Ekainaz geroztik, Anaitasuna futbol klubeko presidentea da Ibon Osinalde (Mutriku, Gipuzkoa, 1974). Mutrikuko futbol taldean jokatzen zuenean izan zuen hark lehen harremana Azkoitiko taldearekin, eta duela urtebete zuzendaritza batzordean sartu zen. Horren aurretik, baina, hiru urtez Anaitasunaren futbol eskolako entrenatzaile lanetan aritu zen. Presidente karguan hilabete gutxi batzuk badaramatza ere, hainbat aldaketa egin ditu klubean dagoeneko, eta taldearen balioak nahiz zuzendaritzaren helburuak zeintzuk diren argi du mutrikuarrak.
Presidente izan baino lehen, nolako harremana izan duzu Anaitasunarekin?
Mutrikuko taldean jokatzen nuenean, izen ona zeukan Anaitasunak, eta Txerloian ere jokatutakoa naiz Mutrikuko kamisetarekin. Gogoan dut Jose Mari Flores Kaxkax mutrikuarra Anaitasunako presidentea zenean pastak eta xanpaina ateratzen zizkigula partida jokatu ondoren. Guraso izan ondoren, futbol eskolaren eraginez eta semeen bitartez, berriz gerturatu nintzen taldera.
Gerturatu bakarrik ez, presidente postua hartu baituzu...
Zuzendaritza batzordean laguntza behar zutela eta, azken urtebetea horretan igaro nuen. Pedro Urdapilletak iazko abendurako jakinarazi zidan postua utziko zuela, eta neronek hartzea pentsatu nuen; etxekoekin hitz eginda, neu aurkeztu nintzen presidente kargura. Klubeko guraso izanik taldean ardurak hartzea garrantzitsua dela iruditzen zait, inor ez baita bizi klubaren kontura.
Guraso bezala izan zenuen lehen zuzeneko harremana Anaitasunarekin. Orain presidentea izanda, guraso eta zale moduan zenuen ikuspegia aldatu egin al zaizu?
Ez zait aldatu taldearekiko neukan ikuspegia. Guraso eta entrenatzaile izanda, taldearen pertzepzio ona neukan, eta Anaitasuna familia bat dela ikusi eta ikasi dut. Aldatu zaidana taldearen inguruko ezagutza da. Presidente izateak taldea barrutik ezagutzeko aukera eman dit, baita klub batek izan ditzakeen zailtasunak gertutik bizitzeko ere.
Ekainean hartu zenuen postua, nolako lanketa egin duzue orduz geroztik?
Hutsuneak betetzen lan handia izan dugu, gero eta zailagoa baita boluntarioak aurkitzea. Lehen zuzendaritzako kide ziren Juan Luis Zubizarretak, Maider Zinkunegik, Pedro Urdapilletak zein Borjak Marurik egiten zituzten lanak orain jende gehiagoren artean banatu ditugu; izan ere, zuzendaritza batzordean hiru lagun aritzen gara, baina guztira, hamabi laguntzaile daude taldean.

Zer aldaketa egin ditu taldeak?
Arroparen kudeaketan aldaketa handia egin dugu. Izan ere, norberak bere arropak erosten ditu orain, eta herritarrei eskuragarri ere jarri dizkiegu horiek. Horrez gain, aplikazio digital bat jarri dugu martxan, eta horren bidez, jokalariek zein gurasoek partiden inguruko informazioa jasotzeko zein ordainketak egiteko aukera dute eskura. Era berean, herritarrengana gerturatzeko nahiz aipatutako aldaketa horiek guztiak kudeatzeko arreta lekua zabaldu dugu Plazaberrin.
"Hutsuneak betetzen izan dugu lan handia, gero eta zailagoa baita boluntarioak aurkitzea"
Postua hartu zenuenetik, zein izan dira zure zeregin nagusiak?
Antolakuntza definitzea, taldea osatzea eta aldaketak kudeatzea izan dira nagusiki nire egitekoak, horretarako, beti ere, Plazaberriko arreta lekua baliatuz. Gainera, denboraldia osatzen aritu gara taldeak eratuz.
Zer egitea ari zaizu gehien kostatzen?
Aldaketak kudeatzea eta jendea horretaz informatzea ari da izaten zailena, baina talde lana horretarako giltzarri izaten ari da, baita lanen banaketa ere. Esaterako, Igor Blancok emakumeen taldeen ardura hartu du, eta Josu Juaristik, berriz, gizonena. Horrek ere asko lagundu digu.
Lehen uda igaro duzu presidente moduan, eta normalean, klubek sasoi hori baliatzen dute hurrengo denboraldia prestatzeko. Zentzu horretan, zerrekin aurkitu zara zu?
Banekien uda sasoia gogorra izango zela, eta pentsatu bezala, oso lanpetuta igaro ditut udako hilabeteak. Lanak pilatu zaizkigu: aldaketak kudeatzea, jokalariei fitxak zein mediku probak egitea... Nahiko lan izan dugu, baina ordu asko eskaini arren, berezia izan da. Aurten egin dugun lanak, ordea, hurrengo urtera begira gauzak erraztuko dizkigula argi daukat, eta horregatik merezi izan duela uste dut. Uda lanpetuta igaro arren, taldea definituta dago eta jada martxa hartuta gaude.
Nola prestatu zarete denboraldiari begira? Eta presidente izanik zer egin zaizu zailena?
Lehendakari postuak dedikazioa eskatzen du, baita taldearen osaketari lotutako antolaketa ere. Antolaketan zailtasunak izan ditugula nabarmenduko nuke. Izan ere, klubeko komunikazio arduradunak zein belar moztaileak lana uztea erabaki zuten uztailean, eta haien ordezkoen bila zein taldeari forma ematen aritu gara; hori izan da zailena.
"Herritarrengana gerturatzeko, arreta lekua zabaldu dugu Plazaberrin"
Gaur egun Anaitasunan zenbat lagunek osatzen dute eta nolakoa da zuzendaritzak jokalariekin daukan harremana?
Guztira, hamalau talde daude klubean, eta horrez gain, 180 lagunek jokatzen futbol eskolan. Zuzendaritza osatzen dugunok jokalari guztiekin gertuko harremana daukagula esango nuke; partidak ikustera joaten gara San Juanera zein Txerloira. Bi zelaiak bigarren etxe bihurtu dira guretzat.
Gizonek ondo hasi dute denboraldia, baina emakumeek, ez. Zuzendaritzak zer helburu ditu talde horiei dagokienez?
Une onak eta txarrak izaten dira denboraldian zehar, baina gure helburua taldeek disfrutatzea da. Gizonek indartsu hasi dute denboraldia eta aurreikuspenak onak dira. Bestalde, Emakumeen Euskal Liga gogorra da, eta taldea jokalari gaztez osatuta dago gehien-gehienean; kadeteek ere jokatzen dute han. Hala ere, emaitzek hobera egingo dutelakoan nago.
Gizonen eta emakumeen berdintasunaren alorrean, nola ikusten duzu kluba?
Zuzendaritza taldean pertsona batek dauka emakumeen talde guztien gaineko ardura, eta beste batek, berriz, gizonen taldeena. Kimu nesketan entrenamendu kopurua berdintzea lortu dugu, eta kadeteetan beste talde bat atera dugu, gure aldetik esfortzua eginez. Gorengo bi taldeei dagokienez, gizonek zein emakumeek astean entrenamendu bana egiten dute Txerloian; beraz, alde horretatik aukera berberak dituzte.
Azpiegiturak, berriz, ongi hornituta al daude jokalari guztientzat?
Mugak agerikoak dira: izan ere, alebin mailakoek Elkargunean entrenatzen dute, eta askotan puzzleak egin behar izaten ditugu taldeak Txerloia eta San Juan zelaietan sar daitezen.

"Anaitasuna klub euskalduna da, baita berdintasunaren alde lanean diharduena ere"
Aurrera begira, Anaitasunari zer forma eman nahiko zenioke?
Anaitasuna Azkoitiko futbol taldea da, erakunde bat, eta garrantzitsua da dituen balioak azpimarratzea. Klub euskalduna da, baita berdintasunaren alde lanean diharduena ere. Ni presidentea izanagatik, taldelana behar-beharrezkoa da, eta helburua da jendea Anaitasunara disfrutatzera etortzea.
Orain zein dira zuzendaritzaren zeregin nagusiak?
Lanik ez zaigu falta. Babesleekin harremanetan jarri gara, eta finantzaketa lortzeko lanetan zein aplikazioaren kontuarekin buru-belarri gabiltza. Egunerokotasunean ere bada lanik instalakuntzetan. Aurrera begira, berriz, asmoa da Gabonetan klubeko salgaiak herritar ororentzat eskuragarri jartzea.