PI L.T., Silitia eta Ramona's First Evil Boyfriend taldeek girotuko dute abenduaren 13an Elkargunea

Andoni Elduaien 2025eko urriaren 28a

PI L.T. musika taldekoak, kontzertu batean. (Eider Iturriaga-Izarbe Photo)

Hiru musika talde horien kontzertuak izango dira abenduaren 13an, larunbatez, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Entzun kultur elkarteak antolatu ditu emanaldiak, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude Entradium atarian; 15,5 euro balio dute sarrerek.

PI L.T., Silitia eta Ramona's First Evil Boyfriend musika taldeek Azkoitian joko dute abenduaren 13an, larunbatez, 20:00etan hasita; Elkarguneko Herriko Plaza aretoan izango dira hiru taldeen kontzertuak. Entzun kultur elkarteak antolatu ditu emanaldiak, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. 

PI L.T. taldeak Balak Airean birako emanaldia eskainiko du. Rafa Ruedak, Aitor Abiok, David Gonzalezek eta Jose Manuel Sampedro Xanpe-k osatutako Mungiako (Bizkaia) laukoteak iaz kaleratu zuen biraren izen bera daraman lana, Game over bere azken diskoa argitaratu eta bi hamarkada geroago. Sei abesti biltzen ditu taldearen azken lanak, eta indarra, melodia, sendotasuna, eklektikotasuna eta jakin-mina uztartzen dituzte doinuek. Testuetan, berriz, gaur egungo gizarteari eta bizimoduari heldu diote.

Silitia musika taldeak ere joko du Azkoitian. Ibai Silicatok eta Xabier Barrutiak eratu zuten musika taldea, baina Dani Artetxe eta Adri Lorenzo batu ziren taldera gero. Punk, funky, elektro, eta euskal-rock giroko abestiak egiten ditu taldeak, baina Silitiarena proiektu poliedrikoa da, estilo askotako doinuak nahasten baitituzte haiek. Gainera, guztia iragazki esperimental eta ironiko batetik pasatu ohi dute musikariek, eta batzuetan, abestiek traza komikoa hartu ohi dute, besteetan diskoteketakoak dirudite, eta beste batzuetan, post-punk giroko baladak.

Azkenik etxeko talde bat igoko da Elkarguneko oholtzara: Ramona's First Evil Boyfriend. Bi urteko etena eta gero, duela aste gutxi itzuli ziren agertokietara dream pop eta folk doinuak uztartzen dituen herriko musika taldea. Josemari Unanuek eta Andrea Pozok osatutako taldeari Julen Hidalgo bateria jotzailea eta Josue Martiez baxu jotzailea batu zaizkio orain. 

Bi disko dituzte haiek kaleratuta, baina duela gutxi jakinarazi zuten apirilean Zarauzko Azkue Soinua estudioan hirugarren lana grabatzen aritu zirela. Nahiz eta oraindik ez duten diskoa kaleratu, proiektu berri horretarako abestiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez sortu dituzte, hizkuntza sorkuntzarako tresna gisa erabiliz. Ez dute diskoaz gauza asko aurreratu, baina, bai zerbait: Azkoitian edota Azkoitia bezalako herri txiki batean bizitzea zer den azaldu dute euskarazko kantetan. Oro har, gorria eta beltza bezalako koloreen estetikatik natura gogorarazten duten koloreetara igaroko da Ramona's First Evil Boyfriend taldea disko berrian.

Sarrerak, salgai

Hiru kontzertuak bertatik bertara jarraitu nahi dituztenek sarrerak eskuratu beharko dituzte aurrez. Dagoeneko salgai daude horiek, Entradium atarian, eta 15,5 euroko balio du sarrerak orokorrak. Honako lotura honetan eros daitezke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide