Domusa Teknik ISBk galdu egin zuen zapatuan Castellon (Herrialde Katalanak). Fustecma NBF Castello taldearekin neurtu zituzten indarrak ISBko emakumeek, eta 70-53 galdu zuten. Otsoek lehen zatian egin zuten okerra, eta etxekoek orduan lortu zuten aldea gaindiezina bihurtu zen gerora Azkoiti-Azpeitikoentzat.
Puntu asko jaso eta gutxi saskiratu zituzten otsoek lehen bi laurdenetan. 25 eta 21 puntu jaso zituzten ISBkoek, hurrenez hurren, lehen bi laurdenetan, eta hemeretzi baino ez zituen pilatu. Hala, 46-19 emaitzarekin hartu zuten bi taldeek aldageletarako bidea. Gauza onerako, alde handiegia erakusten zuen markagailuak, baina, era berean, bazen kantxan ikusitakoaren isla ere.
Bigarren erdian itxura askoz hobea erakutsi zuten Luis Agirre Katxi-renek, baina orduan egindako ahalegina ez zen nahikoa izan etxeko taldea estutasunean jartzeko; urrun, oso urrun zeuden Castellokoak. ISBk markagailua itxuratzea lortu zuen, baina, dena den, garaipena lehiatzeko borrokarik ez zen ikusi kantxan.
Geraldynn Leaupepe izan zen ISBko onena Castellon; hamabi puntu saskiratuta, hamahiru puntuko balorazioa lortu zuen hark. Hamar jardunaldi jokatuta, ISB sailkapeneko zazpigarrena da; erdiko postuetan jarraitzen dute otsoek. Datorren zapatuan, abenduak 6, Oses Construccion taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak otsoek; Azkoitiko Elkargunean jokatuko dute haiek, 13:00etan. Aurkari zaila izango dute aurrean, goiko postuetan dabilen taldea baita Zizur Nagusikoa (Nafarroa).
Gizonek, berriz, atseden hartu dute igaro berri den asteburuan. Dena den, datorren asteburuan berrekingo diote Biele ISBkoek liga txapelketari, eta Cultural y Deportiva Leonesa taldearen aurka aritu beharko dute Iñigo Nuñezenek. Emakumeek bezala, gizonek ere Azkoitiko Elkargunean dute hitzordua, 18:00etan.