Hil da jainkoa abesti entzutetsuak hauspotuta 90eko hamarkadan sona handia izan zuen PiL.T. taldea oholtza gainean da berriro, baina ez soilik orduko "nostalgiari oratuta", baizik eta abesti berriekin eta "gaur egunera egokituta", taldeko abeslari eta gitarrista Rafa Ruedak (Mungia, Bizkaia, 1972) azpimarratu duenez. Azkoitian izango da taldea datorren zapatuan, eta bizkaitarrek Elkarguneko Herriko Plaza aretoa girotuko dute aurrenekoz, Silitia eta Ramona's First Evil Boyfriend taldeekin batera, 20:00etan hasiko diren kontzertuekin. Entzun kultur elkarteak antolatu ditu emanaldiak, eta sarrerak Entradium atarian eros daitezke, 15 euro eta erdian.
2004an taldea desegin, eta bi hamarkadaren ostean, iaz berriz itzuli zineten. Zerk bultzatuta?
2004koa ez zen, berez, taldearen desegitea izan, baizik alboan utzi genuen, bakoitzak bere proiektuak zituelako. Ez genuen betiereko erabakirik hartu orduan, baina urte luzez egon ginen taldean aritu gabe. 2017an aukera sortu zitzaigun kontzertu batzuk emateko, eta lauzpabost kontzertu egitea ontzat jo genuen. Emanaldi horiek bukatuta, gure beste proiektuei ekin genien, eta urte eta erdira berriz aukera sortu zitzaigun bueltatzeko eta kantu berriak egiten hasteko. Txikitatik ia kuadrilla bat izan gara, eta nahiz eta urteetan taldean batera ez aritu, harremana beti mantendu izan dugu, eta berriz elkartzeko aukera izan dugunean, ekin egin diogu taldeari.
Azken itzulera hau berriz hasten ginen bigarren aldia izanda, argi genuen zentzurik ez zuela mahai gainean ezer berririk jarri gabe ekiteak. 2017koak errepertorio zaharrarekin egindako bost bat kontzertu izan ziren, baina oraingoan nahi genuen material berria grabatzea eta beste edozein taldek bezala kontzertuak ematea. David (Gonzalez, taldeko baxu jotzailea) Berri Txarrak taldearekin liberatuta zegoen, besteok ere gure proiektuekin genbiltzan, eta ikusi genuen une egokia zela PiL.T.-ri berriz ekiteko. Hortxe gabiltza orain, oso gustura.
Motibazio bat bazegoen, beraz, berriz batzeko.
Taldean beti apreziatu izan dugun gauzarik handienetakoa da elkarrekin sortzeak eragiten duen kimika; ikustea taldean funtzionatzeak zer onura duen. Gure zeinuetako bat betidanik izan da gure arteko kimika ona; bakoitzak mahai gainean jartzen zuenak, besteen ekarpenekin, lana hobetu egiten zuela eta sortzaile moduan elkarri on egiten geniola. Hainbat urte banaka ibili ostean, guztion nahia izan zen berriro ikustea ea kimikak oraindik irauten al zuen. Hau da, nahi genuen ikusi kapazak al ginen lehen lehen bezala gozatzeko, eta segituan jabetu ginen kimikak jarraitzen zuela. Gustura sentitzen gara, kontzertuetan asko gozatzen dugu, eta hori da, batez ere, taldeak indarrean jarraitzeko arrazoia.
Esan duzun moduan, taldea desegin zenetik bakoitzak bere ibilbidea egin duzue. Zu, esaterako, popera eta elektronikora gerturatu zara azken urteetan. Nolakoa izan da PiL.T.ren musika erregistrora berriz hurbiltzea?
Talde moduan, estilistikoki, nahiko eklektikoak izan gara, eta hori da gure zigiluetako bat. Bere sasoian Hil da jainkoa kantuak izan zuen arrakastari esker, askok soilik metal musikaren inguruan kokatzen gaituzte, baina iruditzen zait sonoritate aldetik nahiko aberatsak zirela jorratzen genituen estiloak; esaterako, popak beti bere lekutxoa izan du gure musikan, nahiz eta nabarmenki new metal eta halako estiloetan kokatu izan garen. Azken batean, musika gogorra egiten dugula esango nuke, baina hainbat ñabardurekin.
Egia esan, ez zaigu asko kostatu taldearen doinuetara bueltatzea. Taldekide guztiok estilo desberdinetako musika asko entzuten dugu, oso melomanoak gara, eta ez gara asetzen soilik musika estilo batekin. Hori guretzat oso naturala da, bai musika entzuterakoan, bai sortzerakoan. Proiektu desberdinetan egon gara guztiok, eta estilistikoki ere hainbat izan dira jorratu ditugun estiloak. Beraz, pertsonalki oso naturala eta ohikoa egin zait pop lasaitik berriz rocka egitera pasatzea.
Balak airean diskoa argitaratu zenuten iaz. Diskoak taldearen berezko esentziari eusten al dio?
Hogei urte baino gehiago igaro dira egin genuen azken grabaketatik, baina taldearen esentzia errekonozitu daiteke azken disko honetan ere, nahiz eta badauden gaur egungo joeren zipriztinak. Gure erronka zen ikustea ea kapazak al ginen PiL.T.ren soinua gaur egunera ekartzeko, gure identitatea galdu gabe garaiak ematen duenera egokitzeko. Uste dut diskoak hori dakarrela; gure izaera galdu gabe, gaur egungo errealitatera moldatzen saiatu gara, eta gu behintzat nahiko gustura geratu gara egindakoarekin. Kantu zaharrekin bezala, berriekin ere gozatu egiten dugu.
Nolako harrera izan du itzulerak? Zahartze ona izan al du zuen taldeak?
Bai, publikoak beso zabalik hartu gaitu. Argi dago, neurri handi batean, adin batetik gorako jendea gerturatzen dela gure emanaldietara. Baina azken urte eta erdian, diskoa kaleratu genuenetik, ikusi dugu ez dela soilik nostalgia ariketa bat, baizik eta beste nahi bat ere antzematen dugula kontzertuetara etortzen den jendearengan. Adinari dagokionez, guretik pixka bat beherago daudenak ere etortzen ikusi ditugu, eta gure helburua da beste edozein musikazalek gaur egun aurki dezakeen eskaintzetako bat izatea gurea. Ez dugu nahi gehiegi oratzerik 90eko hamarkadako nostalgiara.
Hau da, Hil da jainkoa abestiaren itzaletik haratago zoazte...
Egia esan, abesti horrek ate pila bat zabaldu zizkigun, eta oso eskertuta gaude izan zuen oihartzunarekin, ez soilik Euskal Herrian, baita Espainiako Estatuan ere. Baina ezin dugu bizi abesti horretan iltzatuta; asko gozatzen dugu abesti hori jotzen eta badu lekua abesti horrek gugan, baina gure eskaintza askoz ere zabalagoa da.
Zentzu horretan, Azkoitikoa nolako kontzertua izango da?
Azken laneko abesti batzuk hartuko ditugu, eta orain arteko gure errepertoriotik beste batzuk berreskuratuko ditugu. Azken urte eta erdi honetan hainbat kontzertu eman ditugu, horietako bat Azpeitiko San Agustin kulturgunean, eta oraingoan ez genuen nahi hango errepertorio bera errepikatzerik. Izan ere, gertu daude bi herriak, eta biraren azkenetara iristen ari garen honetan, beste buelta bat eman nahi izan diogu. Beste abesti batzuk berreskuratuko ditugu, errepikatzen duen publikoarentzat zerbait berria eskaintzeko asmoz.