Azkoitia eta Eibar (Gipuzkoa) artean osatutako taldea da Deus Ez. 2016an sortu eta 2017an grabatu zuten lehenengo diskoa, taldearen izen berekoa. Ondoren, 2019an, iritsi zen Sherpak izeneko lana, taldearen bigarrena. Orain, bost urteko etenaren ostean, Zain izeneko diskoarekin itzuli dira musikaren mundura Deus Ez osatzen duten hiru kideak. Koldo Sagarzazu azkoitiarrak kontatu ditu itzuleraren eta lan berriaren atzean gordetzen direnak.
Bost urtez isilik egon ostean biziberritu duzue taldea. Zer dela eta?
Pandemiak disko berria plazaratu berritan harrapatu gintuen, kontzertu hainbat lotuta genituenean. Ordurako abesti batzuk sortuta genituen. Kasualitatez, azken urteotan kide batek umea izan du, bestea Olaia Inziarterekin hasi da taldean, eta agenda konplikatu zaigu. Hala ere, sortuta geneukan materiala grabatu nahi genuen, eta aurten eman dugu pausoa.
Asko aldatu al da taldea denbora horretan?
Pandemiaren bueltan sortzen ari ginen abestiak aurrez egindakoetatik urruntzen hasita zeuden; beste bide bat hartzen ari ziren musikalki. Beraz, disko berria desberdina da aurrekoekin alderatuta, bai soinu aldetik, bai egitura aldetik... Asko aldatu da dena. Musikalki eta estetikoki aldatuta itzuli gara bost urteren ostean. Lehen soinua garbiagoa zen, melodikoagoa; orain beste ekoizle batekin egin dugu lan eta soinua gordinagoa da, zarata gehiago dago, akople asko.
Zer dago aldaketa horren atzean? Hau da, zuek aldatu zarete edo hautu bat izan da?
Biak. Hautu bat ere izan da. Oinarrietara itzuli nahi genuen; guretzako erreferente izan diren taldeen musikara hurbildu. Ekoizleak, bere aldetik, ekarpenak egin dizkigu eta lagundu digu aldaketa horiek egiten. Pandemiak ere lagundu zuen dena ilun zedin.
Zer aurki daiteke diskoan?
Guztira, 11 abesti jaso ditugu diskoan. Elementu aldetik, aurrez plazaratutako abestien oso antzekoak dira, baina pista gutxiago dituzte, geruza gutxiago nolabait. Izan ere, garrantzi handia ematen diegu zuzenekoei, eta saiatzen gara gure musikarekin fidelak izaten zuzenekoetan. Hiru kide gara, eta ezin ditugu elementu asko sartu abestietan ondoren zuzenekoetan abestiak defendatu ezin baditugu. Beraz, baxua, gitarra eta bateria dira gure oinarriak. Berrikuntza gisa, soinu elektronikoekin esperimentatu dugu.
Zerri abesten diozue?
Denetarik. Beti izan gara hitz irekiak egin dituen taldea. Askotan ez da jakiten zertaz ari garen kantuetan, bakoitzak bere erara interpreta ditzake. Beste batzuetan kritika nabari daiteke; familiak ere badu garrantzia hitzetan, eta gertatutako zenbait gauzek ere izan dute eragina letretan.
Estetika aldetik ere aldatuta itzuli zarete; ilustrazio koloretsuak eta ikus-entzunezko landuak plazaratu dituzue. Hori ere hautu bat izan al da?
Egia esan, bai; hautua izan da estetika aldatuta itzultzea. Rockeko talde ohikoen itxura genuen: ile luzea, iluna... Nahi genuen hortik irten. Ingek egin dizkigu marrazkiak, eta argi genuen berak egitea nahi genuela. Ilustrazio mota horrek eta erabiltzen dituen koloreek joko asko ematen dute. Ikus-entzunezkoei ere protagonismo handiagoa ematea nahi izan dugu. Finean, nahi izan dugu betiko iruditegitik pixka bat desmarkatu.
Zer asmo dituzue orain?
Dagoeneko itxi ditugu zuzeneko batzuk, baina oraindik ez ditugu jakinarazi, beste hainbat ixten ari baikara. Oraingoz, nahi duenak entzungai ditu abesti guztiak plataforma digitaletan.
Euskal eszena asko aldatu da bost urtean. Nabaritu al duzue aldaketarik?
Bai, eta horren oso jakitun gara, baina areto txikietan-eta gure lekua egitea gustatuko litzaiguke. Gaur egun formatu handiko kontzertuek hartu dute oihartzuna, eta esperientzia gisa saltzen dira. Horrek eragin zuzena izan du areto txikietan eta Gaztetxeetan, eta azken horien zirkuituak apaldu egin dira. Tabernetan ere apenas eskaintzen dira kontzertuak. Dena den, guk formatu txikiko aretoetan ikusten dugu gure lekua, eta dagoeneko data batzuk itxita ditugu.