hilabetera, "Marokoko Gobernuarekin gauzatutako bilera batzuen ostean", etorri da Espainiaren onarpena, aurrez AEBek, Frantziak edota Erresuma Batuak ere "plan hori 'egingarriena' dela" adierazi ondoren, Kontseilu Sozialistak azaldu duenez. Plan horrek Marokori aitortzen dio Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna, "sahararren autodeterminazio eskubidea urratzen duen bitartean". Marokok sustatutako planaren nazioarteko onarpenak dakarren atzerapausoa nabarmendu du Kontseilu Sozialistak biharko deialdiaren atarian: "Orain dela gutxi arte, maila publikoan bederen, Saharako herritarrek erreferendum baterako daukaten eskubidea defendatzen zuten herrialde horiek".

Espainiaren mendeko kolonia izan zen Mendebaleko Sahara bereganatzeko Marokok gauzatu zuen Ibilaldi Berdetik eta Madrilgo Akordioetatik 50 urtera dator inbaditzaileak proposatutako autonomia planaren onarpena, nazioarte mailan orain arteko zabalena. Kontseilu Sozialistaren aburuz, "Mendebaldeko Saharan dauden lehengai naturalak –fosfatoa, besteak beste– eta arrantza baliabideak"  eta "horiek ustiatzeko Mendebaldeko herrialdeek duten nahia" daude aipatutako herrialdeek Marokorekiko erakutsi duten "hurbilpenaren" oinarrian. "Beste modu batera esanda, Marokorekin harremanak normalizatu behar izan dituzte Europako herrialdeek, baliabide horiek eskuratu ahal izateko".

Espainiaren kasuan, immigrazioarekin lotutako mugen kontrola gehitu behar zaie aipatutako arrazoiei, Kontseilu Sozialistak dioenez. "Sahararen gaineko Marokoren subiranotasuna onartzea bezalako amore emate politikoak egin ditu, Melillan 2022an gertaturikoa bezalako eskandaluak saihesteko eta bi herrialdeen arteko mugen gaineko kontrol gogorrago bat ematearen truke".

Kontseilu Sozialistarentzat, "Saharako kasuak garbi adierazten du nola nazioarteko zuzenbideak eta NBE bezalako organismoek ez daukaten gaitasunik autodeterminazioa zein bestelako eskubideak bermatzeko, irabazi ekonomikoek eta interes geopolitikoek agintzen duten mundu batean".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide