Irakurle taldearen saioa egin du Itaiak, 'Carcoma' liburuaren bueltan

Maialen Etxaniz 2025eko azaroaren 8a

Kultur Etxean egin dute irakurle taldearen saioa. (Urola Erdiko Itaia)

Layla Martinez idazlearen Carcoma liburuaren bueltan aritu dira saioan. Itaiako kideek liburuan lantzen diren zenbait gai hartu nahi izan dituzte eztabaidarako elementu gisa. 

Carcoma liburua ardatz hartuta eta gosaritarako kafe epelaren bueltan, irakurle taldearen saio bateratua egin dute gaur Urola Erdiko Itaiak antolatuta. Kultur Etxean jarri dute hitzordua, eta bertan liburuaren nondik norakoez eta haren inguruan egin dituzten hausnarketak izan dituzte hizpide.

Layla Martinez idazlearen liburua da Carcoma, eta Itaiako kideek liburuan lantzen diren zenbait gai hartu nahi izan dituzte eztabaidarako elementu gisa; izan ere, amorruz blaitutako emakume belaunaldien arteko istorio bat kontatzen du liburuak, eta irakurtaldian zehar kritika sozialak nahiz pertsona zaurgarrienen ahotsek garrantzia handia dute.

Emakumeen antolakunde sozialistak adierazi zuenez, emakumeek egunerokotasunean dituzten zirkuluetatik at literaturaz hausnartzeko espazio baten falta nabaritu dute herrian. "Saio honen helburua da, besteak beste, eleberrian agertzen diren gaiak hizpide hartuta emakumeon ezinegon pertsonalak nahiz politikoak partekatzeko espazio eroso bat sortzea", adierazi zuten antolatzaileek. Gaurkoaren ondotik, ez dute baztertzen aurrerantzena beste saio batzuk egiten jarraitzea.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide