Iritzia

78ko erregimenaz eta haustura politikoaz

Xuban Salegi, Aitor Elorza eta Ortzi Alberdi (Mugimendu Sozialista) 2025eko azaroaren 27a

Mugimendu Sozialistako Xuban Salegik, Aitor Elorzak eta Ortzi Alberdik gutun bateratua bidali dute Gukaren erredakzioa, 78ko erregimenaz eta haustura politikoaz duten ikuspuntua azalduz. Hona hemen erredakziora bidali duten idatzia:

Aurten ere, Franco hil zen egunaren bueltan sortzen den zarata mediatikoak beste behin erakusten du Euskal Herrian aspaldidanik azaleratutako egia bat: trantsizioak ez zuen frankismoaren benetako etenik ekarri. Botere ekonomiko, instituzional eta polizial berak jarraitu zuen, demokrazia burgesaren itxurapean. 1978ko eraldaketak ez zuen estatu faxistaren egitura desegin; makilatu egin zuen. Ez ziren aparatuak garbitu, ez ziren krimenak epaitu, ez zitzaien pribilegioei uko egin. Areago, forma, diskurtso eta zilegitasun berriak eman zitzaizkien eliteen arteko akordio baten bidez, erregimenak bere burua hauteskunde molde batera egokituz, botere oligarkikoaren jarraipena bermatzeko.

Egin gabeko haustura horrek baldintzatzen du gaurko egoera. Mende erdi geroago, mendebaldeko kapitalismoaren krisi historikoari aurre egiteko gai ez den erregimen bat dugu aurrean.

Estatua bera askotan faxismoaren aurkako hesitzat saltzen digute, baina gaur egungo egoeran gero eta argiago ikusten da kontrakoa ari dela gertatzen: estatua bera ari da bihurtzen faxismoaren iturri, elikagai eta bultzatzaile nagusienetako bat. Mendebalde osoa krisi ekonomiko, sozial eta geopolitiko handi baten erdian dago, eta egoera nahasi horretan oligarkiak –betiko botere ekonomikoek– estatuaren norabide autoritarioa sakontzen ari dira, gure eguneroko bizitzako esparru guztietan eraginez.

Kulturaren arloan, adibidez, erreakzio ideologiko oldarkorra ari dira indartzen. Klase ertainak gainbeheran doazen heinean –laneko segurtasuna galtzen, prezioak igotzen eta ziurgabetasuna areagotzen– gizartearen zati batek gero eta errazago irensten ditu diskurtso xenofoboak, autoritarioak edo "moralista" itxurapean datozkigun kutsu klasistako mezuak. Ez dira kasualitatea, esaterako, gure herriko Whatsapp taldeetan bueltaka dabiltzan mezuak edo sare sozialetan zabaltzen diren "beldurraren kanpainak".

Politikan ere, panorama ez da hobea. Plataforma ultraeskuindarrak, komunikazio tankerako mugimendu erreakzionarioak eta talde atzerakoiak indartu dira; askotan botere ekonomikoen babesarekin. Espainiako Estatuan Voxen normalizazioa dugu adibiderik ezagunena, baina gure herrietan ere baditugu bestelako agertokiak: etxegabetze enpresen presentzia, herriz herri ibiltzen diren agitazio ekintzak edo sare sozialetan egunero ikusten ditugun antolatutako kanpainak.

Eta estatuaren barruan, berriz, pausoz pauso aurrera doa egitura autoritarioaren eraikuntza: eskubide sozialen murrizketak, gero eta handiagoa eta oldarkorragoa den poliziaren presentzia, protesta soziala kriminalizatzeko legeak eta militarismoaren hazkundea. Azken batean, estatu demokratikoaren itxura mantentzen duen, baina gero eta itogarriagoa den aparatua eraikitzen ari dira, botere ekonomikoen interesak zaintzeko eta gizartea diziplinatzeko.

Estatuaren parte diren instituzioek faxismoa geldiarazteko duten ezintasuna agerikoa da: 78ko erregimenaren, eta, oro har, edozein demokrazia burgesen diseinuaren parte da. Mobilizazio antifaxisten aurrean erreakzio politikoa behin eta berriz ikusi da. Ehunka gaztek Gasteizen muturreko eskuinak sortutako agitazioa gelditu zutenean edo Vito Quilesek Iruñean bere diskurtsoa zabaltzea eragotzi zutenean, eskuin muturraren indarkeria geldiarazteko ezer egin ez zuten ahots berberek gazteriaren erantzuna seinalatu eta kriminalizatu zuten aurrena. Eskuadrismoak indarra hartzen duen bitartean, badirudi instituzioen lehentasuna dela antifaxismoa neutralizatzea, otzantzea edo sinbolo huts bihurtzea, kapitalaren interesei arrisku handirik sortu gabe.

Testuinguru horretan, kolore guztietako alderdi parlamentarioen antifaxismoak –adierazpenetan, sare sozialetako mezuetan edota osasun hesi sinbolikoetan geratzen den horrek– agerian uzten ditu bere mugak. Ez dira faxismoaren oinarri materialak auzitan jartzeko kapaz, sistema bera elikatzen duen esparru politikoaren parte baitira. Gobernatzen dutenean, politika neoliberalen, murrizketa sozialen eta kontrol polizialaren areagotzea aplikatzen dute, eskuin muturrak bere mesederako baliatzen duen haserrea elikatuz. Bitartean, telebistan antifaxismoaren intsignia jartzen ikusten ditugu, hori hauteskunde-tresna gisa erabiliz. Baina errealitatea da, faxismoa sozialdemokraziaren ezintasunetik ere elikatu dela.

Eta, azken batean, abiapuntura itzultzen gara: frankismoaren ondorengo erregimenarekin benetako hausturarik egin gabe –hura eusten duen demokrazia burgesarekiko hausturarik gabe–, ezinezkoa da faxismoa geldiaraztea. Trantsizioak zauria estali zuen, baina ez sendatu, eta ondorioak gaur egun ikusten ditugu. Egiteko historikoa ez da erregimen zaharraren gainbehera kudeatzea, hura gainditzea baizik. Bide horretan, langileok uste dugu haustura politikoa faxismoa bera elikatzen duten estatua eta kapitalismoa kolpatzetik hasi behar dugula.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide