Euskara, bertsolaritza eta feminismoa ardatz dituen hitzaldia eskainiko dute gaur Enbeitak eta Peritzek

Andoni Elduaien 2025ko urr. 29a, 08:00

Aner Peritz bertso saio batean. (Bertsozale elkartea)

Bi bertsolariek elkarrekin eskainiko dute hitzaldia Elkarguneko Intsausti aretoan. 18:00etan hasiko da hitzordua. Enbeitaren eta Peritzen solasaldiarekin itxiko du Maxixatzen Euskaldundon Elkarteak Euskola zikloa. 

Onintza Enbeita eta Aner Peritz bertsolariek hitzaldia eskainiko dute gaur, asteazkena, Azkoitian. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi zikloaren barruko laugarren eta azken hitzordua izango da gaurkoa, eta bikoteak euskara, bertsolaritza eta feminismoa izango ditu hizpide, Deserosotasunak kudeatzen izenburupean egingo duten hitzaldian. Elkarguneko Intsausti aretoan eskainiko dute hitzaldia, 18:00etan hasita.

Bertsolaritzako bi erreferente horien solasaldiarekin itxiko du herriko euskara elkarteak Euskola zikloa. Lehen hitzaldia urriaren 8an eskaini zuten Olatz Perez de Viñaspek eta Xabier Arregik; adimen artifizialak euskararengan izan dezakeen eragina izan zuten hizpide, Olatz Arregik gidatutako hitzorduan. Hilaren 15ean, berriz, Maddi Dorronsoro izan zen gonbidatua, eta hark arnasguneetako errealitateaz jardun zuen solasean. Joan den asteazkenean, berriz, Gari Goikoetxeak Iñaki Iurrebasorekin batera kaleratu duen Esnatu ala hil liburua aurkeztu zuen.

Peritzekin batera Enbeita ariko da solasean. (Bertsozale elkartea)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide