Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketa antolatu laugarren aldiz. Lehiaketa 10 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta euskararen arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzeko eta arnasgune horietako nerabeei hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du.
Hortaz, arnasgune diren udalerrietako 10 eta 16 urte arteko gaztetxoek dute lehiaketan parte hartzeko aukera, adinaren araberako hiru kategoriatan banatuta, eta banaka edo lagunartean egin dezakete bideosormena. Gazteek urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak arnasagara.eus webgunean.
Parte hartzaileek euskarari lotutako istorioak kontatu beharko dituzte bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, kategoria bakoitzean eskatutako erronkari erantzunez. Hala, LH 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte. Bestetik, DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak Arnasgune batean sartzeko casting batera aurkeztuko dira eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute, haien herria uztekotan, zer izango luketen faltan.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutzen duten Arnasetik lehiaketak lau sari banatuko ditu; maila bakoitzeko bana eta publikoaren saria. Sari bakoitza 500 euroko opari-bonua da, eta honako hauetan gastatu ahal izango dira: IrisarriLanden, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean, Gure Zirkuan eta ikas-bidaian.
Lehiaketaren sari banaketa Leitzako (Nafarroa) Herri Aretoan izango da, azaroaren 27an.