Argi eta apaingarri, ahal dela jasangarri

Maialen Etxaniz 2025eko abenduaren 12a

(Argazkia: Envato)

Gabon garaian argiz eta apangarriz bete ohi dira herrietako kaleak. Merkatari elkarteentzat sasoi garrantzitsua izaten da Eguberrietakoa, eta bezeroak saltoki txikietara gerturatzeko saiakera berezia egiten dute horiek. Herriak eta dendak festarako girotzeko ahaleginean, trabak ere aurkitzen dituzte, beti ez baitituzte nahi beste baliabide eskura izaten. Gabonetako argiek eztabaida ere piztu izan dute hainbat urtez, baina Urola bailaran azken boladan udalek hartutako hainbat neurri tarteko, kontsumoa nabarmen jaitsi da.

Azaroaren erdialdetik aurrera, eskualdeko herrietako kaleak, lorategiak eta zuhaitzak itxuraz aldatzen hasten dira. Udazkenak berezko dituen koloreak bereganatu ez ezik, negurako prestatzeari ekiten diote. Hain zuzen, Gabonetako apaingarrien, eta bereziki argien, instalazioak egiten hasten dira tokian tokiko udal langileak edo horretarako espreski kontratatutako enpresak.

Herri bakoitzak bereizgarri propioak ditu, eta toki batzuetan besteetan baino apaingarri ikusgarriagoak jartzen dituzten arren, ia herri guztietan egiten dute Gabonetako argiei lekua egiteko hautua. Izan ere, Gabonak urteko garairik "garrantzitsuenetakoa" dira herrietako merkatarientzat eta merkatari elkarteentzat, eta kaleak girotzeko "ezinbestekotzat" dituzte argiak. Urteetan zehar merkatari elkarteek eta kontsumo bulegoek analizatu dituzten datuek iradokitzen dute urteko salmenta kuotak nabarmen hazten direla abenduan, Gabonetako kanpaina deitzen dioten epean, eta dendariek espreski eskatzen dute kaleak okasiorako janzteko. Baliabideak ez dira guztien eskura egoten, ordea. Zenbait udalek beren gain hartzen dute argiteriaren kostua; beste batzuek, berriz, merkatari elkarteekin batera osatzen dute diru poltsa.

Kontsumoaren hilabetea izaten da abendua, nolabait, eta Gabonetako jaiegunek nahiz Erregeen etorrerak jendearen erosteko inertziak indartzen ditu. Kontsumoak baditu hainbat aurpegi: dendariei irabaziak eragiten dizkie, jendeak gastua egiten du eta apaingarriek energia kontsumoaren gorakada eragiten dute, besteak beste. Europako zenbait herrialdetan neurri bereziak hartu behar izan dituzte azken hamar urteetan Gabonetako argiteriak eragindako kontsumoa jaisteko xedez, eta Euskal Herrian ere egin dute saiakera. Gehiegizko argindar kontsumoaren kontrako iritziak ere egon izan dira, baina azken urteetan nabarmen jaitsi da kontsumo hori LED argiteria tarteko, eta Gabonetako argien kontrako iritziek apaltzera egin dute. Udaletako hainbat ordezkariren eta merkatari elkarteren iritziak bildu ditu Gukak.

Europan indartutako tradizioa

Europako hainbat herrialdetan tradizio zahar eta preziatua da Gabonetako argiena, eta lekuan-lekuan estilo eta ohitura desberdinak garatu dituzte. Europako Gabonetako azoka esanguratsuenak Alemanian eta Frantzian egiten dituzte, eta turismorako pizgarri izaten dira horiek abenduan. Dena den, azken urteotan hainbat neurri hartu behar izan dituzte Europako hiriburu nagusienetan, energia krisiak eragindako prezioen igoera tarteko. LED argiteriarekin ordezkatu dituzte urte luzez erabilitako koloretako bonbila tradizionalak.

