Garbigunea itxita dagoen bitartean, herritarrek Azpeitikora eraman beharko dituzte hondakinak

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 5a

Urola Erdiko Mankomunitateak hasi ditu Azkoitiko Garbigunea berritzeko obrak, eta horiek amaitu bitartean, herritarrek Lapatxen dagoen gunean utzi beharko dituzte hondakinak. 

Urola Erdiko Mankomunitateak dagoeneko hasi ditu Azkoitiko Garbigunea berritzeko obrak, eta horrenbestez, hondakinak sailkatzeko gunea itxita dago. Lanek lau hilabete inguru irautea aurreikusten du erakundeak, eta hark adierazi duenez, Garbigunea itxita dagoen bitartean Azpeitiko Lapatxera jo beharko dute herritarrek hondakinak uztera. 

Honako hau da Azpeitiko Garbigunearen ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara artean, eta larunbatetan, 07:00etatik 13:00etara artean. 

Azkoitiko askotariko lanak egingo dituzte datozen hilabeteetan: eremurako sarbidea hobetuko dute; segurtasuna handituko dute; perimetroko sarea eta babesa hobetuko dituzte; Garbiguneko argiztapena hobetuko dute; hondakinak gordetzeko eremuak, bai estalitakoak, bai aire zabalekoak, handituko dituzte; harrera gunea egokituko dute; hondakinak pisatzeko baskula jarriko dute; autokontsumorako energia sorkuntzarako panel fotovoltaikoak jarriko dituzte; eta azkenik, kudeaketa digitalizatuko dute. 545.076,70 euroko aurrekontua dute obrek, mankomunitateak Eusko Jaurlaritzaren zein Europako Next Generation funtsen laguntza jasoko du horretarako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide