Urola Erdiko Mankomunitateak Azkoitiko Garbigunea berrituko du. Hondakinak behar bezala sailkatzeko gunearen azpiegitura hobetzeko lanen aurrekontua, guztira, 545.076,70 eurokoa da. Inbertsioa Urola Erdiko Mankomunitateak berak egingo badu ere, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna sailaren zein Europako Next Generation funtsen laguntzarekin gauzatuko du erakundeak Garbigunearen eraberritze proiektua.
Ipintza auzorako sarrera ondoan dagoen eremuan askotariko lanak egingo dituzte datozen asteetan: eremurako sarbidea hobetuko dute; segurtasuna handituko dute; perimetroko sarea eta babesa hobetuko dituzte; Garbiguneko argiztapena hobetuko dute; hondakinak gordetzeko eremuak, bai estalitakoak, bai aire zabalekoak, handituko dituzte; harrera gunea egokituko dute; hondakinak pisatzeko baskula jarriko dute; autokontsumorako energia sorkuntzarako panel fotovoltaikoak jarriko dituzte; eta azkenik, kudeaketa digitalizatuko dute.
Zapatutik aurrera, itxita
Berritze lan horiek tarteko, itxita egongo da Garbigunea. Urola Erdiko Mankomunitateak aurreikusi duenez, lanek lau hilabeteko iraupena izango dute. Hain justu, etzi, hilak 22, itxiko dute gunea, laster ekingo baitiete beharginek obrei. Erakundeak azaldu du "guztia egoki egon arte" ez dutela berriro irekiko.