Basoak, biodibertsitate ekoizleak izenburupean, basoei eta biodibertsitateari buruzko lehendabiziko jardunaldiak egingo dituzte asteburuan Azpeitian. Urola Bizirikek, Lurgaiak eta Kutxa Fundazioak elkarlanean antolatu dituzte jardunaldiak, eta horiek adierazi dutenez, gonbidatu duten aditu taldeak, besteak beste, "engainuzko terminoak interpretatzen" lagunduko die parte hartzen duten herritarrei, "hala nola abandonua, mendiaren garbitasuna edota sute arriskua".
Basoen eta biodibertsitatearen esparruan izen handiko adituak eta profesionalak dira hitzaldiak ematera gonbidatu dituztenak: Arturo Elosegi eta Unai Sertutxa EHUko irakasleak, Phill Martin eta Isa Donoso BC3 Basque Centre for Climate Change zentroko kideak, Oscar Schwendtner Bioma Forestal enpresaren zuzendaria, Alfredo Ojanguren Oviedoko Unibertsitateko irakaslea eta abar. Horien guztien hitzaldiak larunbatean izango dira, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan, 09:15ean hasi eta iluntzera bitartean; azken jarduera 17:45ean hasita egingo duten mahai ingurua izango da.
Igandean, berriz, 09:30ean hasita, interpretazio ibilaldi bat egingo dute Altzolarats errekari jarraituz, eta "paisaiaren irakurketa zorrotza eginez".
Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek, info@lurgaia.eus helbide elektronikora idatzita eman beharko dute izena, eta 15 euro ordaindu beharko dituzte, larunbateko bazkaria barne. Lurgaiaren bazkideentzat doakoa izango da parte hartzea.
Egitaraua
Hona hemen egitaraua osorik:
Azaroaren 29a, larunbata
- 09:15. Ateak irekitzea.
- 09:30. Aurkezpena.
- 10:00. Arturo Elosegi, EHU-UPV. Basoen egoera Euskal Herrian (euskaraz).
- 10:45. Oscar Schwendtner, Baso Bioma. Baso helduak Euskadin, Nafarroan eta Aragoin: habitata eta funtzioa (gazteleraz).
- 11:30. Kafea.
- 12:00. Unai Sertutxa, EHU-UPV. Zuhaitz landaketak eta biodibertsitatea (euskaraz.
- 12:45. Phill Martin, Basque Centre for Climate Change-BC3. Zer dio basoak lehengoratzeari buruzko ebidentzia globalak? (gazteleraz)
- 13:30. Bazkaria.
- 15:00. Isa Donoso, Basque Centre for Climate Change-BC3. Basoaren sarea: lehengoratzea, interakzio ekologikoen ikuspegitik (gazteleraz).
- 15:45. David Torralba, naturalista eta ingurumen-teknikaria. Landaredi iberikoaren etorkizunari buruzko oharrak (gazteleraz).
- 16:30. Kafea.
- 17:00. Alfredo Ojanguren, Oviedoko Unbertsitatea. Mendikate Kantauriarreko suteen arazoa (gazteleraz).
- 17:45. Mahai-ingurua.
Azaroaren 30a, igandea
- 09:30. Interpretazio ibilbidea Altzolarats errekaren inguruan.