Traveler enpresaren arabera, Europako zenbait hiritako argiaren kontsumoa nabarmen igotzen da abenduan. Argitalpen horren arabera, Liublianan, esaterako, argiaren energia kontsumoa %67,57 handitzen da Gabonetan, Stockholmen %49,33, eta %48,53 Oslon. Espainiako Estatuan, berriz, Madril, Vigo (Galizia), Bartzelona eta Mallorca (Herrialde Katalanak) dira kontsumo handiena izaten duten hirietako batzuk.

(Argazkia: Guka)

Europako eta Espainiako Estatuko datuetatik oso urrun dago, baina, Urola Kosta. Eskualdean Gabonetako apaingarriei garrantzia ematen dieten arren, energia kontsumoan eta baliabideetan egiten den gastua ez da aurrez aipatutako datuetara gerturatzen. Urola Kostan Zarautz da argiterian diru gehien gastatzen duen herria, eta haren atzetik dago Zumaia. Dena den, hainbat arrazoi tarteko, herri guztietan ez dituzte kontsumo datu errealak.

Zarauzko Udalak lehiaketa publiko bidez esleitzen du argien, dekorazioaren eta muntaiaren zerbitzua, eta erakunde horrek jakinarazi duenez, aurten, 52.453 euro kostatuko zaie dena. Guztira, 56 argiztapen arku, hamahiru biribilgune eta hainbat auzotako guneak argiztatuko dituzte, 40 egunez, azaroaren 28an hasita. Kontsumoaren datuaz galdetuta, zifra zehatzik ez dutela jakinarazi du udalak: "Herriko koadro elektriko desberdinetara konektatzen dira Gabonetako argiak, eta, horrenbestez, gainerako kontsumoarekin nahasten da. Dena den, esan dezakegu azken urteetan inbertsioa egin dela kontrataturiko zerbitzua LED teknologiakoa izan dadin %100ean". Horren harira, Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du nabarmen jaitsi dela kontsumoa LED argiteria jartzen hasi zirenetik: "Azken urteetan, Gabonetako argiteria guztia, oso-osorik, kontsumo baxuko LED teknologiaz osatzen da, eta, horri esker, kontsumoa %80 inguru jaistea lortu dugu, nahiz eta urtetik urtera argiztapen puntu gehiago jarri ditugun".

Azpeitiko kasuan, Gabonetako argiteria zerbitzua Bertan merkatari elkarteak ordaintzen du nagusiki, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza baliatuta. Elkarte horretako ordezkariek azaldu dutenez, aurtengorako alokatutako argien aurrekontua 16.232 eurokoa da. Horietatik 14.550 euro Bertanek ordainduko ditu, eta gainerako 1.682 euroak, udalak. Hori bai, udaleko brigadako langileek egin dute instalazioa oso-osorik. Abenduaren 5etik aurrera, egunero, gehienez, sei orduz egongo dira piztuta argiak, eta hori kontuan izanda, aurtengo Gabonetako argiteriagatik kalkulatutako kontsumo gehigarria 4.400 kWh ingurukoa izango dela aurreikusten du Azpeitiko Udalak, "hamabost etxeren hileko gastuaren edo auto elektrikoan 22.000 kilometro egitearen baliokidea". Ingurumen inpaktuari dagokionez, kontsumo hori 0,8 tona CO₂ isurketaren baliokidea dela azaldu dute, "urte batean 40 zuhaitzek xurga dezaketen kopuruaren antzekoa". Beraz, erakundearen aburuz, Gabonetako argien erabilerak "hazkunde energetiko apala" eragingo du. "LED teknologiaren erabilerarekin, jai argitsu eta eraginkorrak mantentzeko konpromisoa dugu", esan du erakundeak.

Azkoitiko Udalak, bere aldetik, Gabonetako argiteriaren zati bat jabetzan dauka, eta beste multzo bat alokatu egiten du. Aurten, adibidez, alokairuko argien aurrekontua 17.924 eurokoa da. Instalazioari dagokionez, lanaren zatirik handiena udaleko brigadako langileek egiten dute, eta gainerakoa muntatzeko kanpoko enpresa bat kontratatzen du erakundeak. Instalazioa egiteko kanpo enpresaren aurrekontua 3.624 eurokoa da. Udalak nabarmendu duenez, azken urteetan Gabonetan egindako energia kontsumoa eta gastua "oso antzekoa" izan da urtez urte. "Jartzen diren argi guztiak LEDak dira. Izan ere, jasangarritasunari begira, Azkoitiko Udalak herriko argiteria orokorra hobetzeko lan handia egin du azken urteetan. 2018an, instalazio elektrikoak berritu genituen, herriko 47 koadro elektriko berrituta, eta 2022an, LED argiak jarri ziren. Ia 3.280 luminaria daude herrian, eta horietatik 1.963 aldatu genituen orduan. Horrekin bi gauza lortu ditugu: jasangarritasuna nahiz aurrezte energetikoa eta segurtasuna bermatzea", adierazi du Ana Azkoitia alkateak. Dena den, udalak nabarmendu duenez, aurreztu duten hori zenbat den zehatz-mehatz jakitea "ez da erraza", hainbat aldagai tarteko. Hala ere, datu bat eman dute: 2021eko kontsumo orokorra 1.884.236,72 kWh izan zen; 2024koa, berriz, 942.752,76 kWh. "Gabon argien kontsumoa zenbatekoa den kalkulatzea oso zaila da guretzat, ez baitaude kontagailuak bereizita, kutxa elektriko jakin batera lotuta, sare orokorrera bideratuta baizik", azaldu du udalak.

Zumaian bestelakoa da panorama. Hango udalak beregan hartzen du Gabonetako argien kostua oso-osorik. Aurten, 37 egunez piztuko dituzte argiak, eta kaleko argiteriarekin batera piztuko eta itzalduko dira horiek. Kontsumoari dagokionez, 11Kw potentzia instalatu dutela jakinarazi du udalak, eta abenduaren 1etik urtarrilaren 6ra 5500 kWh kontsumoa izango dutela aurreikusten dute. Nabarmendu dutenez, LED sistema ezarri zenetik herriko Gabonetako argien kontsumoa "oso baxua" da. Udalak lau urterako lizitatu zuen argiteria zerbitzua, eta urtean 43.390 euroko kostua du. "Zerbitzuaren barruan sartzen da materiala bera uztea, materiala jartzea, instalazioa eta mantentze lana. 2028an amaituko da lizitazioa, eta udala bestelako formulekin lan egitea aztertzen ari da", aurreratu du udalak. Argi Yeregi Hirigintza zinegotziaren aburuz, Gabonetako argiteria LED sistema bidezkoa izanik, kontsumoa "neurrikoa" da. Udalarentzat kontsumoa jasangarria izatea ezinbestekoa dela nabarmendu du hark, gainera: "Kalea girotu nahi badugu, beti ahalik eta modu jasangarrienean egin behar dugu; hau da, saiatzen gara herritarren edo sektore guztien eskariak kontutan hartzen –merkatariak edo auzo desberdinetako bizilagunak kasu–, baina betiere oinarritzat ditugun printzipioak baztertu gabe. Zentzu horretan, eta energia kontsumoari lotuta, aipatzekoa da data zehatzei lotutako neurri txikiak ez ezik, egunero eragiten duten eta iraunkorrak diren neurriak direla garrantzitsuenak". Horri lotuta, Yeregik azpimarratu du Zumaiako kale argiteria guztiak LED sistema bidez funtzionatzen duela, eta "jasangarritasunari loturiko askotariko neurriak" hartzen dituztela urtean zehar hainbat arlotan: "Eraikin publikoen efizientzia energetikoan lan handia egiten ari gara, hala nola komentuaren eraberritzean, kiroldegian eguzki plakak martxan jarrita, Sagarbide eraikinean... Jasangarritasuna zeharkako lerrotzat dugu, data edo festa zehatzetatik harago".

(Argazkia: Guka)

Argi pizteak, ikuskizun

Vigo edo Mallorca bezelako hiri handien antzera, Zarautzek hitzordu berezi bat hartzen du urtero: Gabonetako argien pizte ekitaldia. Hitzordu hori probesten dute herriko argiteria pizteko eta herritar hainbati omenaldia egiteko. Zarauzko alkateak adierazi duenez, Gabonetako argiztapenari "dagokion garrantzia" ematen dio udalak: "Urteko sasoi horretan, herritarren gehiengoak, haurrek zein helduek, gogoko izaten ditu Gabonetako kale apaingarriak. Horiek zarauztar askorengan ilusio berezia pizten dute, eta merkatariek eta ostalariek ere eskertzen dituzte argiak, kaleko giroa bultzatzeko lagungarriak direlako". Hain zuzen, Txurrukak nabarmendu du "ukaezina" dela argiteriak herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzen laguntzen duela urteko data jakin horietan.

Argien pizte ekitaldia "berezia" izaten dela adierazi du, halaber, alkateak, eta urte batzuen buruan gero eta sona handiagoa hartu duela esan du: "Urtetik urtera gero eta zarauztar gehiago hurbiltzen dira Musika plazara momentu hori elkarrekin bizitzera. Izan ere, Gabon kanten, txokolate jan solidarioaren eta Gabonetako argien bueltan momentu berezia sortzen da. Gainera, urtero, herriaren alde lanean aritu diren zarauztarrei aitortza omenaldia egiten diegu, eta oso berezia izaten da une hori ere".

Noiz edo noiz sortu izan dira eztabaidak Zarauzko argi pizte ekitaldiaren harira, baina kontsumoari lotuta baino, kontratatutako enpresen bueltakoak izan dira tira-birak.

Goxotzeko "ezinbestekoak"

"Zenbait merkatarik erakutsi izan dute kezka Gabonetako argien inguruan, eta galdetu izan dute kontsumoa jasangarria ote den", aitortu du Azpeitiko Bertan merkatari elkarteko kide Xabier Aldalurrek. Dena den, beste ideia batekin borobildu du azalpena: "Azken urteetan, ordea, LED argiak ezarri direnetik, ez dago horrenbesteko kezkarik edo zalantzarik". Hain zuzen, uste hori da merkatarien artean gailentzen dena, eta horrekin bat dator Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteko Sara Rodriguez ere: "Merkatariek argi ikusten dute behar direla Gabonetako argiak, kaleak goxotzeko ezinbestekoak direla pentsatzen dute; izan ere, saltoki txikientzat Gabon garaiko kanpaina da urteko aldirik garrantzitsuena, eta argiek ukitu magikoa eskaintzen dute".

Rodiguezek azaldu duenez, Azkoitiko merkatarien artean ere egon dira dilemak noiz edo noiz, Gabonetako argiak beharrezkoak ote diren gai hartuta, baina gehiengoa aldekoa dela azpimarratu du. "Gaur egun, LED sistema dago ezarrita Gabonetako argiterian, eta horrek gastuan duen eragina oso txikia da. Hori azalduta, ez dago zalantzarik: merkatariak apaingarrien oso aldekoak dira", gaineratu du Rodriguezek.

(Argazkia: Guka)

Hala ere, Gabonetako argiak merkatari elkarteek abendurako antolatzen dituzten egitasmoen osagarri xume batzuk baino ez dira. Izan ere, Urola Kostako herrietako merkatari elkarteek lan ikaragarria egiten dute Gabonetako kanpaina prestatzeko. Herri gehienetan antolatzen dituzte erakusleiho lehiaketak, zozketa bereziak, ginkanak eta Gabonetako azokak. Musikaz ere alaitzen dituzte kaleak. "Denetarik entzun behar izaten dugu: batzuentzat abestiak balekoak dira; besteentzat, entzungaitzak; eta beste batzuek musika haien auzoan jartzea nahi izaten dute. Inoiz ezin da denen nahia asetu", esan du Aldalurrek.

Argien bueltako eztabaidatik haratago, merkatari elkarteetako ordezkariek ideia bat nabarmendu dute: "Gabon garaian ohikoa da erosketak egitea. Zaindu ditzagun saltoki txikiak, egunero herrietako kaleak biziz betetzen dituzten dendak, bestela, saltoki handiek jan egingo gaituzte, argiegin edo argirik gabe".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide