Plaza betea, euskararen alde

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 3a

Alkatearen hitzartzea, soinu eta pandero doinuak, kantuak... Ohiko bidetik ospatu dute ikastetxeek Euskararen Eguna, herriko plazan. Elkargunean, bingoan jolasteko aukera ere izan dute ikasleek. Arratsaldean izango den zirku ikuskizunarekin borobilduko dute eguna.

Ikasleek bete dute herriko plaza Euskararen Nazioarteko Egunean. Urtero moduan, ikastetxeak utzi eta plazara atera dira gaztetxoak, euskararen aldeko deia ozen aldarrikatzera. Floreaga ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleak plazako agertokiaren aurrean jarri dira, eta guztiek euskararen alde dantzatu, abestu eta oihukatu dute. 

Txandaka iritsi dira plazara ikasleak, batzuk Berdura Plazatik, besteak plazaren beheko kaletik, eta azkenak, plazaren goiko kaletik. Ordea, denak kalejiran sartu dira udaletxe aurrera, soinu eta pandero jotzaileek lagunduta. Ikastetxe bakoitzak, gainera, pankarta bana eraman du gaurko ekitaldira, eta guztien artean osatu dute Azkoitian, zahar eta gazte, jai eta aste, euskara aske zioen esaldia. Pankartei eusten zieten ikasleak plazako agertokiaren gainera igo dira, eta haien atzean elkartu dira soinu eta pandero jotzaileak. Gainerako guztiak haien aurrean izan dira.

Ana Azkoitia herriko alkatea ere agertoki gainetik aritu da hizketan; gaurko hitzorduaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Azkoitiak. Alkateak haurrei gogorarazi die abenduko eta Gabonetako "zurrunbiloan" badela "ahaztu behar ez den" zerbait: "Eskolan, oporretan, etxean... gauden tokian, euskara erabili behar dugu. Arrazoi bategatik: euskara da gure hizkuntza. Euskara da euskaldunon hizkuntza", esan du alkateak.

Ordea, hark nabarmendu du euskara "zaintzen eta maitatzen ez bada, galtzen eta ahultzen" joaten dela. "Zuhaitzek ura behar dute hazteko, eta euskarak gu behar gaitu. Euskara altxorra da, eta altxor horri eutsi nahi badiogu, erabili beldurrik gabe. Guztiok euskaraz hitz egiten badugu, euskara indartu egingo da", nabarmendu du.

Galdera bat ere luzatu die Azkoitiak plazan bildutakoek: "Prest al zaudete euskara zaintzeko, maitatzeko eta indartzeko? Hitz egin, jolastu, pentsatu eta bizi euskaraz!". Erantzuna jaso ostean, berriz, ariketa bat proposatu die alkateak ikasleei: besarkadaren keinua eginda, euskara "lagunik onena balitz bezala" besarkatzeko eskatu die hark.

Alkatearen hitzartzea bukatu orduko, abesteko tartea hartu dute. Guztira, lau abesti kantatu dituzte musika irakasle batek lagunduta: karaoke eran abestu dituzte Behin betiko, Gure bihotzaren taupadak eta Txoriak Txori kantak, eta trikitilarien laguntzarekin, Egun da Santimamiña abestia. Ekitaldia ixteko, ikasleek udaletxeko balkoira igo dituzte agertoki gainera eramandako pankartak, eta han eskegi dituzte, ondorengo orduetan herritar guztiek mezua irakur dezaten.

Dena den, beste bi pankarta ere jarri dituzte gaur plazan. Kultur Etxeko eraikinean, batetik, Nafarroako banderak lagundutako Lingua Navarrorum zioen pankarta zintzilikatu dute, eta bestetik, Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen Euskaraz bizi nahi dugu pankarta.

Ekintza gehiago

Plazan bakarrik ez, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan ere izan da ikasleentzako ekintzarik goizean. Yogurinha Borovak eta Akrata Kristik gidatuta, bingoa egin dute Azkoitiko ikastetxeetako DBH 3 eta DBH 4 mailetako ikasleek. 11:00etatik 12:15era bitartean egin dute lehen saioa, eta 13:15etik 14:30era bitartean egingo dute bigarrena. Bingoa egin dutenak, gainera, sariarekin joan dira gaur etxera.

Udalak gaurko egunerako antolatutako azken hitzordua, bestalde, arratsaldean izango da. 17:30ean hasita, Berdinki zirku garaikide elkarteak Mikra ikuskizuna eskainiko du Berdura Plazan. Sarrera irekia eta doakoa izango da herritar guztientzat. 

(Argazkiak: Andoni Elduaien eta Zezilio Salas)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide