Nafarroako produktuekin osatutako saskiak eskatzeko epea zabaldu du dagoeneko Errigorak. Azken urteetan bezala, hiru saski prestatu dituzte: saski beltza 60 eurotan erosi ahalko da, saski berdea 65 eurotan, eta gorria 75 eurotan, eta horiek eskatzeko epea azaroaren 13ra artekoa izango da. Internetez errigora.eus webgunearen bidez eska daitezke saskiak, edota bestela, kanpainako esku orriak dakarren inprimakia bete eta herrietako arduradunari emanda.
Hona hemen saski bakoitzak izango dituen produktuak zehaztuta:
Saski beltza (60 €): olioa, piperrak, ilarrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza eta patxaran mantekatuak.
Eko saski berdea (65 €): piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, teilak, sagar zukua, txokopipitak, ozpina eta ardo beltza erdi-ondua.
Saski gorria (75 €): Ardo beltza (18 hil barrikan), ardo zuria, olioa, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molinerito-ak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi gazta.
'Euskarari puzka'
Urtero bezala, saldutako saskien balioaren %25 Nafarroa erdi eta hegoaldeko (Agerreko) euskalgintzara bideratuko da. Izan ere, euskarari bultzada eman nahi dio Errigorak, eta horretarako ezinbestekoak dira Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileak (AEK, Sortzen, ikastolak eta Agerraldia) eta udazkeneko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren barruko saskiak erostea.
"Zuhaitz bat balira bezala, hizkuntza sustraitzeko lanetan ari dira, baina baita bertako euskaldunek arnasa har dezaten aire kutsatua garbi bilakatzen ere. Udaberriro-udaberriro loratzen dira, hizkuntza ez dadin zimeldu. Zuhaitzak lanean jarrai dezan, ezinbestekoak garenak gainontzeko lurraldeetako euskaltzaleok gara. Haize eta euriaren kontra jarduten duten horiei goxotasuna eta maitasuna bidaltzeko aukera dugu Euskarari puzka kanpainaren bidez", azaldu dute Errigorako arduradunek, eta herritarrak animatu dituzte saskiak erostera.
Saskiak jasotzeko
Azkoitian. Berdura Plazan, azaroaren 27an, 18:00etatik 20:00etara, eta 28an, 11:00etatik 13:00etara.