Atzo arratsaldean zabaldu zuen ISBk aurtengo Garagardo Azoka. Azpeitiko Azoka Plazan muntatu dute azpiegitura, eta atzo arratsaldeaz geroztik, dozenaka lagun joan ziren hara, jan-edanaz gozatzera.
20:30 aldean zabaldu zituen garagardo iturriak David Rodriguez entrenatzaileak. Hain zuzen ere, ISBn entrenatzaile lanetan hogei urte daramatzan donostiarra aukeratu zuen klubak zeregin horretarako. Jose Luis Zubizarreta Xubik oroigarri bat ere eman zion, hura izan baitzen duela bi hamarkada Rodriguez Iraurgira erakarri zuen pertsonetako bat.
Irekiera ekitaldia hasterako, baina, hainbat boluntario aritu ziren askotariko jakiak prestatzen, eta behin azoka irekita, apurka-apurka, betetzen joan zen Azoka Plaza. Gainera, Juanjo Lapeiraren eskutik, 1980ko hamarkadako musika entzun ahal izan zuten hara joandakoek atzo gauean.
Gaur berriro
Atzokoa hasiera baino ez zen izan. Izan ere, gaur ere zabalik izango da Garagardo Azoka, eguerditik gainera. Bazkariak eskainiko dituzte Azoka Plazan 14:00etatik aurrera, eta 20:00etara bitartean, bi garagardo baten prezioan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek. Gero, afaritarako txanda izango da, eta segidan, Kanpax DJa arduratuko da giroa alaitzeaz.
Datorren asteburuan ere irekiko dute Garagardo Azoka. Hain zuzen ere, ostiralean eta zapatuan egongo da garagardoa, eta besteak beste, saltxitxak eta ukondoa, dastatzeko aukera. Gainera, ostiralean Izer eta Alabier eta zapatuan Maikiño DJak emanaldiak eskainiko dituzte.
Hona hemen Garagardo Azokako datozen egunetarako egitaraua:
Urriak 25, zapatua
- 13:00. Kanpoko barraren irekiera.
- 14:00. Bazkariak.
- 14:00-20:00. Garagardoak 2x1.
- 20:00. Afariak.
- 23:00. DJ Kanpax.
- 02:00. Itxiera.
Urriak 31, ostirala
- 18:00. Kanpoko barraren irekiera eta pintxo poteoa.
- 20:00. Afariak.
- 22:30. Izer eta Alabier.
- 02:00. Itxiera ordua.
Azaroak 1, larunbata
- 13:00. Kanpoko barraren irekiera.
- 14:00-17:00. Bazkariak.
- 14:00-20:00. Garagardoak 2x1.
- 20:00. Afariak.
- 23:00. DJ Maikiño.
- 02:00. Itxiera.