Domusa Teknik ISB taldeak burumakur jarraitzen du. Atzo, asteazkena, Melillan jokatu zuen Luis Agirre Katxi entrenatzailearen taldeak Melilla Ciudad del Deporte CD La Salle taldearen aurka, eta galdu egin zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak (75-62). Ligari bi garaipenekin ekin zioten otsoek, baina, harrezkero, jokatutako bost partidak jarraian galdu dituzte.
Etxekoek errebotean erakutsi zuten nagusitasuna, egoera horietan galtzaile atera osteko jokaldietan min handia egin zieten Melillakoek (Espainia) otsoei. Hori gutxi ez, eta hiruko jaurtiketetan ere oso fin aritu ziren etxekoak, 28 jaurtiketetatik erdiak saskiratu baitzituzten. ISBk Melillakoen aurka orain arte jokatutako partida guztiak irabaziak zituen arren, atzo ez ziren gai izan haien aurka orain arte zuten bolada onari eusteko.
Saskiratzeak trukatuz eta markagailua txandakatuz ekin zioten norgehiagokari, nahiz eta 3. minutua betetzerako etxekoek hartu zuten agintea; 9-0eko partzialarekin, zortzi puntu goitik jarri ziren Melillakoak (19-11). Dena den, 23-16 markagailuarekin itxi zuten lehen laurdena. Etxekoek bigarren laurdenean berretsi zuten nagusitasuna, nagusiki, betiere hamar puntu inguruko aldeari eutsita. Gainera, kanpoko jaurtiketetan asko asmatu zuten Melillakoek atsedenaldira irisi aurretik, eta hamalau puntura ere ihes egin zuten une batez. Aldageletarako bidea 41-29 emaitzarekin hartu zuten bi taldeetako protagonistek.
Lehiaren norabidea ez zen gehiegi aldatu atsedenaldiaren ostean. Minutuek aurrera egin ahala, etxekoek aurrera egin zuten, eta ia-ia lehia erabakita utzi zuten azken laurdena jokatzerako (59-40). Sendotasun handia erakutsi zuten Melillakoek aldageletatik itzulita, eta Azkoiti-Azpeitiko taldeak ezin izan zion haien kemenari eutsi.
Azken saiakera, motz
Otsoak azken laurdenean gogotik saiatu ziren lehia berdintzen. Dena erabakita zirudienean, etxekoek 21 puntuko aldea zutenean, ISBren erreakzio txiki bat heldu zen –0-6 partziala lortu zuten–, eta etxekoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen, ISB markagailuan gehiegi hurbil ez zedin. Melillakoek erantzun egin zuten ondoren, ordea, eta hamasei puntu goitik (70-54) jarri ziren azken laurdenaren erdian. Halere, Azkoiti-Azpeitiko taldeak ez zuen amore erraz eman, eta azken emaitza ahalik eta gehien txukuntzen saiatzen ziren. 0-8 partziala eskuratuta, zortzi puntura hurbildu ziren markagailuan lehia amaitzeko minutu eta erdi falta zela (70-62). ISBkoen saiakera motz gelditu zen, haiek ez zuten lortu-eta Melillako taldea urduri jartzerik; izan zituzten aukerak probestuta, lasai itxi zuten etxekoek garaipena.
Hamabi puntu saskiratuta eta hamahiru puntuko balorazioa eskuratuta, Ines Araujo joko antolatzailea izan zen atzo ISBko onena. Etzi, zapatua, jokatuko dute LF Challenge ligari dagokion seigarren jardunaldiko partida. Domusa Teknik ISBk etxean, Azkoitiko Elkargunean, jokatuko du Alter Enersun Al-Qazeres taldearen aurkako neurketa, 18:00etan hasita. Sailkapenaren erdian dago Caceresko (Espainia) taldea, eta ISBkoek bost porrot atzean uzteko eta garaipenaren bidera bueltatzeko aukera ezin hobea izango dute zaleen aurrean.