Eusko Jaurlaritzak Aroa euskara eta euskaldunak indarberritzeko marko estrategikoa onartu zuen iaz. Datozen hamar urteetarako plana onartu zuen erakunde horrek, eta euskarari lotutako politikak zehazteko, Azkoitiko plana zehazteko, Azkoitiko Udalak parte hartze prozesua jarri du martxan. Marijose Arregi udaleko Euskara zinegotziak eta Jasone Bilbao udaleko Euskara teknikariak eman dituzte azalpenak gaur, ostirala, udaletxean.
Udaleko Euskara sailaren eta UEMAren artean ari dira gauzatzen lanketa, Azkoitiko Euskara Mahaiaren laguntzarekin. Parte hartze prozesuan, azkoitiarrek proposamenak egin ahal izango dituzte Azkoitian euskara indartu dadin; euskararen arloan Azkoitian zer egiten jarraitu behar den, zer indartu behar den, eta orain artekoaz gain, zer gehiago egin daitekeen adierazi beharko dute azkoitiarrek.
Herrian euskararen arloan egiten denari "balioa ematea, kontrastatzea eta aurrera begira zer hobetu daitekeen ikustea" nahi du udalak, eta horretarako jarriko dute martxan parte hartze prozesua. "Garrantzitsua da zer egiten dugun erakustea, zer indartu behar den edota zer gehiago egin daitekeen jakitea. Hain justu, puntu horien inguruan herritarrek duten iritzia jaso nahi du udalak, ahalik eta erabakirik onenak hartzeko eta ekintza planik eraginkorrena sustatzeko", adierazi du Arregi zinegotziak.
Galdetzen hasi aurretik, udalak liburuxka bat ondu du herrian euskara arloan egiten denaz informatzeko asmoz. Esku-orri horretan hainbat datu bildu dituzte, baita udalak martxan dituen proiektuak laburbildu ere, horien helburuak zein diren-eta azalduz.
Azkoitian euskara indar dadin egindako lanketa zein den ere jaso du udalak liburuxkan. Batetik, martxan dituen egitasmoak jaso dituzte, hala nola Gu Ere Bertsotan proiektua, Mintzalagun, Hike eizan!, Azkoitiko ahotsak, Esaizu euskaraz! argitalpena edota Kantari Azkoitia. UEMArekin elkarlanean egindako kanpainak ere jaso dituzte. Horietako bat da, esaterako, haur jaioberrien gurasoei eta erroldatu berriei euskarara gerturatzeko gonbidapena eginez bidaltzen zaien esku-orria. Datorren astelehenean, hilak 24, hasiko dira liburuxka etxez etxe banatzen.
Nola parte hartu?
Parte hartze prozesua datozen urteetarako euskarari lotutako politikak diseinatzeko jarri du martxan udalak. Hala azaldu du Bilbaok: "Herritarrekin adostuta egin nahi dugu gure plana". Euskara teknikariak berak eman du parte hartzeko dauden bideen gaineko informazioa. Batetik, udalak zabaldutako online galdetegia bete ahalko dute herritarrek, eta bestetik, etxean jasoko duten liburuxkaren azken orriko galdetegia osatu. Proposamenak paperean egitearen aldeko hautua egiten dutenek udaletxean eta Elkargunean jarriko dituzten kutxetan entregatu beharko dituzte beren proposamenak.
Abenduaren 4a, osteguna, arteko epea eman du erakundeak ekarpenak egiteko. Bilbaok aurreratu du galdetegia "oso sinplea" dela, eta hark herritarrak parte hartzera animatu ditu. "Herritarrak animatzen ditugu minutu batzuk hartzera eta hausnarketatxo bat egitera, proposamen aberasgarriak izan ditzagun esku artean". Era berean, proposamenak garatzeko eskatu die udalak herritarrei.
Udalak bi bilera ireki ere egingo ditu lanketaren bueltan. Abenduaren 17an, 18:30ean, Azkoitiko Euskara Mahaiak parte hartze prozesuan jasotako proposamenak azalduko ditu, Elkargunean; proposamen berriak egiteko aukera ere emango dute orduan. Urtarrilaren 21ean, ordu berean, Aroa planaren behin betiko proposamena azalduko dute Euskara Mahaikoek, Elkargunean. "Herritarrei parte-hartzeko deia egiten diegu, datozen urteetan, guztion artean, euskara biziberritzeko", esan du Bilbaok.
Lanketa honen bueltan, datorren urterako plangintza ere osatuta du udalak. Otsailean edo martxoan Aroa planaren zirriborroa onartuko dute; aurrena, Euskara Batzordearen oniritzia jaso beharko du dokumentuak, eta gero, udalbatzarena. Behin plana onartuta, haren berri emango diete herritarrei. Plana martxoan edo apirilean martxan izatea espero du udalak.
Euskararen erabilera datuak
Udalak banatuko duen liburuxkan hainbat datu pilatu dituzte. Arregi Euskara zinegotziak azaldu du "hainbat modutara" interpretatu daitezkeela datu horiek, baina esan du "esperantzarako arrazoiak" ere badirela. Euskararen erabilerari dagokionez, Azkoitiko batez bestekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoa baino altuagoa da, baita Gipuzkoakoa eta Urola Kosta eskualdekoa baino ere. Arregik esan du euskararen erabilera, egun, %67koa dela herrian. Dena den, datu horretatik harago, erabilerak izan duen bilakaera azpimarratu du zinegotziak; azken zortzi urteetan sei puntu igo da erabilera Azkoitian, %61ekoa baitzen zenbateko hori 2014. urtean.
Datua gehiago ere aletu ditu Arregik, eta hark esan du Azkoitian lau herritarretatik hiru direla euskaldunak. Azkoitiarren %76k ondo ulertzen eta ondo hitz egiten du euskaraz. Bestalde, herritarren %10ak ondo ulertzen du euskaraz, nahiz eta hitz egitea kostatu; eta azkenik, azkoitiarren %14a guztiz erdalduna dela azaldu du Euskara zinegotziak.
Adin tarteari dagokionez, 5 eta 24 urte arteko herritarrek erabiltzen dute gehien euskara Azkoitian, haurrek eta gazteek, alegia. Dena den, bada bestelako daturik ere. Umeen kasuan, bost puntu jaitsi da erabilera azken zortzi urteetan. "Umeen eta helduen artan gaztelania eta beste hizkuntza batzuk sartzen joan dira, eta hor daukagu erronka. Diagnostikoa egin beharra daukagu, beherakada horren arrazoiak ezagutzeko eta egoerari buelta eman diezaieketen neurriak hartzeko", esan du Arregik. Bestalde, gutxiago erabiltzen da euskara 45 eta 64 urte arteko herritarren artean.
Herritarren erdiek baino gehiagok euskara etxean jaso dutela azaldu du Euskara zinegotziak, baina kopuru hori ere pixkanaka "jaisten" ari dela adierazi du hark. "Azken 30 urteotan, euskararen erabilera etxean beheraka joan da. Gaztelaniak edo beste hizkuntza batek hartu du toki hori; hor ere badugu beste alerta txiki bat".
Azkoitian gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen diren askok euskararen aldeko hautua egiten dutela ere azpimarratu du Arregik. "Iñaki Iurrebaso soziolinguistak beste aldagai bat erantsi die ezagutzari eta erabilerari; hiztuna zein hizkuntzatan sentitzen den erosoen ere ikertzen du hark. Datuak aztertuta, gaztelaniaz errazago hitz egiten duten askok euskaraz egiten dute Azkoitian, eta hori balioa emateko modukoa eta aintzat hartzekoa da".