Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak zabalik du aurtengo Orbel Jokoetarako izen emate epea. Hasiera batean bihar, asteazkena, arteko epea zuen elkarteak izena emateko, baina, epea luzatuta, herritarrek ostiralera arte izango dute orain aukera. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, honako galdetegi hau bete beharko dute.
Urtero bezala, euskara nahiz euskal kultura sustatzeko eta "herritarrek ondo pasatzeko" asmoz antolatu ditu Maxixatzenek Orbel Jokoak, haiek hizkuntzarekin eta kulturarekin lotutako kontuetan parte har dezaten nahiz jolasean elkar hobeto ezagut daitezen.
Lehiaketaren ohiko bideari eutsiko dio beste urte batez herriko euskara elkarteak, baina bada berrikuntzarik; lehiakide kopuruari lotutako aldaketa bat proposatu du Maxixatzenek. Orain arte nahitaez hiru laguneko taldeak osatu behar baziren ere, aurrerantzean bi edo hiru kidek osatutako taldeak eratu ahal izango dira.
Lau asteko lehiaketa
Lau astez ariko dira herritarrak hitzarekin, eta oro har, euskararekin jolasean. Aurreneko hiru asteetan elkarteak proposatutako galderei erantzun beharko diete lehiakideek. Lehenengo asteko galderak datorren astelehenean, azaroak 3, zabalduko dituzte, eta lehiakideek azaroaren 9rako erantzun beharko dituzte; bigarren asteko galderak, berriz, azaroaren 10ean publikatuko dituzte, eta parte hartzaileek hilaren 16ra bitartean izango dute erantzuteko aukera; azkenik, hirugarren asteko galderak hilaren 17an zabalduko dituzte, eta hilaren 23ra erantzun beharko dira.
Hiru aste horietako galderetan puntu gehien batutako hiru taldek lortuko dute final nagusira sailkatzea. Finala azaroaren 28an, ostiralez, egingo dute, 17:30ean, Elkarguneko Intsausti aretoan. Talde irabazleak 300 euro jasoko ditu, eta bigarren zein hirugarren postuetan sailkatzen direnek 180 euro eta 120 euro, hurrenez hurren.