Mendizaleek prest dute Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren hurrengo hitzordua

Ane Olaizola

SaƱoa mendia. (Guka)

Azaroaren 8an, larunbatez, hamabost kilometro eta erdiko mendi buelta egingo dute Santa Engrazia eta Sañoa mendiak zeharkatuz, besteak beste. 

Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren hurrengo irteeraren xehetasunak eman ditu Anaitasuna mendi bazkunak: hurrengo larunbatean, azaroaren 8an, egingo dute mendi ibilaldia, eta oraingo honetan batez ere Azpeitiko zein Zestoako parajeez gozatu ahal izango dute mendizaleek, besteak beste, Aizarna, Santa Engrazia eta Sañoa zeharkatuko baitituzte. 

Hilaren 8an, autobusez joango dira lehendabizi Zestoara, han ibilaldiari hasteko. Horretarako, 07:50eko autobusa hartuko dute liburutegiaren ondoko geralekuan, eta behin Zestoara iritsita, Aizarnarako bidea hartuko dute. Handik Santa Engrazira joango dira, eta segidan, Sañoa mendirako bidea hartuko dute. Azpeitira jaitsiko dira handik, eta han amaituko dute hamabost kilometro eta erdiko ibilbidea. Guztira, 800 metroko desnibel positiboa izango du txangoak, eta antolatzaileek azaldu dute bost orduko mendi buelta izango dela. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide