San Martingo elkarteek festetarako egitarau oparoa prestatu dute elkarlanean

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 4a

San Martin mendi lasterketa, iaz. (Ane Olaizola)

Mikologia eta Ardatz elkarteen eskutik, bertso afaria, mus txapelketa, umeen jolasak zein mendi lasterketa izango dira hilaren 14tik 16ra bitartean. Mendi lasterketak hamargarren aldia izango du aurten, eta berrikuntza moduan, gaztetxoentzako aparteko beste lasterketa bat prestatu dute. 

Azaroaren 11, San Martin eguna, gerturatzen ari den heinean, San Martin auzoko bizilagunek ate joka dituzte festak ere. Ohiturari jarraituz eta urteroko moduan, auzoko muinoan dagoen ermitan kanpai festa eta elizkizuna izango dira egun horretan, baina aurten izango da berrikuntzarik jaien bueltan, aurrenekoz egitarau bateratua prestatu baitute auzoan dauden bi elkarteek; Mikologia elkarteak eta Ardatz elkarteak, hain zuzen. 

Hilaren 14tik 16ra arteko astebururako askotariko ekintzak prestatu dituzte bi elkarteek elkarlanean, eta horrenbestez, auzotarrek zein hara gerturatzen direnek izango dute zertaz gozaturik hiru egunetan. Antolatzaileek duela aste batzuk jakinarazi bezala, bertso afaria egingo dute hilaren 14an Ardatzen, eta saio horrekin hasiko dira festetako asteburu betearen ospakizunak. 21:00etan hasiko da bertso saioa Amets Arzallus zein Jon Maia bertsolariekin. Haiek arduratuko dira otordua girotzeaz, eta hara joan nahi dutenek oraindik eros ditzakete txartelak Ttakun, Orbela eta Zurt tabernetan, 25 eurotan. Antolatzaileen arabera, sarrera gutxi geratzen dira salgai, eta beraz, herritarrei dei egin diete "lehenbailehen" eros ditzaten. Prezio horretan, afaria, postrea, kafea eta edaria jasoko dituzte, eta afariaren egunean, txartela elkartean aurkeztu beharko dute. 

Ardatzen bertan izango dira gainontzeko ekintza gehienak ere: hilaren 15ean, mus txapelketa egingo dute han 16:00etan hasita, eta bikoteek 15:00etan eman beharko dute izena, 25 eurotan. Sariei dagokienez, bikote irabazleak 300 euro, txapel bana eta garaikurra jasoko ditu, eta txapeldunordeak 150 euro eta garaikurra. Era berean, zozketak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. 

Igandea ere betea izango da elkarte horretan. Izan ere, goizean hamaiketakoa eskainiko dute trikitilarien erromeriarekin batera, eta arratsaldean, 16:00etan, umeen jolasekin agurtuko dituzte festak. 

Lasterketa, berrikuntzekin

Mikologia elkartearen bueltan, bestalde, San Martin mendi lasterketa jokatuko dute azaroaren 15ean. Aurten hamargarrenen aldia izango du probak, eta urteurrenean, izango da berrikuntzarik lasterketa horretan. Izan ere, helduen eta umeen lasterketez gain, gaztetxoena ere prestatu dute antolatzaileek; 16 urtetik beherakoena, hain zuzen. 

Horrenbestez, hiru lasterketa izango dira egun horretan, eta aurrena gaztetxoen txanda izango da. 10:00etan hasiko da 16 urtetik beherakoen lasterketa, eta horiek lau kilometro eta 180 metroko desnibela dituen ibilbidea osatuko dute inguruko mendi eremuetan. 

10:40ean, berriz, umeen korrikaldia hasiko da, eta ohi bezala, horiek itzuli bat egin beharko diote auzoan. Haien segidan hasiko da, azkenik, lasterketa nagusia; hau da, helduena. Ermitako ordulariak 11 kanpai jotzearekin batera ekingo diote probari korrikalariek, eta aurten bederatzi kilometro eta 450 metroko desnibela izango ditu mendi ibilbideak. 

Izen emateari dagokionez, haurrek zein gaztetxoek ez dute inskribatu beharrik izango, eta nahikoa izango dute lasterketa hasi baino minutu batzuk lehenago hara agertzearekin. Helduek, berriz, izena eman beharko dute 10:00etan Mikologia elkartean. Banaka lehiatzeko asmoa dutenek 15 euro ordainduko dute, eta bikote mistoek, 30 euro. Ondoren, dutxa zerbitzua jasoko dute kiroldegian. 

Lasterketen inguruan, beste hainbat ohar ere eman dituzte antolatzaileek: gogoratu dute 16 urtetik beherakoena zein helduena mendi lasterketak direla, eta halako probek eskatzen duten baldintzen jakitun, proba bat zein bestea aukeratzeko garaian "zentzuz" jokatzeko gomendatu diete parte hartzaileei. Ildo horretan, adierazi dute 16 urtetik beherakoen lasterketak 10:50erako amaituta egon behar duela. 

Hemen egitaraua, osorik: 

  • Azaroak 11, asteartea. San Martin eguna: 
    • Egun osoan, kanpai festa. 
    • 11:00etan, Meza San Martingo elizan. (11:00etatik 11:30era ezingo da kanpairik jo).
  • Azaroak 14, ostirala:
    • 21:00etan, bertso afaria Ardatz elkartean, Jon Maia eta Amets Arzallusekin. 
  • Azaroak 15, larunbata:
    • Goizean, X. San Martin mendi lasterketa, Mikologia elkartearen paretik abiatuta.
      • 10:00.16 urtetik beherakoen lasterketa. 
      • 10:40. Umeen korrikaldia.
      • 11:00. Helduen lasterketa. 
    • 16:00etan, mus txapelketa, Ardatz elkartean. 
  • Azaroak 16, igandea:
    • Goizean, hamaiketakoa eta trikitilarien erromeria. 
    • 16:00etan, umeen jolasak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide