Azkoitiko landa lursailak mugatzeko lana esku artean du udalak bosgarren urtez, eta hain zuzen, udalerriko 9, 13 eta 14 poligonoetan egingo du lanketa erakundeak aurten; guztira, 158 jaberi eragingo die, udalak jakinarazi duenez. Haren arabera, auzokideekin mugarriak adosteko, "ezinbestekoa" da lur jabeen kolaborazioa, eta horren harira, bi aldeek bi bilera egin zituzten atzo Elkargunean.
Aurrez, udalerriaren hegoaldeko hamaika poligonotan egin du udalak lanketa, zehazki, 10, 11, 12, 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21, 22, 23 eta 24 poligonoetan, eta orain, zenbaki horien guztien hurrenkera osatzeko falta diren hiru zenbaki horietakoa hasi du. Beste modu batera esanda, udalerriaren hegoaldeko landa lurren mugatze lanak egin ditu erakundeak azken urteetan; bestalde, udalerriaren iparraldeko gainerako poligonoen mugatzeak "hurrengo urteetan" egingo direla jakinarazi du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren diru laguntza erabilita ari da udala landa lurretan kokatutako 535 hektareako azalera duten 370 lursail baino gehiago mugatzen. Horretarako, Geograma enpresaren laguntza teknikoa du. Landa lurrak mugatzeko proiektuaren helburuak mugetan egon daitezkeen akats posibleak argitzea nahiz zuzentzea eta mugei zein mugarriei GPS koordenatuak ematea dira.