Euskara kazetaritzan iratzarri zen

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 4a

Imanol Murua, 'Biba gorriac!' liburua eskuetan duela. (M. Txintxurreta)

Le Reveil Basque euskarazko kazetaritzaren aitzindariak jasotakoak berreskuratu ditu Imanol Muruak Biba gorriac! liburuan. Durango Azokaren atarian, Guka osatzen ari den [DA!]tozenak serieko erreportajea da hau.

Ezpatadun desafio bat. Parez pare, Charles Floquet, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) sortutako Frantziako lehen ministroa, eta Georges Boulanger, oposizioko burua. Legebiltzarreko eztabaida batean, Boulanger xuriak "gezurti" esan zion Floquet gorriari, birao barkaezina III. Errepublikaren garaiko Frantziako Estatuan, eta duelua beste konponbiderik ez zuen horrek. Ezpatari errepublikazaleak aurkari eskuindarraren lepoa asmatu zuen, eta eman zion "ezpata kolpe bat bortz edo sei zentimetra barna, zintzurrari hurbil, eskuineko partean", Le Reveil Basque aldizkariak jaso zuenez. Floquetek garaitu zuen desafioa, eta beraz, Le Reveil Basque-k ere bai.

Imanol Murua Uria kazetari eta unibertsitateko irakasleak (Zarautz, 1966) 1886tik 1894ra bitartean Pauen (Frantzia) inprimatzen eta Euskal Herrian banatzen zuten Le Reveil Basque aldizkari elebidun errepublikazaleak utzitako ondare baliotsua berreskuratu du Biba gorriac! liburuan (Pamiela). Kazetaritza informatiboa euskaraz egin zuten lehenengo hedabideak aurkitzeko bilaketak eraman zuen Murua Le Reveil Basque-ra. "Ikusi nuen aitzindaria izan zela kazetaritza informatiboa egiten eta, bereziki, kazetaritza politikoa euskaraz egiten. Ez da Eskualduna bezain ezaguna, ibilbide laburragoa izan zuelako, eta gainera, ezkerrekoa zen, gorria. Euskal letrak ikertu izan dituzten zenbaitek zokoratu egin dute, beraz, bazegoen ondare bat oso ezezaguna, euskarazko kazetaritzaren hastapenak ulertzeko ezinbestekoa", esplikatu du liburuaren egileak.

"Euskaraz egiten zuten frantsesez ez zekitenentzako; ez ziren euskaltzaleak"

Biba gorriac! ez da soilik euskarazko kazetaritza analizatzen eta idazketaren formak disekzionatzen dituen liburu bat. Floqueten eta Boulangerren arteko ezpata duelua bezala, garai hartako Frantziako aktualitate politikoko beste hainbat gertaera zirraragarri jasotzen ditu Muruaren lanak, euskaraz, Le Reveil aldizkariak egin bezala. "Publiko zabalarentzat egokituta dago lana, orduko kazetariek kontatu zituzten istorio haiek modu gaurkotuago batean agertzen dira", hitzeman du kazetariak.

Garai bateko argazkia

"Le Reveil izan zen maiztasun eta epe esanguratsu batzuetan kazetaritza euskaraz egin zuen lehena", baieztatu du Muruak. Aldizkari horrek ezarri zuen mugarriari neurria hartzeko, nahikoa da esatea erdarazko kazetaritzak bi mendeko ibilbidea zuela Le Reveil argitaratzen hasi orduko. "Ordurako, hizkuntza nagusietan, prentsa sektore ekonomiko garrantzitsua zen, tirada oso handiko egunkariak zeuden ingelesez, frantsesez, gazteleraz... Kazetaritza ogibide prestigiotsua zen", zehaztu du zarauztarrak.

Bada, 1886tik aurrera, astero lau orri argitaratu zituen Le Reveil Basque-k, frantsesez eta euskaraz, eta zortzi urtez, "Frantziako III. Errepublikako nahiz Euskal Herriko gorabehera politiko nagusien-eta berri izan ahal zuten Le Reveil euskaraz baizik irakurtzen ez zutenek", nabarmendu du Muruak. "Le Reveil Basque aldizkariaren hemerotekako aleak irakurrita, XIX. mendearen bukaerako argazki bat irudika dezakezu, Euskal Herritik orduko munduari, aldatzen ari zen munduari, egin zitzaion argazkia. Nik horretan oinarritutako kontakizuna egin dut", gaineratu du.

Kontakizun hori hainbat istoriok osatzen dute, besteak beste, Euskal Herriko politikari gorrien eta xurien arteko xextrek. "Istorio horietako bat berezia da. Le Reveil Basque-k eta Eskualduna-k astez asteko borroka bat zuten, baina bi aldizkarien buruak politikariak ziren, eta hauteskundeetan ere aurrez aurre lehiatzen ziren Mauleko barrutiko diputatu izateko. Le Reveil-en garaian birritan egin zituzten hauteskunde legegileak, eta hauteskunde kanpainek bi aldizkarien arteko gerra ziruditen. Bestalde, Maiatzaren Leheneko lehenengo edizioan Parisen izan ziren protesten inguruko hainbat artikulu idatzi zituzten. Horren politikoak ez diren istorioak ere jaso ditut, adibidez, orduan eraiki zuten Eiffel dorrea, eta oso artikulu politak argitaratu zituen Le Reveil Basque-k", adierazi du Zarauzko kazetariak.

Gorria, ez euskaltzalea

Garai hartan egiten zen kazetaritza "oso politikoa" zela esan du Muruak: "Iritzia eta informazioa orain baino gehiago nahasten zituzten, eta hedabideen arteko liskarrak oso agerikoak ziren, elkarri irainka aritzen ziren. Tira, beste modu batera, baina hori gertatzen da gaur egun ere".

Le Reveil-en kasuan, euskaraz egitea bera hautu politikoa izan zen, baina ez bereziki euskararen edo euskalduntasunaren aldekoa: errepublikaren aldeko informazioa ahalik eta gehien zabaltzea zuen helburu, baita euskaldun elebakarrengana iritsi zedin ere. "Euskaraz egiten zuten frantsesez ez zekitenentzako; ez ziren, inola ere, euskaltzaleak. Beraien mezu politikoetan garbi ikusten da Frantzia zaleak zirela", baieztatu du liburuaren egileak.

Horrela, urtebete geroago sortu zen Eskualduna aldizkariarekin lehian kaleratzen zen Le Reveil Basque; biak ziren astekariak, elebidunak eta jeneralistak, hauteskundeetan eragin nahi zuten batak zein besteak, baina Le Reveil gorria zen, demokraziaren aldekoa, eta Eskualduna, berriz, xuria; hots, elizkoia, eskuindarra eta demokraziaren aurkakoa. Pauen inprimatzen zuten astekariak bazuen aliatu bat, halere. 11.000 kilometrora, California'ko Eskual Herria hedabidea martxan izan zen Los Angelesen (AEB) 1893tik 1898ra. Errepublikazalea zen aldizkari hori ere, eta euskara hutsean argitaratzen zuten.

Aurkezpena, igandean

Biba gorriac! idazteko prozesuan gozatu egin duela ziurtatu du Muruak, eta irakurleek ere goza dezaten kaleratu du lana. Igandean, 19:00etan, aurkeztuko du liburua Durangoko Azokan, eta euskarazko kazetaritzaren hastapenetara bidaiatu nahi dutenek eskuragarri dute jada.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide