Erretratua

"Etxean gozatzen dut nik gehienbat idiekin"

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 27a

Aitor Aizpuruaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Hiru hamarkada daramatza Aitor Aizpurua idi zaleak proben munduan. Opari moduan jasotako idi pare batekin ekin zion hark demen bideari, eta harrezkero, Euskal Herriko probaleku asko zapaldu ditu, bai beste batzuen idien itzain lanetan aritzeko, bai bere idiak plazaratzeko. Egun, punta-puntan dabil probalaria. Azaroko Azkoitia Guka aldizkariko 'Erretratua' ataleko erreportajea da honako hau. 

Urruneko animaliak dira batzuentzat idiak, eta etxeko bizilagunak, besteentzat. Aitor Aizpurua (Asteasu, Gipuzkoa, 1976) idi zalea da txiki-txikitatik, ordea. Askok Isidro Erretegiko mahaietara parrilan eginda zerbitzatzen dituen jakiengatik ezagutuko dute, baina idi proben munduan ere aspalditxotik du hark bidea zabalduta. Dagoeneko aurpegi ezaguna bihurtu da Euskal Herriko plazetan.

Aitona eta aita ferratzaileak zituen Aizpuruak. Berak ez zuen etxekoen bide bera jarraitu nahi izan, baina gaztetan sarri ibiltzen zen haien atzetik, laguntzen edo. "Idiak gustatzen zitzaizkidan, eta 16-17 urterekin aitari laguntzera joaten hasi nintzen", hasi da asteasuarra. Idiak gustatzetik idien zaletasuna izatera, baina, pauso erraldoi bat dago. Idi zale batek ireki zion horretarako zubia Aizpuruari. "Getariako Jose Mari Goenaga Urkia probalariak idi pare bat oparitu zidan, eta orduan murgildu nintzen idien munduan". 18 urte zituela jaso zituen Aizpuruak idi haiek, eta bi urte eskasera egin zuen jauzia plazetara. 

Gogoan du Azkoitiko probalariak hasierak "zailak bezain politak" izan zirela. "Ilusioarekin egiten nuen orduan lan, ez bainekien idiekin egiten nuena ondo egiten nuen edo ez". Orduz geroztik, egunero-egunero idiekin elkarbanatu du bizitza, eta hasieratik hona nabaritu duen aldaketa nagusia idien prestaketa dela aitortu du hark: "Askoz hobeto prestatzen dira orain", adierazi du. Izan ere, proba egunetan baino, etxean disfrutatzen du hark gehien. "Eguneroko entrenamenduak eginez, idiak garbituz, haiei jana emanez nahiz manta botaz... Ni modu horretan ibiltzen naiz gustura", gehitu du ganaduei zeharka begiratuz.

Lau idi ukuiluan

Harreman estua du idi zaleak Urrategiko Izer-Etxetxo baserriko ukuiluko lau idiekin. "Ordu asko igarotzen ditut horiekin, eta nola ez, kariñoa hartuta diet. Bikote harreman baten moduko zerbait dut haiekin". Azken esan hori adibide batean azaltzeko eskatuta, bai laster eman ere Aizpuruak. "Ezagutu egiten gaituzte. Bernardo [Uria] eta biok idiekin paseora ateratzen garenean, eta haiei azkeneko joan-etorria eragingo diegula esaten diogunean elkarri, idiek bakarrik hartzen dute ibilbidea amaitzean gelditu ohi garen lekurako bidea; ezer agindu gabe joaten dira, guk esandakoa ulertu balute bezala. Animalia oso azkarra da idia".

Aizpuruak bere idi parea du, baina ukuiluan aurrera eginda, beste bi ere ageri dira. Errezilgo Belamendi baserriko Iñaki Irulegi eta Nagore Urkizu bikotearenak dira. Bikote horrek 2021ean hartu zuen aurrenekoz idi pare bat, sekula plazara atera gabekoa, eta orduz geroztik uztarri bereko idien moduan dabiltza Isidro Erretegia eta Belamendi, Aizpuruak baitu Belamendiren idiak zaintzeko ardura. Hala kontatu du probalariak: "Idiak asko gustatzen zaizkie haiei, eta idi pare hura plazara atera edo ez zalantzan zebiltzala, laguntza eskatu ziguten. Gurera ekarri zuten idi parea, eta hemen daude orduz geroztik. Harrezkero, guk prestatzen dugu haien idi parea". Apustu hori, gainera, ondo atera zaie; izan ere, zenbait trabes eta txapelketa irabazi dituzte Errezilgo idiekin, baita Gipuzkoako txapela ere. 

Isidro Erretegiko uztarria ere ez da atzean gelditzen den horietakoa. Izenak ere zeharo deigarriak dituzte. Ohikoa izan ohi da idiei beren kolorearen arabera deitzea, baina, ez da kasua: Isidro Erretegiko idiak Anjel eta Joxe Mari dira, Angel Arrospide eta Joxe Mari Olasagasti aizkolarien omenez. Anjelek eta Joxe Marik izaera "oso desberdina" dute Aizpuruaren esanetan, eta izaera horien erakusgarri jarri zizkieten idiei bi aizkolarien izenak. Aizpuruak aurkeztu ditu bere ganaduak: "Badakit Joxe Mari nirekin sukaldera ere sartuko litzatekeela, baina ezezagunekin oso urduri jartzen da. Plazan, ordea, dena ematen du. Aldiz, Anjel oso noblea da, lasaia". Idi pare horrek aurtengo urtea du aurrenekoa plazan, eta horregatik kintopekoetan ari dira lehiatzen. Bigarren urteari ekiten diotenean, haiek ere Belamendiren idiekin batera ariko dira txapelketa ofizialetan lehiatzen.

Idien zainketa, ezinbestekoa

Idiak uztarrira lotu eta laster atera ditu Aizpuruak poliki-poliki baserriaren atarira. Bidean idien osasuna zaintzeaz hitz egin du probalariak, bereziki elikaduraz, zinez ezinbestekoa baita hori demetara begira. Animalia horiek urdail handia dute Aizpuruak esatera, eta ondorioz, ase ezinak dira; jateko gaitasun latza dute. Aizpuruak dioenez, idi batek egun bakar batean 60 kilo ere har ditzake. "Bi edo hiru baldekada ur edaten dituzte, eta beste horrenbeste baldeka janari jan". Hori gutxi ez, eta azken egunetan jandakoa berriro ekarri ohi dute ahora, hausnarrak lagunduta. Albaitariek diotenez, gaur jandakoa hamar egunera botatzen dute idiek. 

Idien kiloen gorabeheran ibili ohi dira probalariak, pisuak zeresan handia du-eta probetan. Izan ere, dema egunetan uztarri bereko bi idien artean, guztira, 1.140 kilo pisatu behar izaten dituzte, eta gainkarga ezartzen zaie. "Idi parea pisuan izatea da niretzat prozesu guztiko sufrikariorik handiena", adierazi du hark. Zailtasun horren errealitatea zein den azaltzeko asmoz, idi zaleak proba batetik besterako tartean idiekin egin ohi duten lanketa zein izaten den azaldu du, idiak pasieran daramatzan bitartean. "Proba bat jokatu osteko astean behar beste jan ematen diegu idiei, urdailak behar bezala funtzionatzeko. Larrera ere botatzen ditugu, belarra jan dezaten". 

Hamar egun baino gehiago dira Isidro Erretegikoek azken dema jokatu zutela, eta egun gutxi gelditzen zaizkie Bizkaia aldean izango den hitzordu garrantzitsu baterako. Lehiaren atarian, egunero bezala, Aizpuruak baskulara igo ditu idiak; Joxe Mariri egokitu zaio aurrena hara igotzea, eta 641 kilo pisatu ditu, aurreko astean baino 44 kilo gutxiago. Segituan eman du idi zaleak horren arrazoia: "Azken egun hauetan jana zorroztu edo murriztu diogu; beraien gorputzek behar duten elikagai kopurua eman diegu soilik. Esaterako, proba baten osteko egunetan sei edo zortzi kilo pentsu jaten badituzte, proba aurreko egunetan bi kilo besterik ez dituzte jaten".

"Tratu txarrik ez"

Animaliak kirolerako erabili izanak hautsak harrotzen jarraitzen du. Azkoitiko probalariak dio, horren harira, Herri Kirol Federazioak eta Gipuzkoako Aldundiak legeak zorroztu egin dituztela, eta haren iritziz, ondo hartutako neurriak ezarri dituzte. Legeak aldatu dituztenetik, batetik, itzainen akuiluen eztenak motzagoak dira, eta bestetik, idiari ezin zaio hura edonon sartu; muskulua edo haragia duen lekuan bakarrik eragin dakioke. Arau horiek bete ezean, zigortuak izaten dira probalariak.

Aizpurua ez dago animalienganako tratu txarren alde, alderantziz. "Nik ez ditut idiak gaizki tratatzen. Are gehiago, ukuiluan ditugun idiak gaur egun gurean egongo ez balira, duela urte batzuk hilda egongo ziratekeen. Guk bizia eman diegu idi horiei". Probalariak, gainera, zera gehitu du: "Isidro Erretegiko idi pareak urtean zortzi bat proba jokatu ohi ditu; urtean lau bat ordu dira horiek. Probaren unean esfortzua eginarazten diegu, bai, baina futbolean jokatzen ari den batek ere hautsi diezaioke hanka aurkariren bati. Momentuko gauzak dira".

Idi eta proba gutxiago

Idiekin egiten diren herri kirolak galbidean direla esatea asko da, baina probalariak aitortu du gutxitzen ari direla probalariak eta probak. "Zoritxarrez, gero eta proba gutxiago egiten dira, zenbait erakundek horiek kentzera egin dute eta. Probalariak ere, lehen orain baino gehiago ziren, eta idiak beste klase batekoak, baserri munduko lanetan hezitakoak". Aizpuruak dio Azkoitian bertan ere gainbehera handia ari dela izaten urtetik urtera. Datuek argi uzten dute hori: "Duela hogei urte, herriko hamar bat baserritan zeuden idiak, eta duela gutxira arte, bost etxetan. Orain, berriz, hirutan baino ez daude".

Etorkizunaz galdetuta, idi probetan "nahi baino gazte gutxiago" ibiltzen da egun Aizpuruarentzat. "Lana etxetik kanpo egiten du gazte jendeak, bestelako bizimodua dute egun, eta zaila da idien munduan etxetik ezagutu gabe murgiltzea". Asteasuko probalariak Azkoitian eta inguruetan segitu nahi dio bere ibilbideari, txapelak jantziz eta idiak mantekin estaliz. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide