Salbuespen politika ezin dela "gehiago luzatu" salatu du Sare Herritarrak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 1a

Ohi bezala, plazan bildu ziren hainbat lagun protesta egiteko. (Azkoitiko Sare Herritarra)

Sare Herritarrak Bilboko Euskalduna jauregian II. Konferentzia egin zuen joan den asteburuan, eta hura izan zuten hizpide Sare Herritarreko ordezkariek. Ozen eta argi esan zuten salbuespen politika ezin dela "gehiago luzatu"; "sufrimendua ezin da gehiago luzatu, eta konponbidea, bakea eta elkarbizitza behar bat dira gure herriarentzat". 

Azkoitiko Sare Herritarrak deituta, dozenaka lagun elkartu zen atzo, ostirala, euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde. Urriko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten plazan, eta azaldu zuten hil honetan ere izan dutela "zer esan eta zer hausnartu". Hain justu, Sarek Bilboko Euskalduna jauregian II. Konferentzia egin zuen joan den asteburuan, eta hura izan zuten hizpide Sare Herritarreko ordezkariek. 

Euskal Herrian bizitako "gatazka ezin da gehiago luzatu", haien arabera. "Hori izan da Sare Herritarraren konferentzian agerian geratu den mezua. Izan ere, azpimarratzen ari garen bezala, ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik ia hamabost urtera, oraindik ondorio batzuek korapilatuak izaten jarraitzen dute. Ez da hori nazioarteko beste hainbat herrialdetan eman diren gatazken logika, bake prozesu baten ondorioz, sufrimendua eragiten zuten ondorioak konponbidean jarri zirelako, Euskal Herrian ez bezala", esan zuten. 

Sare Herritarraren iritziz, Euskal Herriko prozesua "bestelakoa" ari da izaten. "Esan beharra dago hainbat eragileren eta norbanakoren ahaleginak ekarri gaituela honaino. Baina konferentzian agerian geratu zen bezala, borondate politikoa behar da behin betiko konponbidea emateko. Eta urratsak denok egin behar ditugu. Oinarri politikoak dituen gatazkak konponbide eta borondate politikoak behar ditu". 

Era berean, presoen, iheslarien eta deportatuen auziak "konponbide azkarra" behar duela azpimarratu zuten. "Nahikoa da horretarako salbuespen legeak eta politikak alde batera uztea". Atzo emandako datuen arabera, zigorrak betetzen ari diren 125 euskal presoetatik 66 dira zigorrak erregimen irekian betetzen ari direnak; hau da, egunerokotasunean kalea zapaltzen ari direnak. 

Dena den, kopuru horrek "are txikiagoa" izan beharko lukeela uste dute Sare Herritarreko kideek. "Zifrak txikiagoa izan beharko luke beste edozein arrazoirengatik espetxean dagoen edozeini aplikatzen zaizkion legeak eta espetxe politikak aplikatuko balitzaizkieke euskal presoei. Izan ere, salbuespen lege eta espetxe politika horrek sufrimendu izugarria utzi du eta ari da uzten. Horren adibide, 2022. urtera arte eta 32 urtez espetxean nahiz baldintza gogorretan izan den Jakes Esnal datorkigu gogora, duela egun batzuk utzi gintuen euskal preso ohia. Haren familiari eta lagunei gure babesa eta maitasuna adierazi nahi genieke", esan zuten. 

Esnalez gain, ordea, erbestean jarraitzen duten hamalau iheslari eta hiru deportatu ere gogoan izan zituzten plazan bildutako herritarrek. "Hamabost iheslari ziren urriaren hasieran. Martin San Sebastianek, 46 urtez haren jaioterritik urrun zegoen iheslariak, gaixotasun baten ondorioz Venezuelan eman du bere azken arnasa. Gure doluminak eta besarkada haren familiari eta lagunei". Arrazoi horiek guztiak aintzat hartuta, Sare Herritarreko kideek ozen eta argi esan zuten ezin dela "gehiago luzatu" salbuespen politika; "sufrimendua ezin da gehiago luzatu, eta konponbidea, bakea eta elkarbizitza behar bat dira gure herriarentzat". 

Biktimak gogoan

Sare Herritarrak Bilbon egindako II. Konferentziak utzi zuen "beste ikasgaia" biktima guztiena izan zen. Biktima guztien egia, aitortza, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea aldarrikatu zituzten, hain justu, atzo. "Elkarbizitzara jauzia egiteko ezinbestekoak dira. Izan ere, Euskal Herrian elkarbizitza ez da ahanzturaren emaitza izango, aurrera egiteko borondate partekatuarena baizik; harresiak zeuden tokian zubiak eraikitzetik etorriko da, korapiloak zeuden tokian askatzetik, besteari aitortza ematetik, norbera izateari utzi gabe".

Urtarrileko manifestazioa

Ekitaldia amaitzeko, urtarrilaren 10ean Bilboko kaleak betetzeko deialdia zabaldu zuten plazan. Ezin da gehiago luzatu lelopean egingo dute egun horretan manifestazioa Bilbon, baina nabarmendu zuten herrietan eta auzoetan dagoeneko hasi dutela hitzordu horretarako auzolana. "Berriz ere milaka izan gaitezen herritar aktibo, elkarbizitzaren, bakearen zein presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen aldeko auzolan erraldoian".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide