Nola hartu zenuen ISBk Garagardo Azokaren irekieran zuri omenaldia egiteko hartutako erabakia?
Iraurgik Soreasu antzokian taldeen aurkezpena egin zuen egunean esan zidaten omenaldia egingo zidatela. Taldeak antolatzen ari ginen, banan-banan aurkezpenak egin ahal izateko, eta klubeko ordezkari batek niretzat proposamen bat zutela esan zidan. Esan nien nik ez nuela halakorik merezi, uzteko ideia alde batera, baina oso erraz konbentzitzen duten pertsona horietakoa naiz, eta halaxe egin zuten. Egia esan, oso-oso eskertuta nago, nahiz eta halakorik ez dudala merezi pentsatzen segitzen dudan; oso lotsatia naiz halakoetarako.
Urteotan egin duzun lana eskertu nahi dizu klubak keinu horrekin. Noiz hasi zinen Azpeiti-Azkoitiko taldean eta nolatan?
Hasi berri dena ISBn egingo dudan hogeigarren denboraldia dut. Lolo Encinasek, ISBko gizonen lehen taldeko entrenatzaile zenean, bere laguntzailea izan nahi al nuen galdetu zidan, baina orduan konpromisoa nuen beste talde batekin, eta ezetz esan nion behin baino gehiagotan. Halako batean baietz esan nion, eta ISBko gizonen lehen taldeko bigarren entrenatzaile lanetan hasi nintzen, taldea EBA Ligan zela.
Lolo Encinasen bidez iritsi zinen, beraz, Azpeitira.
Bai, Lolok fitxatu ninduen, beno eta [Jose Luis Zubizarreta] Xubik. Lehenagotik ere ezagutzen ginen, saskibaloiaren munduak denok ezagutzen dugulako elkar. Lolorekin lehenago ere aritutakoa nintzen beste klub batzuetan, eta hura izan zen ISBren abenturan murgildu ninduena.
Zer eman dizu ISBk hogei urteotan?
Esaerak dioen moduan, garrantzitsuak ez diren gauzen artean garrantzitsuena da saskibaloia, eta niri gauza asko eman dizkit. Gustukoa dudan horretan, entrenatzen, aritzeko aukera eman dit niri. Zoragarri pasatzen dut horretan, eta orain dela hogei urte hasitako bidean segitzen dut, oso gustura nagoelako. Jende zoragarria ezagutu dut, lagunak egin ditut, oso ondo pasatu dut, atsekabetuta ere sentitu naiz... Atsekabea sentitu dut axola zaizkidan gauzengatik, gauza guztiak ondo egitea nahi dudalako. Saskibaloiaz gozatzeko aukera daukat, eta hori izugarria da niretzat.
Zein izan da hainbeste urtez Donostia eta Azpeitia artean ibiltzen segitzeko gakoa?
Askotan esaten didate donostiarra izanik zer egiten dudan Azpeiti-Azkoitiko klubeak. Eta argi daukat: ISBn oso gustura nago, beste edozein lekutan baino gusturago.
Gaur egun zer kargu duzu Iraurgin?
Hasi berri den denboraldian gizonen bigarren taldea ari naiz gidatzen, Disdira ISB taldea, Espainiako Lehen Mailan dena. Horrez gain, infantil mailako mutilen beste talde bateko entrenatzailea ere banaiz, Ibon Guridirekin batera. Bestalde, Iraurgiren Kirol Mahaiko kidea naiz, eta mahai horren funtsa da entrenatzaileei-eta gauzak hobeto egiten laguntzea, talde, jokalari nahiz entrenatzaile hobeak izatea lortzeko. Helburua da Iraurgi hobetzen laguntzea.