'Los domingos' filma eta 'Go!azen' telesaila emango dituzte datozen egunetan Baztartxon

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 5a

'Los domingos' filmaren irudietako bat. (Filmaffinity)

Zapatuan, igandean eta astelehenean eskainiko dute 'Los domingos' filma, eta igandean, betiko orduan, haurrentzako 'Go!azen' telesailaren denboraldi berriko lehen atala emango dute primizian.

Baztartxo antzokiak hiru egunez irekiko ditu ateak datozen egunetan: zapatuan, igandean eta astelehenean. Helduentzako Los domingos filma hiru egunetan emango dute, zapatuko eta igandeko 19:30ean eta asteleheneko 20:00etan, alegia. Igande arratsaldean, berriz, haurrei zuzendutako Go!azen telesailaren denboraldi berriko lehen atala emango dute, 17:00etan.

Los domingos filmak Ainararen bizitza zein den erakutsiko du. Protagonista 17 urteko gazte idealista eta bikaina da, eta hark unibertsitateko zein karrera ikasiko duen erabaki beharko du lehenbailehen; edo, behintzat, hori espero du bere familiak. Ezustean, ordea, Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela esango du Ainarak, eta klausurako mojaren bizitza egin edo ez hausnartzen hasiko da. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa.

ETB1eko Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiaren atarian, sasoi berriko aurreneko atala primizian emango dute haurrentzat. Sasoi berrian ere telesailak denetariko osagaiak izango ditu: abenturak, misterioa, gaztaroko maitasuna, komedia, drama... Ohi bezala, egungo eta betiko euskal taldeen zein abeslarien kanten moldaketak entzun ahal izango dira.

Go!azen telesailaren estreinaldiko atala ikusteko sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak aurrez hartu beharko dira Entradium atarian eskatuta. Honako lotura honetan eskuratu daitezke gonbidapenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide