Nork ez du inoiz jantzi eskuz egindako janzki bat? Nork ez du inoiz kontsumitu artisauki kozinatutako jakiren edo edariren bat? Nork ez du inoiz bitxirik, osagarririk edo apaingarririk eskuratu azokaren batean? Mendeetan sustraiturik egon den arloa da eskulangileena, eta azken hamarkadetan ofizioak beherakada jasan badu ere, herritar guztiek, nahita edo nahi gabe, izango zuten inoiz eskuetan besteren baten eskuek sortutako zerbait. Inoiz galdetu al dute, ordea, noren eskuek sortu duten eta haiek nola egin duten lan?
Artisautzan garatu dute profesioa edota zaletasuna Kontxi Alberdik (Azkoitia, 1954), Mixa Fortovak (Tabor, Txekia, 1987) eta Illare Sanchezek (Azkoitia, 2005). Bakoitzak bere jardunean aurkitu du txokoa: Alberdi jostuna izan da 42 urtez, harik eta duela bost urte jubilatu zen arte. Fortova ere oihalen eta harien artean garatzen ari da profesioa azken zazpi urteetan, eta hondakinak murrizteko helburuz sortua du Endredamakina, zeinak jasotako materialarekin, besteak beste, arropa eta osagarriak sortzen dituen. Makrame teknika erabilita egindako eskumuturrekoak ere josten ditu hark, gainera. Sanchezek, berriz, ez du lanbide artisautza; oraingoz zaletasunak eraman du gaztea eskulangintzara, eta hark askotariko bitxiak egiten ditu duela bizpahiru urtetatik.

Bateren batek galdetu dezake nondik datorkien sortzaileei horretarako sena: hiru artisauek umetatik etxean ernaldutako lehen haziekin loratu dute beren jarduna, behinik behin, etxean zer ikusi, hura ikasi baitute hirurek: "Gure garaian, gaztetan oso ohikoa izaten zen josten ikastea, baina horrez gain, familiatik ere badatorkit jarduna: izebak jostunak izan nituen, eta betidanik ibili naiz saltsa horretan", esan du Alberdik. Fortovak ere azaldu du "txiki-txikitatik" jaso zuela halako giroa etxean, hark ere amama zein izeba bat izan baitzituen jostunak, eta Sanchezek gogoratzen du "betidanik" izan dela eskulan zalea, umetatik gustukoa izan baitu gauza txikiak manipulatzea, margotzea... Etxekoek animatuta eta "zaletasun hutsak" bultzatuta hasi zen gaztea belarritakoak egiten eta horiek saltzen, eta ordutik nabari du "pixkanaka" ari dela jardun horretan aurreraka, aldi bakoitzean gero eta ekoizpen handiagoak egiten. "Inguruan ez nuen aurkitzen buztin polimerikoarekin antzeko zerbait egiten zuen inor, eta berrikuntza moduan, neuk hastea erabaki nuen, ingurukoek esanda oso gauza bereziak eta politak egiten nituela", azaldu du.
Jakinekoa da artisautzak aldaketa ugari bizi izan dituela eta bilakaerak gaurdaino segitzen duela, sektore hori ere tokian tokiko gizartearen isla baita. Fortovak azaldu duenez, materiala aprobetxatuta arropa berriak egiteko kultura handia zegoen Txekian, hura han bizi zenean. "Zerbait behar izanez gero, lehendabizi etxean begiratzen genuen ea han zer zegoen, eta konpontzeko ezer ez bagenuen eskura, orduan jotzen genuen kanpora materiala erostera". Euskal Herrira bizitzera etorri zenean, ordea, zeharo harritu zuen horretarako zegoen ohitura faltak: "Hemen jendea arropa bete poltsak edukiontzietara botatzen ikusten nuen. Gainera, oraindik ez zegoen berrerabiltzeko edukiontzirik, eta egoera horretan, duela hamabost bat urte murgildu nintzen arropa birziklatuak sortzeko lanketan".
Artisauen iritziz, jendeak haien lanaren inguruan duen ikuspegia ez da benetakoa
Alberdik ere denboran atzera egin du bizitza osoan gauzatu duen ofizioa gogoratzeko, eta hark nabarmendu du lehen gizartean errotuta zegoen lanbidea zela joskintza. Haren arabera, bera lanbide horretan hasi zenean jostun asko zeuden inguruan, batez ere Azpeitia aldean, eta Azkoitian josten irakatsi ere egiten zuten hiruzpalau lagun bazeuden sasoi hartan. "14-15 urterekin josten ikasteko ohitura handia zegoen. Gaur egun, horixe falta da, irakasteko jendea".
Jostunen kopuruaren ispilu, jantziak egiteko joera handia zen duela hamarkada batzuk. Bezeroak jostunari oihalak eramanda, hark neurrira egiten zion eskatutako jantzia, baina Alberdik gogoratzen du "gorabehera asko" jasan behar izan zutela gero jostunek, eskaria asko jaitsi baitzen; duela pare bat hamarkada izan zen hori, tela dendak ugaritu zirenean edota asteroko azoketan arropak saltzen hasi zirenean. Agertoki berrira egokitu behar izan zuten orduan jostunek, eta Alberdik, beste askok bezala, konponketak egiten edota artean dendetan saltzen ez ziren baserritarren jantziak egiten aurkitu zuen lekua, baita Azpeitiko Elegante Egunerako soinekoak josten ere.
Erromantizatuta, errealitatetik urrun
Etxean jaso dute gero batzuek ofizio bihurtu duten afizioa, eta etxeko txokoren batean dute, era berean, lantokia. Sanchezek ikasketekin uztartzen du bere pasioa, eta azaldu duenez, logela erdia ikasteko baliatzen badu ere, beste erdia bitxiak egiteko du atonduta. Fortovak irribarrez esan du beren etxean ez dutela egongelarik, tailerrak hartzen baitu eremu hori. Beraz, hiru lagunak bat datoz eskulangintza lanbide bakartia zein ezkutukoa dela esatean. "Nire kasuan, irratia nuen konpainia bakarra. Bakartia eta bakarkakoa zen lana, burua asko nekatu behar izaten nuelako; kontzentrazio handia eskatzen zuen lana zen", adierazi du Alberdik.
Sormen handia eskatzen eta denbora asko hartzen duena, hori ere bada, sortzaileen ustez, artisautza lana: "Josteak ordu asko eskaintzea eskatzen du, eta gainera, aurrez ezin da kalkulatu jantzi bakoitza josteko zenbat denbora beharko duzun. Adibidez, gona bat ordu eta erdian egin zenezakeen, baina beste bat, agian, hiru ordutan. Zergatik? Ez dakit. Batzuetan zen bezeroak oihala justu samar ekartzen zuelako, besteetan behar adina saiakera eginda ere ez zelako ondo ateratzen... Buruhauste asko eragiten du joskintzak". Bezeroen mende egonik, eskulangileek une gogorrak ere igarotzen zituztela dio hark: "Behin, beroki bat egiteko eskatu zidan batek. Patroiak atera nituen, baina ez handik ez hemendik, ez zitzaidan ateratzen. Goizaldean, ohean, bonbilla piztu zitzaidan, proba egin eta jantzia egitea lortu nuen. Bezeroari ezetz esatea oso-oso gogorra zen, eta halakoetan gaizki pasatzen nuen, baina gero, beharbada, oharkabean etortzen zen konponbidea".
Hiru lagunen iritziz, jendeak, oro har, artisautzaren inguruan duen ikuspegia ez da errealitatera egokitzen, uste baino konplexuagoa baita haien jarduna, Sanchezek nabarmendu duenez: "Gure lana zerbait erraza bailitzan ikusten du jendeak. Pentsatzen du segituan egiten den zerbait dela, baina atzean gauza asko daude, ekoiztetik haratago: zer egin pentsatzea, materiala lortzea... Horrek ordu askotako lana eskatzen du, eta dena ez da jendeak pentsatzen duen bezain erraza". Bide horretan, gizarteak eskulangileen jarduna "oso erromantizatuta" duela uste dute guztiek, eta argi azpimarratu dute lanbidea "zeharo bokaziozkoa" dela: "Afizio handia duzulako eta asko gustatzen zaizulako ateratzen duzu aurrera lanbidea, bestela, ez du merezi horrenbeste ordu eskaintzeak".
Eskuz egindako produktuen prezioen kontua ere mahaigaineratu du Fortovak: "Jendeak pentsatzen du berak ordaintzen duen kopuru hori guk osorik kobratzen dugula, baina ez da hala. Zatirik handiena Ogasunera, Gizarte Segurantzara eta gastuak estaltzera bideratzen dugu". Artisauaren arabera, poltsikoratzen dutenak ez du "zerikusi handirik" jatorrizko prezioarekin, eta maiz, ulergaitza egiten zaio hori gizarteari. Bide horretan, Alberdiren ustez, gizarteak ez dio benetako balioa ematen eskulangilearen lanari: "Etekin ekonomikoa langileak pasatu dituen ordu kopuruarekin eta lanak eragin dion nekearekin alderatzen bada, irabaziak berez ez du konpentsatzen".
Artisauek diote poltsikoratzen dutenak ez duela "zerikusi handirik" prezioarekin
Artisauek egindako produktuak "garestiak" diren uste orokorraren inguruan are gehiago sakondu nahi izan dute. Izan ere, jakitun dira egun produktuak merke erosteko "ohitura handia" dagoela, eta beraz, eskuz egindako produktuaren prezioa neurriz kanpokoa iruditu dakioke zenbaiti, baina azpimarratu dute haien lana ezin dela alderatu merkatuko prezioekin. "Hori gertatu zitzaigun azoketan arropa saltzen hasi zirenean, han merkeago egoten zirelako. Nik konponketak ere egiten nituenez, gogoratzen naiz askok arropa azokan merke-merke erosi eta gero gugana jotzen zutela horien konponketak egitera. Konpontze horiek betiko prezioan kobratzen nizkien nik, baina bezeroak harritu egiten ziren, hamar eurotan erositako galtzen konponketak bost euro kobratzen nizkielako. Horrekin dezenteko txokea izan genuen, eta jendeari kostatu egin zitzaion konponketak betiko prezioan kobratu behar genizkiela ulertzea". Zera gaineratu du Fortovak: "Gaur egun, jendeak sarri eta kantitate handian erosten du arropa. Bost praka pare hartzen badituzu eta horiei barrenak hartu behar badizkiezu, konponketa hori bada gastu bat. Merke erosita, baina, iruditzen zaizu ez duela merezi egokitzapena egiteak, eta ondo geratzen ez zaizkizunez, galtzak bota eta beste batzuk erosten dituzu. Horiekin ere arazo bera izaten duzu, ordea, eta zentzu handirik ez duen gurpil batean sartzen zara".

Lehengaia eskuratzeko eta materialez hornitzeko, bestalde, hainbat bide erabiltzen dituzte egun artisauek. Sanchezek, esaterako, Internetera jotzea du bide bakarra, haren esanetan inguruan ez baita saltzen bitxiak egiteko beharrezkoa duen buztin polimerikorik. "Kantitate handiak eskatu beharrean, gutxika egiten ditut eskaerak, eta horrela, probatzen joaten naiz material bakoitza zer-nolakoa den, ona al den ala hobetu al daitekeen". Fortovak, berriz, inguruko ekoizle txikiei erosten dizkie hariak zein artilea, baina gaur-gaurkoz, "oso oihal gutxi" erosten du, batez ere erabilitako arropekin hornitzen baita. Dena den, azpimarratu du baduela "kontuz" ibili beharreko kontu bat: "Ahalik eta denbora gutxien iraungo duen gero eta arropa gehiago sortzen da, oro har. Beraz, nola erabili behar dut halako oihal bat nik sortzen dudanak irautea nahi baldin badut? Materialak izan behar du gutxieneko kalitatea berrerabili ahal izateko, eta jasotzen dudan material horrek asko baldintzatzen du nire lana; izan ere, eskasa baldin bada, ez dut erabiliko beste zerbait sortzeko".
Sarea, aliatu ala arerio
Eskulangileena batez ere etxeko jarduna izanik, orain arte "ezkutukoa" lanbidea ere izan da, hein batean. Alberdiren belaunaldikoek ahoz aho zabalduta ematen zuten beren buruaren berri, baina orain hori aldatzen ari dela azaldu du hark. "Lehen, bezeroak gugana etortzen ziren, etxera, baina orain egileek beraiek joan behar dute kalera". Haren arabera, gaur egun artisautzan gero eta konpetentzia handiagoa dago, eta eskulangileek zailtasun handiagoak dituzte; finean, uste dute eginbehar gehiago dituztela beren lana aurrera eramateko. "Ni saiatzen naiz lehengoarekin konparaziorik ez egiten, horrela ez naizelako gogogabetzen. Izan ere, hogei urteotan beherakada handia antzeman duten artisauak badira, eta gogorra egiten da hori ikustea. Gerokoak gara gu, garai on hura ezagutu ez genuenak, eta filosofiaz hartu beste erremediorik ez daukagu", gehitu dio Fortovak.
Eta mundu digitalak fisikoa hartu duen honetan, nola saltzen ditu produktuak tokiko artisau batek gaur egun? Azkoitiko bizilagunak azaldu du oraindik orain joaten zaizkiola bezeroak etxeraino, eta "pozgarria" deritzo horri, lehengo ohiturari eusten zaiola erakusten duelako. Izan ere, egun asko saltzen da "pantailatik eta distantziara", baina Fortovari "oso hotza" iruditzen zaio salmenta modu hori. Zuzeneko tratua lehenesten du hark, eta horregatik, artisau azokak ere baliatzen ditu bere produktuak saltzeko: "Jendea nigana etortzea eta horiek produktua ukitzea gustatzen zait: barrutik zer duen, nola egina dagoen... ikustea. Oso garrantzitsua iruditzen zait bezeroek zerbait erosterakoan zentzumenak erabiltzea, horrela zer ari diren erosten jakiten dutelako".

Sanchezek oraingoz ez du posturik jarri azoketan, etxekoek herrian duten saltoki batean eta inguruko herrietako beste hainbatetan topatu du salmentarako txokoa, eta sare sozialak ere badira bere lanaren erakusleiho. "Nire burua ezagutarazteko balio didate", esan du. Dena den, artisaua jakitun da etxekalte ere izan dakiokeela sarea: "Sare sozialetan joera dago hainbat ordu kostatutako lanaren emaitza segundo gutxi batzuetan laburtuta erakusteko, eta horrek iradoki dezake egindako lana erraza izan dela. Egoerari ez dio laguntzen horrek, ez datorrelako errealitatearekin bat". Fortovaren Endredamakinak ere badu lekua sare sozialetan, baina hark azaldu du batez ere herritarrak "espazio fisikora erakartzeko" baliatzen duela sarea. Gainera, aitortu du halabeharrez hartutako erabakia izan zela bere burua Interneten ezagutaraztea: "Dendetara joan eta nire poltsei txokoren bat egingo al zieten galdetuta, Instagramen konturik ba al nuen galdetzen zidaten. Horrenbestez, azoketan edo dendetan egon nahi banuen, sarean ere egon egin behar nuela ohartu nintzen".
Lanbidearen argi-ilunetan, ordea, ikusten dute aurrera egiteko indar izpirik, eta azaldu dute artisauek bueltan jasotzen duten gauzarik onena dela lanak ongi irten izanaren satisfazioa. Eta emaitzarik onenetan onena, zera: "Neuk egindako lanen bat norbaitek kalean soinean daramala ikustea". Artisauak bere lana aitortzen duen moduan, gizarteak nola eman balioa eskuz egindako lanari? Fortovak du erantzuna: "Niretzat oso pozgarria da seme-alabek etxean dauden gauzak nork sortuak diren jakitea, zerbait hartu eta 'hau nork egin du?' galdetzean, guk izen-abizenekin erantzutea, eta ez auskalo nongo tailerren batean eginda dagoela esatea. Horrek izugarrizko balioa du niretzat".