Iker Epelde eta Amaia Aizpuru gomazko palista azkoitiarrek final bana jokatuko dute bihar, zapatua. Aizpururen txanda izango da aurrena; hark Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko du 11:00etan hasiko den jaialdian, Debako (Gipuzkoa) Aldats pilotalekuan.
Emakumeen bigarren mailako gomazko paletako binakako finala lehiatuko du Iruleak Emakume Pilotariak taldeko palista azkoitiarrak Maite Mugartegirekin batera. Bikote horrek Behar Zana klubeko Araitz eta Haizea Aldazabal izango dituzte aurkari.
Lau jardunalditan hiru garaipena eta porrot bat bildu dituzte Aizpuruk eta Mugartegik. Hain justu, lehen jardunaldian jokatu zuten finaleko bi bikoteek elkarren aurka, eta orduan 30-17 irabazi zuen Iruleako taldeko bikoteak.
Azkoitiko Oteiza pilota kirol elkarteko Epeldek, bestalde, Irun Hiria txapelketa du begiz jota. Hark Astigarragako (Gipuzkoa) Pagazpe elkarteko Urdangarinekin osatu du bikotea Irungo (Gipuzkoa) txapelketan, eta bihar, Zarautz elkarteko Loidi eta Dagerre izango dituzte arerio. 17:00etan hasiko da biharko jaialdia, eta Epeldek bigarren partidan borrokatuko du txapelagatik.